ETA-ren adierazpena. Erreakzioak

Ezker abertzaleak "ukaezineko ekarpentzat" jo du ETAren pausoa, eta "fase berria atzeraezina" dela dio

"Blokeo egoera behin betiko gainditzeko ateak irekitzen ari dira", haren iritziz. Atzo arratsaldean prentsaurrekoa eman zuten Tasio Erkizia, Agurne Barruso, Txelui Moreno eta Marine Pueyok. Euskal gizarteak "protagonista aktibo" izan behar duela uste dute.

2010eko irailaren 5a
17:09
Entzun
Gustura hartu du ezker abertzaleak ETAren adierazpena, "bakea ezartzeko eta gatazkaren behin betiko konponbidearen ildoan balio ukaezineko ekarpena" delako, eta gaurko "blokeo egoera behin betiko gainditzeko ateak irekitzen ari dira", haren ustez. "Ezker abertzaleak era burujabean garatutako eztabaidak eta ETAren eskutik zehazturiko konpromisoak Euskal Herrian fase politiko berri baten abiatzea atzeraezin bihurtzen dute".

Erakunde armatuaren erabakia "alde bakarrekoa, eperik eta baldintzarik gabekoa" dela iritzi dio ezker abertzaleak. Hain justu, ETAk atzo jakinarazi zuen "eraso ekintza armaturik" ez egitea erabaki zuela duela hilabete batzuk.

16:00ak pasatxo direla eman zuen atzo prentsaurrekoa -"premiazko balorazioa" egiteko-, Donostiako hotel batean. Tasio Erkizia, Agurne Barruso, Txelui Moreno eta Marine Pueyo azaldu ziren ordezkari gisa. Euskaraz eta gazteleraz ohar bat irakurri zuten, ez zuten galderarik onartu, eta hurrengo astean balorazio zabalagoa egingo dutela jakinarazi dute. Hedabide asko izan da agerraldian, BBC barne.

Ezker abertzaleak berretsi egin du bere estrategia berria, hori garatzen segitzeko konpromisoa hartu du, eta hedabideei, nazioarteari, eta Espainiako eta Frantziako gobernuari "euskal jendartearen gehiengoaren nahiari era eraikitzailean erantzuteko arduraz jokatzeko" deitu die. Halaber, uste du euskal gizarteak "protagonista aktibo" izan behar duela, "berme" gisa joka dezan.

Bruselako adierazpena "saihestezineko erreferentzia" dela adierazi dute Erkiziak-eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.