«Ezker subiranista» egituratzera deitu du Ezkerretik Bilduz taldeak

Eztabaida «horizontala eta demokratikoa» eskatu du, eta horretarako mintegi bat eginen du uda aurretik

Ezkerretik Bilduz taldea aurkezteko agerraldia, atzo, Altsasun. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Altsasu
2012ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Elkartu eta gero, antolatu. Aurkeztu berri dute Ezkerretik Bilduz taldea, Altsasun (Nafarroa), eta horixe egin behar dela uste du. «Ezker abertzaleak betean asmatu du abian jarritako indar metaketaren estrategiarekin; orain, indar ezkertiar eta subiranista horien mekateta antolatzeko eta egituratzeko modua asmatzeko garaia da».

Nekane Garmendiak, Antxon Gomezek eta Arritxu Santamariak hartu dute hitza jendaurrean, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez, ildo berriaren aurkezpena egiteko. 60 pertsona inguruk bat egin dute Altsasuko kultur etxean egindako agerraldian. Nabarmendu dute Bilduk, Amaiurrek edo Euskal Herria Baik zabaldutako ildoa sendotu nahi dutela, «ezkerretik gogoeta» eginez.

«Ezker subiranista, abertzale eta independentistaren oinarri sozial osoari» zabaldu nahi diote gogoetarako aukera, eztabaida «horizontala eta demokratikoa» baliatuta. Horretarako, uda aurretik mintegi bat egiteko asmoa agertu dute, «euskal estrategia nazionala definitzeko, kapitalismoaren krisiari Euskal Herriko langileek eman beharreko erantzuna aztertzeko, demokrazia parte hartzailean sakontzeko, eta memoria historikoa jorratzeko», Garmendiaren hitzetan. Eztabaida abiatzeko, Zutik Euskal Herria eta Euskal Herria Ezkerretik agirietan azaltzen diren gogoetak proposatu ditu Ezkerretik Bilduz taldeak.

Garmendiak gaineratu duenez, etorkizunean ezker abertzalea egituratzeko tresnak aukeratzea da helburua. Ildo horretan, «indar politiko, sindikal eta herri mugimendu ezkertiar eta aurrerakoien itun taktiko-estrategiko bat ekarriko lukeen herritar batasuna» eratu nahi dute, eztabaida Euskal Herriko herri eta auzoetara eramanez eta «zenbakizko masa» dena «masa kritiko» bihurtuz.

Ezkerretik Bilduz taldeak xedetzat jo du, halaber, Euskal Estatua mailaka egituratzea. Horretarako tresna izanen da abian jarri nahi duten gune suberanista. Talde berriak gogoetarako gaitzat jo du gune hori. Haren ustez, gune horretan egon beharko lukete Udalbiltzak, gatazken konponbiderako talde teknikoak eta eskubide zibil, sozial eta politikoen aldeko mugimenduek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.