Ezker abertzaleak herritarren ekarpenekin landu du herri programa

Bezaresek eta Barrusok diotenez, udalak «demokratizatzeko» da bozetarako programa politikoa

Aitor Bezares, otsailaren 26ko irudian, Arabako 'Herri Programa 2011'-ren aurkezpenean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2011ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Maiatzeko udal eta foru hauteskundeei begira atsedenik gabe ari da lanean ezker abertzalea. Udalak eta Batzar Nagusiak herritarrengandik gertuen dauden erakundeak izaki, ezker abertzalearentzat berebiziko garrantzia daukate bi erakunde horietan presentzia izateak. Horretarako, herriprograma bat egin du. Zure ahotsa, gure hitza goiburua hartuta, herritarren ekarpenak, iradokizunak eta proposamenak bildu ostean prestatu du hauteskundeetarako programa politikoa. Aitor Bezaresek eta Agurne Barrusok ziurtatu dutenez, datozen hauteskundeetarako landutako herri programa «inoizkosendoena» da.

Bezaresek eta Barrusok azpimarratu dute ezker abertzalearentzat ezinbestekoa dela herri programaren prestaketan herritarrek parte hartzea. Azken hilabeteotan zeregin horretan buru-belarri aritu da ezker abertzalea, eta herri, auzo, plaza, bazter eta txoko guztietara jo du jendearen kezkak entzun eta proposameak jasotzera. «Herriak eta herritarrak entzun nahi izan ditugu, eta hala egin dugu». Jakinarazi dutenez, inoizko inkesta banaketa «masiboena» egin dute, milioitik gora inkesta banatu eta herritarrei galdera zuzenak egin baitizkiete. Inkestak ez ezik, eskuorriak, kaleko presentzia eta Internetek eskaintzen dituen baliabideak ere erabili dituzte jendearengana iristeko eta herri programa aberasteko.«Demokrazia parte hartzailean» sinesten dutelako jo dute herritarrengana.

Jasotako iritzi eta ekarpenetatik ondorioztatu dute herritarrek gero eta urrunago ikusten dituztela politikariak: «Udaletan ustelkeria zabalduta dago, nagusikeriaz kudeatzen da eta erabakiak herritarrei bizkar emanda hartzen dira». Ezker abertzaleak irauli egin nahi du joera hori, etaherritarren ekarpenekin egindako herri programarekin udalak «demokratizatu» nahi ditu. EAJ, PSE eta UPN-PPk defenditzen eta bultzatzen duten ereduaren «alternatiba» eskaini nahi dutela nabarmendu dute ezker abertzaleko kideek.

Demokrazia parte hartzailea oinarri izaki, euskararen normalizazioa, emakumeen parekidetasuna, etxebizitza duina izateko eskubidea, lurralde antolaketa orekatua eta ingurumenarekiko errespetuan oinarritutako kudeaketa eredua bultzatuko ditu ezker abertzaleak. «Etorkizunari begirako ezker abertzalearen proiektu politikoa da herri programa». Horren ildotik, Bezaresek esan du seguru dagoela hauteskundeetan parte hartuko dutela, marka propioarekin.

«Legea betetzen du»

Txelui Moreno ezker abertzaleko ordezkariak, bestalde, Sortuk legea betetzen duela eta legezkoa izan behar duela adierazi du Info 7 irratian.

Azken egunotan PSEko hainbat buruzagik —Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria barne— Sorturen legeztatzearen alde egindako adierazpenak kontuan hartuta, Morenok uste du Euskal Herrian legeztatzearen aldeko «gehiengo zabal eztabaidaezina» dagoela. «Hautesleek zer esango duten beldur direnek baino ez dute nahi ilegalizazioa, PPkoek».

Nolanahi ere, Espainiako Estatuaren jarrerari ulertezin iritzi dio ezker abertzaleko ordezkariak, Sorturi legezko izateko baldintza bat bestearen atzetik jartzen ari zaiolako: «Arrisku jauzia egiteko eskatuko digute, eta egin ahala, arrisku jauzia kiribilarekin egiteko, eta ostean, oin bakarrarekin eta ukondoa belarrian jarrita». Zuzenbide estatu batean jarrera hori hartzea ez dela «serioa» salatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.