Ezker abertzaleak dio Nafarroak «kateak hausteko unea» dela

Aldaketa politikoa eta soziala «posible» dela adierazi, eta indarrak biltzeko eskatu du, aukera hori gerta dadin

Erredakzioa
Iruñea
2012ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
«Nafarroak Espainiarekin eta eskuinarekin kateak hausteko unea» heldu dela esan du ezker abertzaleak, Foru Hobekuntzak eman duenari buruzko balorazioa egiteko orduan. Hogeita hamar urte bete da Nafarroako Foru Hobekuntza indarrean sartu zela, eta, ezker abertzalearen ustez, Foru Hobekuntza horixe da Nafarroa «Espainiari eta miseriara garamatzan oligarkiari» lotzen duen «katea».

Ezker abertzaleko ordezkari Pernando Barrenak eta Txelui Morenok adierazi dutenez, «demokratikoak ez diren oinarriak» ditu Foru Hobekuntzak: «Bazterketan oinarritua» eta herritarren berrespenik gabe egin da. Foru Hobekuntzaren balorazioa egiteko agerraldian,ezker abertzaleko hogei bat ordezkari agertu ziren Morenorekin eta Barrenarekin batera.

Foru Hobekuntza «bazterketaren bidez» eta herritarren berrespenik gabe onartu izanak ondorio argiak izan ditu ezker abertzalearen irudiko: «Oinarri horiekin ez da harritzekoa azken 30 urteotan Nafarroa eskuinaren, botere ekonomikoen eta sektore espainiar erreakzionarioenen cortijo partikularra izatea», esan dute.

Foru Hobekuntza Nafarroa «asimilatzeko» egin zela uste du ezker abertzaleak, baina ahalegin horrek «huts egin» duela: «Ez du gehiagorako ematen» argitu dute. Areago: «Nafarroa, gainontzeko Euskal Herria bezala, bere trantsizio demokratikoaren atarian dago», adierazi du Barrenak. «Milaka nafarren bultzadari esker, Nafarroan aldaketa politiko eta sozialaren hazia ereitea lortu da».

Orain, beste esparru politiko bat behar dela uste du ezker abertzaleak. Eta horren zutoinak ezin direla «bazterketa eta herritarren berrespen eza» izan ohartarazi du; «oinarriak demokratikoak izan behar dute». Hortaz, etorkizunera begirako eztabaidan «denek» egon behar dutela eta herritarren parte hartzea ziurtatu behar dela azaldu du.

«Foru Hobekuntzak ezin die nafarren eskakizun eta beharrei erantzun», esan du ezker abertzaleak. «Subiranotasun politikoa eta ekonomikoa behar dugu gure etorkizuna erabakitzeko, Euskal Herriko beste herrialdeekin izan nahi dugun harremana erabakitzeko».

Beraz, Nafarroa bere etorkizunaren jabe izatea helburu hartuta, «prozesu politiko eta soziala» hasi behar dela uste du ezker abertzaleak. «Posible da, gehiengo berriak hazten ari dira eta unea iritsi da Nafarroak Espainiarekin eta kapitalarekin dituen kateak hausteko». Hortaz, aldaketa politiko eta soziala lortzeko, indarrak batzera deitu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.