Ezkontza homosexualak "eskubide konstituzionalak" dira, Espainiako arau nagusiaren "irakurketa ebolutiboa" eginda eta hura "zuhaitz bizidun" baten gisara interpretatuta. Hortaz, horrek eraman du Auzitegi Konstituzionala ebaztera ezkontza homosexualek ez dutela konstituzioa "desitxuratzen".
Gaur argitaratu ditu auzitegi horrek gay eta lesbianen arteko ezkontzak arautzen dituen legea konstituzionala dela ebazteko epaia eta boto partikularrak. PPk legearen aurka jarritako helegitea baztertzea erabaki zuen auzitegiak, eta azaldu du ezkontza heterosexualak ez direla "konstituzionalki zilegi" diren bakarrak.
Pablo Perez Trems epaileak idatzi du epaia, eta Espainiako Konstituzioaren 32. artikuluari heldu dio ebazpena argudiatzeko. "Gizonezkoek eta emakumezkoek, zuzenbide berdintasun osoz, ezkontzeko eskubidea dute", dio artikulu horrek, eta bigarren puntuak zehazten du legeak arautuko dituela ezkontza erak. Auzitegiaren arabera, konstituzioaren irakurketa "ebolutiboa" hobeto egokitzen da "bizimodu modernoaren errealitateetara".
Lau boto partikular izan ditu epaiak. Andres Ollero, Juan Jose Gonzalez Rivas eta Ramon Rodriguez Arribas epaile kontserbadoreena, eta Manuel Aragon progresistarena. Kontserbadoreen esanetan, Ezkontza Homosexualen Legea konstituzionala izateko ez da interpretazio "ebolutiboa" egin behar; konstituzioa bera aldatzea eskatzen du, haien aburuz. Aragonek ere boto partikularra eman du, epaiarekin ados egon arren, arrazoietan ez datorrelako bat.