Ezker abertzaleak ez du tokirik Nafarroa Bain, Urkulluren ustez

EAJren buruzagiak dio ezker abertzaleak ez duela bat egiten koalizioaren oinarriekin, eta «bere bidea» egin beharko duelaEusko Alkartasunari eskatu dio Nafarroako eta EAEko estrategiak ez nahasteko

Iñigo Urkulllu EAJren EBBko presidentea, Iruñeko Baluarte jauregian atzo eginiko ekitaldian. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
2010eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Nafarroan subjektu politiko berri osatzeko igandean ezker abertzaleak EAri eta Aralarri eginiko proposamenaren atzean NaBai ezegonkortzeko asmoa dago, Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidentearen arabera. Ezker abertzaleak Nafarroa Bain «sartu»nahi duela dio buruzagi jeltzaleak; hala ere, uste du indar politiko horrek koalizioan ez lukeela tokirik izango. «Kuriosoa izango litzateke NaBairen oinarriekin bat egin gabe ezker abertzaleak NaBain sartu nahi izatea». Horren harira, buruzagi jeltzaleak esan du EAJk ez duela onartuko NaBai «alderdi batzuen interesetarako» erabiltzea. «Bere bidea egin behar du Batasunak».

EArentzat ere izan du mezua Urkulluk. Uste du Aralarrek ez bezala, EAk ez diola erantzun argirik eman ezker abertzaleak eginiko proposamenari. Eta alderdi horri eskatu dio NaBairi buruz duen jarrera argitzeko. «Aralarren, EAJren eta independenteen artean oinarri sendo bat dago, baina badago koalizioko kide den beste alderdi bat jarrera argitu behar duena eta erabaki behar duena». Urkulluren arabera, Nafarroarako eta Euskal Autonomia Erkidegorako estrategiak nahasten ditu EAk, ezker abertzalearekin duen akordio estrategikoa dela eta. «Ez du balio EAEn polo subiranista bat osatu nahi izatea, eta hori Nafarroara eraman nahi izatea».

NaBaiko zerrendaburuaren inguruan sortutako eztabaidari buruz ere eman du iritzia. Independenteek Uxue Barkos Espainiako Kongresuko diputatuaren izena mahai gainean jarri badute ere, Patxi Zabaleta Aralarreko idazkaria nagusiaren alde azaldu da. «Gaur egun NaBain alderdi bakoitzak duen indarra hartu behar da kontuan».

Urkulluk kazetariei egin zizkien adierazpenok atzo, EAJren Napar Buru Batzarreko presidente Jose Angel Agirrebengoa alboan zuela. EAJren EBBko presidenteak argitu du, hain zuzen ere, aste honetan NaBairen barnean sortu den eztabaidaren inguruan EAJren jarrera zein den. Agirrebengoak, berriz, hitz batzuk egin zituen. Nafarroako EAJk NaBairen alde «guztia» emango duela eta ez duela inorentzako «txeke zuririk» onartuko adierazi zuen.

Think Gaur EAJren proiektu estrategikoa azaltzeko, ekitaldia egin zuten jeltzaleek Iruñeko Baluarten. Urkulluk NaBairen aldeko diskurtso sutsua egin zuen. Ekitaldira gonbidatutakoen artean zeuden Txentxo Jimenez Aralarren Nafarroako koordinatzailea eta NaBaiko hainbat independente.

Urkulluren aburuz, Nafarroako politikagintza hiru erpinetan banatuta dago, eta hor NaBai da UPNri eta PSNri aurre egin diezaiokeen indar politiko bakarra. «NaBai ez da inoren aurka egiteko sortu, ezta inork bere mesederako erabil dezan ere. Nafarrek Nafarroarentzat sorturiko proiektu abertzalea da. Giza eskubide guztien aldeko errespetua, pluraltasuna eta indarkeria mota ororen aurkako jarrera dira bere oinarriak», azaldu du.

Datorren urteko udal eta foru hauteskundeen ondoren sor daitezkeen jokalekuen inguruan, berriz, esan du «aldaketarako aukerak baliatu» behar direla, bai Nafarroan bai Euskal Autonomia Erkidegoan. «Garai berri bat, harreman berri bat eta etorkizun berri bat eskatzen ari da herria».

Duela hiru urteko bozetan gertaturikoa gogorarazi du Urkulluk. Orduan, PSNk UPNri «amore eman» eta aldaketarako ateak itxi zituela salatu du. Bi urte geroago, hitzarmen hori Eusko Legebiltzarrera eraman zutela gogorarazi du; kasu honetan, PSE-EEk, PPk lagunduta. Eta, datorren urteko hauteskundeei begira, alderdi horiek «burdinazko itun» hori errepikatuko dutelakoan dago Urkullu. «Espainiako ezkerrek eta eskuin monarkikoek bat egiten dute euskal herritarrak askatasunaren alde altxatzen direnean», esan zuen EAJren buruzagiak, Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren hitzak gogoraraziz.

Gertaera horiek salatu baditu ere, Urkulluk nabarmendu du Nafarroaren kasuan horrek handitu egin duela NaBairen aldeko babesa. «Eta orain zer aurkituko dute? Herritarren erantzun bera, zuzenduta eta gehituta», adierazi du.

Lege zaharra eta lege berria

Francisco Franco Espainiako diktadorea hil zela atzo 35 urte zirela ere gogorarazi zuen Urkulluk atzoko ekitaldian, eta hura «garai berri baten hasiera» izan zela nabarmendu zuen. «Gaur, berriz, indarkeriak inor hil ez dezan amesten dugu, exijitzen dugu. Hor dugu garai berri baterako aukera, ETArik gabeko Euskadi, gure herriaren ametsa».

Etorkizunera begira, halaber, Urkulluk esan zuen Nafarroa izango dela euskal politikagintzaren gakoa. «Nafarroa da lege zaharraren sena, baita geroa ere, lege berriaren hazia. Ez dago gure proiektuan Nafarroarik gabeko etorkizunik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.