«Eztabaidagarria da zigor altuagoek prebentzio handiagoa dakarten premisa»

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2023ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Juristen ahotan ibili da azken hilabeteotan soilik baietz da baietz legea, sexu erasoen epaien berrikuspenen harira. Urritik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako auzitegiek 108 sententzia berraztertu dituzte, eta 48 zigor murriztu.

Zer gertatzen ari da legearen aplikazioarekin?

Sexu askatasuna bermatzeko legeak aldaketa baliotsuak egin zituen zigor arloan: sexu abusuen eta erasoen arteko bereizketa kendu zuen, eta onespena sexu askatasunaren elementu nuklear gisa ezarri. Baina zigorretan aldaketak egiten direnean, erregimen iragankorra ezarri behar da, legea atzera begira ere aplika daitekeelako onuragarriagoa denean. Lege testuetan, xedapen iragankorrek errazten dute lan hori, baina lege honek ez du halakorik. Zergatik? Ez dagokit niri erantzutea. Baina prozesu legegilean jada ohartarazi zen arazo hauek ekar zitzakeela, eta ez zen horri buruz hausnartu.

Zer zigor berrikus daiteke?

Legeak zigor tarteak aldatu ditu. Lehen, sexu erasoek urtebete eta bost urte arteko zigorra zuten, eta, orain, urtebete eta lau urte artekoa; hau da, gehienezko zigorra jaitsi da. Eta bortxaketek lehen sei eta hamabi urte arteko zigorra zuten, eta, orain, lau eta hamabi artekoa; hau da, gutxienekoa jaitsi da. Fiskaltza nagusiak azaroan ebatzi zuen epaiak berrikus daitezkeela kondenatuari ezarri zitzaion zigorra orain ezingo litzaiokeenean jarri. Adibidez, bortxaketa kasu batean, bere garaian sei urteko kondena jarri bazen, zehaztuta legeak ezarritako gutxieneko zigorra zela; orain ezingo litzaioke zigor hori jarri, gutxienekoa lau urtekoa delako. Kasu horiek argi daude. Beste batzuk zehatzago aztertu behar dira, epaiaren argudioei erreparatuta, ea zigorra onuragarriagoa den lege berriarekin. Eta hor dago debatea. Horregatik, Kongresuan aurkeztu den lege proposamenak zigorrak alde horretatik zuzendu nahi ditu, eta aurrekoak jarri.

Legean, sexu erasoen definizioan bertan ageri dira indarkeria eta larderia; PSOEren proposamenak, berriz, azpimota batean jaso ditu elementu horiek, larrigarri gisa. Koherentea da, ala nahasmen gehiago ekarriko du?

Ikusiko dugu nola geratzen dentestua. Baina onespenaren kontzeptua bere horretan mantendu dute; beraz, teknika juridikoa ere hor geratuko da. Aldea da proposamenak zigor handiagoa ezartzen diela indarkeria, larderia edo borondate gabetzea dakarten jokabideei. Abusu eta eraso arteko bereizketa desagertzean, zigorretan bi eskala ezarri ordez, eskala bakarra ezarri zen, eta, orain, nolabait, bi eskala horiek berreskuratu nahi dituzte.

Hortaz, PSOEren testua egoki ikusten duzu.

Eztabaida zigorren proportzionaltasunaren ingurukoa baldin bada, alegia, uste bada zigor txikiagoek babesgabetasuna eragiten dutela eta kondena zorrotzagoak behar direla, argi esan behar da hori. Eta populismo punitiboan sartuko gara: zigor altuagoek prebentzio handiagoa dakarten premisa eztabaidagarria da, eta feminismoan bertan auzitan jarri dute. Baina arazoa da legeak ez zuela jaso xedapen iragankorrik segurtasun juridikoa bermatzeko, eta agian ez zuela kontuan hartu abusu-eraso bereizketa kentzean zigorrak egokitu egin behar zituela.

Gainerako delituetan ere berrikusten al dira zigorrak? Delitu hauen berrikuspenek soilik sortu dute alarma?

Halako erreformetan beti egon dira berrikuspenak, delitu batzuk desagertzean edo haien zigorrak jaistean. 2015ean Zigor Kodea aldatu zenean, droga trafikoari buruzko artikulua moldatu zuten, eta azpimota aringarri bat erantsi zuten trafiko xehearentzat, kaleko salmenta txikitzat dauzkagunjokabideetarako. Gipuzkoako Auzitegiko presidente nintzen orduan, eta zigor guztiak berrikusi ziren, ofizioz zein eskatuta. Noski, gai hark ez zuen halako interes sozial edo mediatikorik piztu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.