Ezohiko prozesu «kaotiko eta nahasi» bat

Gaur bukatuko da ezohiko erregularizazioa eskatzeko epea; 900.000 migrante inguruk egin dute izapidea. Halere, Donostiako Harrera Sareko kideek uste dute prozesua «azkarregi» egin dela, eta salatu dute informazioa faltatu dela.

Migratzaile batzuk ezohiko erregularizaziorako dokumentuak betetzen, Donostian. DONOSTIAKO HARRERA SAREA
Migratzaile batzuk ezohiko erregularizaziorako dokumentuak betetzen, Donostian. DONOSTIAKO HARRERA SAREA
maddi iztueta olano
Donostia
2026ko ekainaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erlojupeko lasterketa bat nolakoa, halakoa izan da migratzaileen ezohiko erregularizazioaren prozesua: Espainiako Gobernuak urtarril amaieran iragarri zuen neurria; apirilaren 16an sartu zen indarrean; eta egoera irregularrean bizi diren migranteek bi hilabete eta hamabost egun izan dituzte dokumentazioa bildu eta eskaera egiteko. Hala, gaur bukatuko da erregularizazioa eskatzeko epea, eta 900.000 migratzaile inguruk egin dute izapidea; oraingoz, horietatik 360.000 onartu dituzte. Donostiako Harrera Sareko kide Ane Gerendiain eta Aiala Juanikorenak salatu dutenez, prozesua «nahasia» izan da, eta «azkarregi» egin da.

Hamar laguneko boluntario sare bat osatzen dute Gerendiainek eta Juanikorenak, eta, kontatu dutenez, ezohiko erregularizazioaren kudeaketan murgilduta egon dira apiriletik hona: hitzorduak antolatu, sare sozialen bidez informazioa eman, dokumentazioa prestatu, migratzaileei Correosen bulegoetara lagundu. «Laurogei pertsona ingururen izapideak egin ditugu», esan du Juanikorenak. Eta gehitu Gerendiainek: «Oso kaotikoa izan da; aukera handia da kale egoeran dauden migratzaile askorentzat, baina sekulako lana izan da, aurkeztu behar dituzten dokumentuak ezin baitira lortu egun batetik bestera, eta batzuek arazo handiak izan dituzte». 

Hego Euskal Herrian 30.000 migrante inguru daude egoera irregularrean, eta haietako askok egin dute beren egoera administratiboa arautzeko saiakera. Horretarako, baina, baldintza hauek bete behar izan dituzte: 2025eko abenduaren 31n Hego Euskal Herrian, Katalunian, Galizian edo Espainian egotea, gutxienez bost hilabetez bertan bizi izana, eta aurrekari penalik ez izatea gutxienez azken bost urteotan, ez jatorrizko herrialdean, ezta Espainian, Hego Euskal Herrian, Galizian eta Katalunian ere. Baldintza horiek betetzen dituztela frogatzeko, zenbait dokumentu aurkeztu behar izan dituzte: besteak beste, egonaldia frogatzen duten agiriak eta aurrekari penalen ziurtagiria.

«Sekulako lana izan da, aurkeztu behar dituzten dokumentuak ezin baitira lortu egun batetik bestera, eta batzuek arazo handiak izan dituzte»

 ANE GERENDIAIN Donostiako Harrera Sareko kidea

Ez dira gutxi izan dokumentu horiek lortzeko zailtasunak, ordea. «Hasieran, migratzaileek beren herrialdeko kontsuletxera joan behar zuten; adibidez, marokoarrak Marokok Bilbon duen kontsuletxera. Han dokumentu bat eskatu behar zuten, beren senideek baimena izan zezaten Marokon aurrekari penalen egiaztagiria eskatu ahal izateko eta hona bidaltzeko; maiatzaren hasieratik, aukera dute izapide hori hemendik egiteko, senideek ezeren bila aritu behar gabe, Marokoko kontsuletxera joanda», azaldu du Gerendiainek. Aljeriarrek, halere, zailtasun «handiagoak» izan dituztela kontatu du: «Hiru zigilu behar dituzte egiaztagiria indarrean egoteko; horietako bat, Espainiak Aljerian daukan kontsuletxean jarri behar diete, baina sekulako blokeoa dago, eta senide askori ez diete hitzordurik ematen». Aintzat hartzekoa da, gainera, Aljeriak Hego Euskal Herritik gertuen daukan kontsuletxea Bartzelonan dagoela. 

«Eskerrak erregularizazioari»

Jorge Ivan Vegado kolonbiarrak hiru urte daramatza Euskal Herrian, eta ezohiko erregularizazioa eskatu du. Apirilaren 19an egin zuen eskaera, eta maiatzaren 20an jaso zuen erantzuna: tramitatzeko onartua. Behin-behineko ebazpena da, baina, funtsean, aukera ematen du behin betiko erabakiaren berri izan artean lan egiteko eta atzerritarraren identifikazio zenbakia jasotzeko. Zehar-Errefuxiatuekin elkarteko abokatu baten bidez egin zuen izapidea, eta argi esan du: «Eskerrak erregularizazioari». Hiru urteren ondoren, lanean da. 

Honainoko bidea ez da erraza izan, ordea. Vegadok kontatu duenez, hiru aldiz saiatu da gizarte eta prestakuntzaren araberako sustraitzearen bidez Euskal Herrian bizitzeko eta lan egiteko baimena lortzen; hiru aldietan, baina, ezezkoa eman diote. Salatu du administrazioak denbora luzea behar izaten duela prozesu horretarako: «Azken aldian, zazpi hilabete itxaron behar izan dut erantzun bat jasotzeko». Baldintza hauek bete behar dira sustraitze mota horren bidezko baimenak lortzeko: eskaera egin baino lehen Euskal Herrian gutxienez bi urtez bizi izana, ikastaro ofizial batean izena emanda egotea eskaera egiten den unean edo ikastaro bat egiteko asmoa egiaztatzea matrikula baten bidez, gizarteratze txostena aurkeztea, bizilekuko udalak sinatuta, eta aurrekari penalen ziurtagiria izatea. «Hiru ikastaro egin ditut hiru urteotan; baina Lanbidek ezin zidan egiaztagiririk eman, ez bainuen atzerritarraren identifikazio zenbakirik», salatu du Vegadok.

«Urrats bat besterik ez zait falta; baina ezohiko erregularizazioarik egon izan ez balitz, iritsi nintzen aurreneko egunean bezalaxe jarraituko nuke, ezer gabe»

JORGE IVAN VEGADO Migratzailea

Euskal Herrira iritsi eta berehala, asilo eskaera ere egin zuen. «Baina ukatu egin zidaten», esan du. Bizkaian bizi da, ezagun baten trastelekuan, eta azken bi urte eta erdian Caritasen zentroetan egiten ditu otorduak. Bakarrik egin zuen ihes sorterritik, eta bakarrik bizi da Euskal Herrian ere. Pozik dago ezohiko erregularizazioaren aukerarekin, baina «zuhur» jokatu asmo du, ebazpenaren behin betiko emaitza jaso arte, behintzat. «Urrats bat besterik ez zait falta; baina ezohiko erregularizazioarik egon izan ez balitz, iritsi nintzen aurreneko egunean bezalaxe jarraituko nuke, ezer gabe».

Hurrengo urratsak

Egoera administratiboa arautzea lortzen duten migranteek lan egiteko baimena izango dute urtebetez. Juanikorenak ez du uste prozesu erraza izango denik, ordea: «Gehienek ez dute ia euskaraz edo gazteleraz egiten; hizkuntza jakin gabe lana aurkitzea oso zaila izango da. Eta lana aurkituta ere, zer? Kale gorrian lo egin ondoren joango dira lanera?». Izan ere, ezohiko erregularizazioaren bidez aldi baterako lan eta bizi baimenak lortu arren, beren kabuz aurkitu beharko dute non bizi, eta, Juanikorenaren arabera, migratzaileek kostata aurkitu ohi dute «etxebizitza duin bat». 

«Hizkuntza jakin gabe lana aurkitzea oso zaila izango da. Eta lana aurkituta ere, zer? Kale gorrian lo egin ondoren joango dira lanera?»

 AIALA JUANIKORENA Donostiako Harrera Sareko kidea

Finean, paper zati batek giza eskubiderik oinarrizkoenak aitortuko dizkie, behin-behinean, ehunka mila pertsonari. Halere, egon daiteke haien egunerokoan nabarmen eragin dezakeen beste aldaketa bat ere: kalean lasai ibili ahal izatea. Gerendiainek azaldu duenez, kalean dauden migratzaileek egunero jasaten dute Poliziaren indarkeria, «bai hitzen bidezkoa, bai fisikoa», eta adibide sorta bat aipatu du; kasurako, hauxe: «Duela gutxi, bi gazterekin gindoazen Correosera, ezohiko erregularizazioko zenbait dokumentu bidaltzeko; bada, bat-batean ertzain batzuk agertu ziren, eta, azalpenik eman gabe, Espainiako Poliziaren komisariara eraman eta pasaportea kendu zieten». Are, Donostiako Harrera Sareko kideek salatu dute Polizia «iruzurretan» aritu dela, eta egoera irregularrean dauden migratzaile askori «gezurrezko hitzorduak» bidali dizkietela Whatsappez, komisariara joanarazi eta pasaportea kentzeko. 

Gaur bukatuko da ezohiko erregularizazioa eskatzeko epea, eta ehunka migratzaile zain daude beren eskaerak onartuko ote dituzten. Nola dauden galdetuta, irri txiki bat eta hasperen egin dute Juanikorenak eta Gerendiainek; oro har, «oso urduri» daudela diote. «Gehienek uste dute dokumentu guztiak bidaltzeagatik onartu egingo dituztela automatikoki, eta, tamalez, gure lanaren parte bat ere bada haien ilusioa zertxobait zapuztea», esan du Juanikorenak. Eta gehitu du Gerendiainek: «Egunez egun bizi dira ia denak, eta ez dakit tarterik ere baduten pentsatzeko: ‘Eta gero, zer?’». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA