Aurreko astean ezker abertzaleak EAri eta Aralarri Nafarroan 2011ko hauteskundeetan elkarrekin aurkeztea eskaini ondoren, Shanti Kiroga eta Marine Pueyo ezker abertzaleko ordezkariek gaur esan dute euren asmoa ez zela NaBai koalizioa haustea eta ez dutela baztertzen han sartzea. Horretarako, ordea, hauteskunde programaren edukiez hitz egin beharko luketela zehaztu dute, eta hori dela garrantzitsuena, "ezker abertzaleak malgutasunez joka dezakeelako".
EA, Aralar edo beste sektore batzuk eduki horietaz hitz egitearen aurka ez direla agertu nabarmendu dute, eta aurki horretan jarriko direla akordio batera iritsi ahal izateko; akordio horretan hauteskundetara nola aurkeztu ere hitz egin beharko luketela gaineratu du, "logikoki". Edozein modutara, Pueyok esan du Nafarroak une honetan bizi duen une politikoa ezker abertzalea NaBain sartu edo ez baino haratago doala. "Eztabaida hori baino serioagoa da, hori baino sakonagoa", adieazi du, eta "UPN, PP eta PSNk bultzatzen duten Nafarroa eskuindar eta espainiarraren aurrean" alternatiba aurkeztea dela garrantzitsuena. Batzeak duen garrantziaz hautesleak jabetzeko ezker abertzaleak ahalegina bikoiztu behar duela ere esan du.
Aralar, EAJ eta independenteak ostegunean mintzatu ziren aukeraz
Aralarrek ezker abertzaleri lehengo ostegunean erantzun zion NaBain sartu nahi badu koalizioko "oinarri politikoak, programatikoak eta organizatiboak sinatzeko". Oinarri horietan Txentxo Jimenez Nafarroako Aralarren koordinatzailearen arabera, besteak beste, "helburu politikoko indarkeriaren erabilera erabat deitoratzen da, edozein ekintza armatu gaitzetsi egiten da eta ETAri eskatzen zaio borroka armatua behin betiko eteteko, eta biktimak aitortzen dira".
Iñigo Urkullu EAJko EEBko lehendakariak ostegunean bertan zioen Nafarroa Baik bere baitan hartzen badu ezker abertzalea, EAJk koalizioa utzi egingo duela. Izan ere, haren ustez, "Batasunak jan" egingo lituzke NaBaiko beste alderdiak barruan balego.
NaBaiko independenteen "talde garrantzitsu bat" ere mintzatu zen gaiaz ostegunean. "Batasuna" koalizioan sartzearen aurka azaldu ziren, Uxue Barkos Espainiako parlamentari eta Iruñeko zinegotziak esan zuenez. Haien arabera, ezker abertzaleak ez ditu NaBaiko oinarri politikoak betetzen.
POLITIKA
Ezker abertzaleak ez du baztertzen NaBain sartzea
Erabaki bat hartu baino lehen hauteskunde programaz hitz egin beharko litzatekeela esan dute Shanti Kirogak eta Marine Pueyok, eta ezker abertzaleak "malgutasunez" joka dezakeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu