"Gizartea asko aldatu da hogei urte hauetan", esan du Egañak aurkezpenean, Donostian. Aitortu du "ausardia" izan duela proiektua egiteko.
1.050 sarrera dauzka liburuak, 720 orrialde eta 2,8 milioi karaktere; "eta, gainera, moztu egin behar izan dut". Aurreko laneko testu batzuk laburtu edo luzatu egin ditu, gaiak azken bi hamarkada hauetan galdu edo irabazi duen indarragatik. Hamabost bat atal baizik ez ditu kendu, eta 350 sarrera berri daude. Haietako asko ekonomiari buruzkoak dira, arloak gizartean gaur egun duen presentziaren seinale.
Azken batean, liburua "eztabaidarako tresna" dela uste du Egañak. Floren Aoiz Iratzar fundazioko zuzendariaren arabera, berriz, "kritikoki" pentsatzeko lanabesa da, baita "eskuliburu bat ere", eta "Euskal Herriaren eraikuntzarako" balio du. "Gizartearen politizazioa onuragarria da, Euskal Herria subjektu politiko bilakatzen laguntzen duelako".
Txalapartak argitaratu du liburua. Uste du Nuevo diccionario histórico político de Euskal Herria argitaletxearen lanik "garrantzitsuenetakoa" dela. Iratzarrek ere hartu du parte egitasmoan.