Politika

Ezker abertzalearen eta EAren agirian bakerako ekarpenak ikusten dituzte EAJk eta Aralarrek

Atzera bueltarik gabeko "bakearen eta erabakitze eskubidearen garai batean ataria" dela iritzi dio Joseba Egibar buruzagi jeltzaleak. Aralarrek, berriz, "garrantzitsutzat" jo du txostena, nazioarteko bitartekarien terminologia bere egiten duelako. Bakea orain lortzeko elementuak ikusten ditu alderdi horrek, eta eskuzabaltasunez jokatzeko deia egin du.

2010eko irailaren 4a
16:24
Entzun
Filtrazio baten bitartez zabaldu bada ere, ezker abertzaleak eta EAk bakea eta normalizazioari buruz landutako txostena harrera ona izaten ari da beste eragile batzuen aldetik. EAJk eta Aralarrek, esaterako, bakerako ekarpenak ikusten dituzte agiri horretan.

Joseba Egibar buruzagi jeltzaleak "ongietorria" eman dio txostenari, atzera bueltarik gabeko "bakearen eta erabakitze eskubide aldeko garai batean ataria" ezartzen duela iritzita. "Ezker abertzalea ohartu da ez duela ezertarako balio argi eta garbi Euskal Herriarenak diren nazio eskubideak aldarrikatzea, aldi berean giza eskubideen urratzeak ukatzen edo isilarazten dituzunean", esan du Oñatin (Gipuzkoa) egin den ekitaldi politiko batean. "Giza eskubideak Eusukal Herriko pertsona guztientzat aldarrikatzeak esan nahi du beste definizio, kalifikazio eta estrategia estadio batera igaro behar dugula, eta hori da urratsa. Ongietorria urratsa, eta erabakia". Dena den, arlo horretan EAJk jada bere bidea hartua duela erantsi du.

Aralarrek ere harrera ona egin dio ezker abertzaleak eta EAk landutakoari. Patxi Zabaleta koordinatzaileak "garrantzitsutzat" jo du txostena, nazioarteko bitartekarien terminologia bere egiten duelako. Bide oneko ekarpena dela iritzi dio. Testuinguru horretan, Espainiako Estatuari eskaera egin dio Zabaletak: esan du ETAri alde bakarreko su-eten iraunkorra eskatzen dioten irmotasun beraz Estatuari galdegiten diotela "printzipio demokratikoetan oinarritutako normalizazioa".

Jon Abril koordinatzaileordeak, berriz, txosten horren inguruan ezker abertzalearekin ein EArekin harremanak izan dituztela onartu du, eta, halaber, bakea orain lortzeko elementuak badirela erantsi du. Helburu hori lortzeak eragile guztiei eskuzabaltasunez jokatzea eskatzen diela esan du Abrilek. Baieztapen horretatik abiatuta, Aralar eskuzabaltasunez jokatzeko prest dagoela agertu du, eta beste eragileei ere hein berean jokatzeko eskatu die.

"Aralarrek politika gizarteari eman beharreko zerbitzutzat hartzen duen neurrian, gizarteari erantzunak ematea da bere helburu nagusia. Herri honek momentu honetan bake eta normalizazio politikorako duen gose eta gogoari erantzuteko jokatuko du Aralarrek, tinko eta eskuzabal", agertu du. Baina gauzak ondo egiteko eskuzabaltasuna tinkotasunarekin uztartu behar dela erantsi du: "horrek eskuzabaltasuna eskatzen du alde guztien aldetik, besteei eskatu eta guk eman ere egingo dugun eskuzabaltasuna; baina bai erabakietan, bai printzipioetan eta bai oinarrietan tinkotasun neurriak eskatzen ditu. Hori da eragile guztiek egin behar duguna, ETAk ordainik gabeko eten batetik abiatuta eta gainerako alderdi politikoen arteko akordioa bultzatuta. Gizartea eskatzen ari zaigu, eta hemendik gainerako eragileei deia: gizarteari entzuteko eta erantzuteko ordua da”.

Aralarren Kontseilu Politikoak bilera egin du gaur goizean, eta bilera horretako eten batgean egin ditu adierazpen horiek Abrilek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.