'bateragune auzia'

Ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek, Alternatibak eta LABek larunbatean manifestatzera deitu dute

Bihar lekukoen txanda izango da Auzitegi Nazionalean: Joxe Mari Olarra, Floren Aoiz, Pello Urizar, Jose Elorrieta, Ainhoa Etxaide edota Unai Sordo mintzatuko dira. Gaur poliziak aritu dira deklaratzen; lehengo aktak berretsi dituzte. Ares: "Otegiren adierazpenak oso egokiak izango ziren duela urte batzuk".

2011ko ekainaren 29a
20:12
Entzun

Ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek eta Alternatibak larunbatean Bateragune auziaren aurka manifestatzera deitu dute.  Eleak mugimendua Donostian burutzen ari den protestan egin dute iragarpena Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordeak eta Miren Legorburu ezker abertzaleko kideak. LABek ere bat egin du deiarekin.

Manifestazioa 17:30ean abiatuko da, Antiguako tuneletik.

Epaiketan gaur hainbat polizik dekalaratu du, eta bihartik aurrera lekukoen txanda izango da. Tasio Erkizia, Adolfo Araiz, Jokin Etxeberria, Joxe Mari Olarra edota Floren Aoiz ezker abertzaleko kideak, Pello Urizar, Unai Ziarreta eta Rafa Larreina EAko kideak, Teresa Toda kazetaria, Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusia, Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusi izandakoa, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia, Jesus Uzkudun EAEko CCOOko kidea edota Unai Sordo EAEko UGTko idazkari nagusia.

Ibon Arbulu, Jose Francisco Gomez, Santi Orue, Joxean Agirre eta Adolfo Araitzen txanda izango da bihar, egitarauaren arabera. Aurretik hamar polizia mintzatuko dira, 10:00etatik aurrera.

Gaur poliziak aritu dira deklaratzen, eta lehendik sinatutako aktak berretsi dituzte —12:30ean bukatu da gaurko saioa—. 2009ko urriaren 13an izan zen operazioa.

Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, Sonia Jacinto, Amaia Esnal, Txelui Moreno eta Mañel Serra ezker abertzaleko kideak ari dira epaitzen astelehenetik, Batasuneko Mahai Nazionala berriz ere osatzeko lanetan aritzea leporatuta. Fiskalak hamarna urteko kartzela zigorra eskatzen du.

Auzipetuek lehen bi egunetako deklarazioetan hankaz gora jarri zuten akusazioa, eta bide politikoen aldeko apustua egin zutela azpimarratu zuten. Guztiek ukatu dute Bateragunekoak zirela.

Atzo Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kideak esan zuen euren eztabaidak "estrategia politiko-militarra haustea esan nahi" zuela.

Ares: "Otegiren adierazpenak oso egokiak izango ziren duela urte batzuk"

Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuaren ustez, Otegik astelehenean epaiketan egindako adierazpenak "oso egokiak izango ziren duela urte batzuk" egin izan balitu. Ezker abertzaleak ETAren desagerpena eskatu beharra du, Aresek esan duenez. "Hori da mundu horren erronka".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.