POLITIKA

Ezker abertzalearen talde disidente bat eratu dute

Askatasunaren Bidean batzarra aurkeztuko dute datorren larunbatean euskal preso eta iheslari ohi batzuek, Bilbon.

2016ko maiatzaren 14a
10:47
Entzun

Joan den urtarrilean, euskal preso eta iheslari ohi batzuk euren artean biltzen hasi ziren, ezker abertzalearen estrategia berriaz «kezka» dutelako, eta, BERRIAk jakin duenez, gaur zortzi Askatasunaren Bidean batzarra aurkeztuko dute, Bilbon, prentsaurreko baten bidez. Haien arabera, egun 60 -100 lagun daude taldean. «Errepresaliatu ohi izateak ez gaitu militante ohi bihurtzen», dio haien dokumentu batek.

2009ko azaroaren 14a mugarritzat jo dute: ezker abertzaleko hainbat kide esanguratsuk estrategia berria hasteko borondatea agertu zuten orduan, Altsasun, eta Askatasunaren Bidea eratu dutenek iritzi diote harrezkero «borrokaren despolitizazio saiakera bat» gertatu dela. «Aldaketa hau ezker abertzaleko frakzio erreformista batek egindako jokaldia izan da. Eta ez da soilik borroka armatuaren amaierara mugatu», diote disidenteek. «Krisi larrira eraman dute Euskal Nazio Askapenerako Mugimendua, sakon ahulduz eta indargabetuz, eta sisteman integratuz». Haien aburuz, hautu hura hartzeko ez zen «erabaki kolektiborik» izan.

«Esentzia historikoari» eusteko, batzar gisa funtzionatzen dute, eta adierazpen bat plazaratuko dute Bilbon. Agiria hainbat preso eta iheslari ohiri bidaltzen ari direla jakinarazi dute. «Sei urte beranduago gabiltza, baina ekin diogu bide bati». Gerora «herritar batasun berri baten proiektu politiko bat» sortzeko asmoa daukate.

«Borrokaren duintasunari eutsi» nahi diote. «Borrokaren beharraz eta borroka ideologikoaz hitz egiten dugu, ez borroka tresnez». Haien gutun baten arabera, bileretan ez da «borroka armatua berrartzea proposatu». «Errepresaliatuen» alde ariko direla ere badiote. «Etsaiaren xantaien aurrean amore ez emateagatik inor ez da bide bazterrean botata geldituko».

Iragarri dute harremana daukatela AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Kontrako Mugimenduarekin edota Eusko Ekintzarekin. «Abian prozesuaren ondorioz ere su txikiak pizten ari dira, eta lotura eman nahi diegu». Sortuk «ezker abertzaletik kanpo» kokatu izan du AEM. Askatasunaren Bidean-ek uste du Sortuk ez duela «disidentzia jasaten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.