Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Mikel Arana. Ezker Anitza taldeko lehendakarigaia

«Ezkerrekoak gehiengoa bagara, politikaren bidea baldintza dezakegu»

Legebiltzarraren osaera erabakigarria izango dela dio Aranak, eta Jaurlaritzan nor egongo den baino garrantzitsuagoa dela ezkerrak, batuta, eskumaren neurriak gelditzeko ahalmena izatea.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Ezker Batutik bereizi zen arte izandako liskarrak gaindituta, ilusioa berreskuratu du Mikel Aranak (Ordizia, 1973). Areago kanpainan: kalean jende asko gerturatzen ari zaiola dio, pozik, eta inkestek emaitza onak iragarri dituzte Ezker Anitzarentzat.

Azken inkestek bi edo hiru ordezkari ematen dizkiote Ezker Anitzari Eusko Legebiltzarrean. Espero zenuten?

Bai, eta kanpainaurre luze honetan behin baino gehiagotan esan dut ziur geundela talde propioa lortuko dugula. Konfiantza handiarekin heldu gara kanpainara, batez ere krisialdi egoera honek bereziki beharrezkoak egiten dituelako alternatibak aurkezten dituzten alderdi politikoak; herritarren ongizatean oinarrituta alternatibak proposatzen ditugunak gara beharrezkoak, eta ez hainbeste bankuen edo enpresarien ongizatera bideraturikoak. Herri honetan badago bere burua ezker alternatibokoa sentitu eta, independentista ez izan arren, autodeterminazio eskubidea defendatzen duenik. Hori da gure proposamena: arlo sozialean ezker alternatibo erradikala, ulertzen dugulako gauzak erruz aldatu behar direla; eta arlo nazionalari dagokionez, atxikimendu askeko federalismoa defendatzen dugu, bakoitzak erabakitzeko zer-nolako estatu eredua nahi duen.

Ezker alternatiboaren indarra batu beharraz ari zarete, baina azken urteetan Ezker Batuan izandako zatiketen ondotik zatozte. Gaindituta daude liskarrak?

Uste dut bereizi egin behar direla ezkerrean gaudenon artean egin daitekeen elkarlana eta hauteskundeak. Batzuetan, saiatzen gara korrika eta presaka leku desberdinetatik gatozen ezkerrak elkartzen hauteskunde batzuetako. Arlo horretan hutsak egin ditugula uste dut, agerian geratu baita oraindik etxeko lanak egin gabe genituela eta konfiantzak eta elkarlana ez genituela errotuta. Aralarrekin udal hauteskundeetara joan ginenekoa da horren adibide. Koalizioa egin genuen, koalizioak emaitza onak izan zituen, baina hurrengo egunean bakoitzak bere talde propioak eratu zituen. Ezkerreko herritarrek desilusio bat jaso zuten.

Uste dugu ezinbestekoa dela ezker ezberdinak etorkizunari begira benetako fronte antikapitalista zabal bat eratzea, boteretsuek eta bankariek ezarritako gizarte honi aurre egiteko. Baina hori ez nuke nahastuko hauteskundeekin. Alderdi politiko bakoitza alderdi politiko bakoitza da. Guk lehentasuna ematen diogu arlo sozialari, eta beste batek lehentasuna eman nahi badio arlo nazionalari, beste hautesle talde bat izango du. Ez da gurea izango, baina gero, akaso, etorkizunean aukerak izango ditugu politika berberak babesteko.

Zertan bereizten dira Ezker Anitza eta ezkerreko politika alternatiboak defendatzen dituzten gainerako alderdiak?

Guk ezker alternatibo eta transformatzailea eskaintzen dugu. Antikapitalista, pentsatzen dugulako sistema kapitalistak ekarri gaituela gauden lekuraino eta, beraz, sistema kapitalista gainditu egin behar dela. Bestetik, proiektu federala defendatzen dugu. Egia da badaudela beste batzuk horrelakoak esaten dituztenak, baina uste dut desberdintasunak argiak direla. Equok, adibidez, lehentasuna arlo ekologikoan jartzen du; guk diskurtso ekologikoa erabat barneratuta daukagu, baina gure lehentasuna enplegua sortzea eta eskubide sozialak babestea da. Ezker Batuari dagokionez, gobernuetan sartzea izan da beti haren lehentasuna; guk uko egiten diogu gobernuan sartzeari, pentsatzen dugulako ezker transformatzaileak ez duela egoera honetan inoren gobernukide txikia izan behar. Uste dugu haren lana herritarren ahotsa legebiltzarrera eramatea eta legebiltzarretik politika egitea dela.

Beraz, oposizioko lanean ikusten duzu zeure burua?

Edota gobernua kontrolatzeko lanean. Esana dugu ez dugula batere itunik sinatuko ez EAJrekin eta ez PPrekin, eta gure lehentasuna ez dela gobernu baten kide izatea. Beraz, ezkerreko gobernu aukera bat egongo balitz, EH Bilduk eta PSE-EEk gobernua osatuko balute, geure burua ez genuke ikusiko gobernu horren kide, baizik eta kanpoan, egiten dituzten politikak kontrolatzen. Azken inkesten arabera, gure bozak erabakigarriak izan daitezke politika batzuk gauzatzeko. Hori egin du PPk: ez da gobernuan sartu, Patxi Lopezek kolore bakarreko gobernua izan du, baina politika guztiak PPk erabaki ditu. Egoera honetan gure eginkizuna hori dela pentsatzen dugu. Izan ere, gobernu baten parte zarenean, zeure politikak garatzeko aukerak askoz murritzagoak dira. Guk ere egiaztatu izan dugu hori.

Gaur egun posible ikusten duzu PSE-EE eta EH Bilduren arteko gobernua osatzea, Ezker Anitzaren babesarekin?

Guretzat, askoz garrantzitsuagoa da politiketan adostasuna izatea, gobernuetan adostasunak izatea baino. Beraz, hurrengo legealdian ezkerreko politika egiteko prest gaudenok gehiengo absolutua baldin badugu, gobernua bat edo bestea izanda ere, posible da gure botoak batuta egoera bati aurre egitea. Ezkerrekoak gehiengoa bagara, politikaren norabidea baldintza dezakegu.

EH Bilduk eta Alderdi Sozialistak akordio bat egina dute foru fiskalitatean. Halakoei buruz ari gara; inola ez fusio batez edo lehendakariak jarri eta kentzeaz, baizik eta zer-nolako politikak egin behar diren. Gobernuan dagoena dagoela, legebiltzarrean ezkerrekoak gehiengoa bagara, ezkerreko politika batzuk ezar ditzakegu. Eta nahiz eta, demagun, EAJren eta PSE-EEren gobernua izan, alderdi sozialistari erakutsi ahalko zaio programan dioena, eta alor horietan akordioak egiten saiatu. Beste hainbeste EH Bildurekin. Halako formulen bila gabiltza, pentsatzen dugulako horrek betiko bloke abertzale edo espainolistak gainditzea errazten duela.

Jaurlaritza EAJk eta PSE-EEk osatuko dutela «sinetsita» zaudela diozu. Zer ekarriko luke horrek?

Zapateroren legealdiko politika, non alderdi sozialistak akordio guztiak EAJrekin lotzen zituen. EAJk eta PSE-EEk dena elkarrekin egitea erabaki eta elkarrekin gobernatzen badute, eskuineko politika nagusituko den legealdia izango dugu. Arlo nazionalean ere ez dugu ezer aurreratuko, ez dutenez bat egiten gaia alde batera utziko dutelako. Baina saiatu behar dugu PSE-EE ez garatzen EAJren menpe eta ezkerreko politiketan inplikatzen. Beste erlazio mota batzuk izan ditzakegu. EAJk EH Bildurekin naziotasunari buruz ez dakit zein akordio egin nahi baditu, gu ez gara egongo, baina gehiengoa izango dira. PSE-EEk, ezkerreko alderdiekin egin ahalko ditu akordioak. Halako politika egiteko moduak aldaketak ekar ditzake Eusko Legebiltzarrean eta euskal gizartean. Ez bada hori egiten eta betiko adostasunak errepikatzen badira, ez da ezer aurreratuko.

Aldaketarako esperantza irabazleak gutxiengoan gobernatzea da?

Horrek asko errazten ditu gauzak, zalantzarik gabe, gobernuak erabaki bakoitza norbaitekin adostu behar duelako. Beste guztiak gehiengoa badira, gobernuaren nahia pikutara bidal daiteke. Guk ulertzen dugu hori dela politika egiteko modurik sanoena, eta espero duguna da egoera bat non aukerak ditugun batzuekin zein besteekin ados jartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.