Espainiako Auzitegi Gorenak EAE-ANV, EHAK alderdi politikoak eta Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta Askatasuna legez kanpo utzi eta haiek desegiteko agindu duela-eta, ezker abertzaleak hori salatzeko itxialdiak egingo ditu aste honetan udaletxeetan. Bihar hasiko dute ekimena, larunbatean bukatzeko. Horretaz gain, elkarretaratzeak eta enkarteladak egingo dituzte.
Oraingoz, hamabost udaletxetako itxialdiak lotuta dituzte (Nafarroan Arbizu, Leitza, Lesaka eta Baztangoa, Bizkaian Elorriokoa, eta Gipuzkoan Usurbil, Lezo, Tolosa, Segura, Mutriku, Aduna, Bergara, Pasaia, Hernani eta Legorretakoa), eta denera 40 batera iritsi nahi dute, gaur Aitor Etxeberria Oiarzungo eta Niko Moreno Elorrioko alkateek esan dutenez.
Norberak bere herriko eragileei "Euskal Herriak bizi duen salbuespen egoeraren berri" emango die, eta elkarteen ekarpenak-eta ere jaso nahi dituzte.
Legez kanporatzeeen aurrean EAJk, EAk eta Nafarroa Baik duten "isiltasuna" kritikatu dute eta, batik bat, Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidentearen aurka egin dute. "Noiz arte jarraituko dute alfonbra gorria jartzen? Ilegalizazioa ez da ezker abertzalearen arazoa, Urkullu jaunak sinestarazi nahi digun bezala".
Larunbatean Bilbon nazio manifestazioa egingo da (17:30, Aita Donostia), Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren alde, eta ezker abertzaleko kideek hara joateko dei egin dute gaur. Amnistiaren aldeko militanteek, preso ohiek, gatazkan hildakoen senideek eta torturak jasandako lagunek deitu zuten manifestazioa duela bi aste.
Politika
Ezker abertzaleak itxialdiak egingo ditu udaletxeetan legez kanporatzeen kontra
Bihartik larunbatera bitartean egingo dute ekimena, eta herrietako eragileei "Euskal Herriak bizi duen salbuespen egoeraren berri" emango diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu