Erreakzio andana eragin du ezker abertzaleak alderdi berriaren oinarriak aurkezteko egindako agerraldiak. Indarkeriaren erabilpena eta indarkeriazko mehatxua baztertzen baditu datorren urteko hauteskundeetan parte hartu behar lukeela diote gehienek. PSE-EEk, EAJk eta PPk hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatu dute.
RODOLFO ARES
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburua
«ETAk terrorismoa uztea lortu behar du ezker abertzaleak, edo berak utzi ETA»
Jarduera politikoa legearen barnean garatzeko, gauza bat egin behar du ezker abertzaleak Rodolfo Ares Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuaren arabera: «ETAk terrorismoa uztea lortu behar du, edo berak utzi behar du ETA». Hitzez gain, indarkeriatik aldentzen ari direla erakusten duten ekintzak eskatu dizkio.
JOSE ANTONIO PASTOR
PSE-EEko bozeramailea
«Musikak soinu hobea du, baina ekintzen zain egonbehar dugu»
Zuhurrak izateko eskatu du Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak. «Musikak soinu hobea du, baina gertaera eta errealitate jakin batzuk gertatu arte zain egon behar da». Pauso bat eman izana «baloratzeko modukoa» dela dio, baina PSE-EEk ETArekiko erreferentzien falta sumatzen duela esan du Pastorrek.
IÑIGO URKULLU
Euzkadi Buru Batzarreko lehendakaria
«Politikarekiko atzera ezineko konpromisoa hartu behar du ezker abertzaleak»
«Gaur inoiz baino gehiago, eta argi esaten ez duten arren, [ezker abertzaleak] politikarekiko atzera ezineko konpromisoak» hartu behar dituela azaldu du Iñigo Urkullu Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak. Eman beharreko pausoak emateko eskatu dio. ETAtik bereizten bada, ezker abertzaleak eraikitzeko asko duela gaineratu du.
ANTONIO BASAGOITI
PPren EAEko lehendakaria
«Ezker abertzaleak Batasuna du izena, Batasuna ETA da eta ez da kabitzen demokrazian»
ETAren «inongo mozorrok» ezin duela iritsi bozetara esan du Antonio Basagoiti PPren EAEko presidenteak. «Ezker abertzaleak Batasuna du izena, Batasuna ETA da eta ez da kabitzen demokrazian». ETAren aurka, «arlo guztietan estutzeak» soilik balio duela dio. «Orain zinegotzirik, dirurik, bozeramailerik eta bozgorailurik lortzen ez badu, akabatzen hasiko da, amaierako krisian sartuko da eta terrorismoaren amaiera ikusiko dugu». Mariano Raxoi PPko presidentearen esanetan ere, terrorismoa amaitu artean «ETAren inongo frankiziak» ezin du aurkeztu hauteskundeetara.
ARALAR
«Gero eta arrazoi gutxiago daude legez kanporatzeen estrategiarekin jarraitzeko»
Ezker abertzaleak aurkeztutako proiektu politikoa «orain arte emandako pausoak baieztatzea» dela azaldu du Aralarrek. «Gero eta arrazoi gutxiago daude legez kanporatzeen estrategiarekin jarraitzeko», esan du. Europako Batasunari «irekitasunez» jokatzeko eskatu dio. ETAri, berriz, Euskal Herriaren eta ezker abertzalearen gehiengo handi baten eskaera kontuan hartu eta ekintza armatua behin betiko uzteko.
PELLO URIZAR
EAko idazkari nagusia
«Legeztatzea ukatzeko argudio juridikorik ez da egongo»
Pello Urizar EAko idazkari nagusiaren iritziz,ezker abertzalearen legeztatzea ukatzeko argudio juridikorik ez da egongo. Alabaina, Espainian, argudio juridikoak baino gehiago borondate politikoa behar dela adierazi du, «botere banaketa erreala baino gehiago ustezkoa delako». EAk borondate politiko hori «positiboki» gara dadin presioa egingo duela iragarri du.
SERAFIN LLAMAS
Ezker Batuko bozeramailea
«Ez gobernuak ez auzitegiek ezin diote ukatu bozetanparte hartzea»
Ezker abertzaleak iragarri bezala alderdi berriaren estatutuek indarkeria gaitzetsi eta bide baketsuen alde egiten badute, «ez gobernuak ez auzitegiek ezin diote ukatu bozetan parte hartzea», Serafin Llamas Ezker Batuko bozeramailearen iritziz. Legea euren interesen arabera erabiltzea leporatu die PSOEri eta PPri. «Horrek zuzenbide estatua eta demokrazia bera urratzen ditu», dio.
IÑAKI GALDOS
Hamaikabateko idazkari nagusia
«Ezker abertzaleak badaki zein den bidea, Estrasburgoko epaiak argi esaten du»
«Ezker abertzaleak badaki zein den bidea, Estrasburgoko epaiak argi esaten du», azaldu du Iñaki Galdos Hamaikabateko idazkari nagusiak. Ezker abertzalea hauteskundeetan egotea desio duela gaineratu du. Era berean, adierazi du gizarteak ezin duela onartu estatuak eta ezker abertzaleak katuaren eta saguaren moduan jokatzea.
OSKAR MATUTE
Alternatibako bozeramailea
«Alderdien Legean oinarritutako legez kanporatzeak ez du zentzurik»
Ezker abertzaleak hauteskundeetan parte hartu ahal izatea exijituko du Alternatibak. «Alderdien Legean oinarritutako legez kanporatzeak ez du zentzurik; bidegabea izateaz gain, erakunde berriaren kasuan ezingo litzateke aplikatu, ezker abertzaleko kideek irmo eta argi hitz egin dutelako», esan du Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak. Horrez gain, adierazi du atzoko adierazpena ez dela aurreko beste kasuekin .
LAB
«Urrats bereziki garrantzitsua da independentzia helburu duen sektore politikoarentzat»
LABen iritziz, urrats bereziki garrantzitsua da independentzia helburu duen sektore politikoarentzat. «Gainera, kontuan hartu behar dugu aldaketa politikoa burutzeko prozesu demokratikoa eraikitzen ari garenean datorrela urratsa», esan du.J
PAUL RIOS
Lokarriko koordinatzailea
«Argi dago zein apustu egin duen: botoak eta jarduera politiko baketsua»
Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak dio Espainiako Gobernuak bi aukera jarri zizkiola ezker abertzaleari: bonbak edo botoak. «Argi dago zein apustu egin duen: botoak eta jarduera politiko baketsu eta demokratikoa», azaldu du. Ezker abertzalea legeztatzea «aurrerapauso esanguratsua» izango litzatekeela adierazi du.
EZKER ABERTZALEAREN ALDERDI POLITIKO BERRIA. ERREAKZIOAK. Ekintzak eskatu dituzte PSE-EEk, EAJk eta PPk
Aralarrek, EAk, EBk eta Alternatibak diote ez dagoela arrazoirik alderdi berria legez kanpo uzteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu