politika

Ezker abertzaleko eztabaidako kide "gehienek bat egin dute txostenaren edukiekin"

Orain arte 254 batzar egin dituzte eta 6.500 lagunek hartu dute parte. "Oso balantze ona" egin du ezker abertzaleak, eta otsailean bukatuko du prozesua. "Aldaketa politikoa" du, indar metaketa egin nahi du, eta prozesu demokratikoa "inongo indarkeriarik edota kanpo injerentziarik gabe garatu beharko da".

2010eko urtarrilaren 4a
17:03
Entzun
Azken hilabeteotan egiten ari den barne eztabaida prozesuaren "oso balantze ona" egin du ezker abertzaleak, hedabideetara bidalitako oharrean aitortu duenez. Haren arabera, 6.500 lagunek hartu dute parte herri eta auzo batzarretan, Fase politikoaren eta estrategiaren argipena txostena eztabaidatzeko, eta "gehienek txostenaren edukiekin bat egiten dute".

"Fase politiko hau aldaketa politikoaren fasea da", dio txostenak. "Helburu hori lortzeko, indar metaketa, indarren aktibazioa, indar-harremanen aldaketa, negoziazioa eta akordio politikoa oinarri izango dituen prozesu demokratikoa artikulatu beharra dago". Prozesu demokratikoak "euskal herritarren hitza eta erabakia izan behar ditu oinarri", idatziak dioenez, "eta, beraz, inongo indarkeriarik edota kanpo injerentzia bidegaberik gabe garatu beharko da".

Orain arte, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako 254 herri eta auzotan egin dituzte bilerak, ezker abertzaleak jakinarazi duenez, eta 6.467 pertsonek hartu dute parte: Gipuzkoako 63 herritan 2.333 lagunek, Nafarroako 72 herritan 1.683k, Bizkaiko 80 herritan 1.797k eta Arabako 39 herritan 654k.

Eztabaida prozesua "azken txanpan" dela dio, eta otsailera bitartean ariko direla batzarrak egiten.

Eragile politiko eta komunikabide batzuen jarrera salatu du," toxikazio eta manipulazioaren bidez eztabaida baldintzatzeko eta desbideratzeko saiakerek egin dituztelako".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.