Familia batek salatu du eldarnioak jota zegoen gizon bat ertzainek bortxaz tratatu zutela, eta hil egin zela

Otsailaren 2an izan zen, Astigarragan; sendiak salatu du 36 urteko gizon bat eldarniotan zegoela, eta osasun arta egokia izango zuela bermatu beharrean ertzainek era desegokian tratatu zutela. Han bertan hil zen. Auzitara jo dute.

Gizonezkoaren gorpua, tanatorioan. BERRIA
Gizonezkoaren gorpua, tanatorioan. BERRIA
arantxa iraola
2024ko martxoaren 20a
08:31
Entzun

Otsailaren 2an gizon bat hil zen Astigarragan (Gipuzkoa), 36 urtekoa: Eneko Valdes. Eguerdian izan zen. Buruko nahasmendu batek erasanda, oihuka atera zen bere etxeko leihora, eldarniotan. Beheko bizilagunen etxera zintzilikatu zen, eta auzo haiek egindako dei batekin hasi zen haren arta. Udaltzainak heldu ziren aurrena, eta familiak esker oneko hitzak besterik ez du haiek gizona artatu zuten moduarengatik: kontatu dutenez, baretu egin zuten, horretarako indarrik erabili gabe. Ertzainak heldu ziren gero, eta haien portaerarekin kexu dira: han artatu zuten moduarengatik, eta ondoren, gainera, gorpuan bortxa zantzuak ikusi dituztelako, eta erantzunik gabeko galdera asko dituztelako. Autopsia egin zuen auzitegi medikuak esan zien bihotzekoak jota hil zela, baina familiak argibideak nahi ditu. Salaketa bat jarri dute horregatik, Donostiako Instrukzioko 5. Epaitegian. EAEko Arartekora ere jo dute. BERRIAk familiako bi kiderekin hitz egin du, eta gertaeraren lekuko izan zen bizilagun batekin.

Ikusi gehiago

Ertzaintzaren Kontrolerako Batzordera heldu da gaia; zabaldu denez, jazoeraz egin duten aurretiazko txostenean ondorioztatu dute drogen kontsumo gehiegizkoak eragin zuela gizonaren heriotza, polizien esku hartzeak baino gehiago. Familiak ez du ukatzen drogen kontsumoa, baina asaldatu egin da txosten horretan jasotakoekin. Bertan jaso diren datu asko okerrak direla esan dute: txostenean jartzen duenez, adibidez, erietxerako bidean hil zen gizona, eta, familiartekoen arabera, eskailburu batean zegoen ertzainak heldu zirenean, eta hantxe bertan hil zen: «Portaletik hilda atera zuten». Hor, auziaren gaineko agiriek diotena erkatuta ere, bada kontraesan bat. BERRIAk eskura du gizonari egindako autopsiaren aurretiazko txostena, eta, dokumentu horren arabera ere, hilotz zen hura Astigarragatik atera aurretik. Hain zuzen ere, hara joan zen auzitegi medikua lehenengo azterketa egitera.

Ertzainen portaera kontrolatzeko txosten horrek dioenari segituz, zabaldu da atxilotuta zegoela gizona. Horren atzean ere gertaera desitxuratzeko nahi bat ikusi dute familiakoek: «Zer premia zegoen, ba, hura atxilotzeko? Ez zegoen inolako salaketarik ez ezer; aurrena artatu zuen bizilagunak ez zuen jarri, eta udaltzainek ere bazuten egoeraren berri, aurrez ere artatu izan baitute antzeko egoeraren batean. Gezurretan ari dira, nahi duten eran!». Eta etxekoaren defentsa egin nahi dute; gizon kirolaria zela nabarmendu nahi dute, leiala, eta ilusioz betea: lehen zituenez aparte, beste negozio bat irekitzear zuen.

«Osasun profesionalek egon behar zuten han»

Argitzeko daude hainbat auzi, baina deigarria da kasu honetan izan zen presentzia poliziala, eta Ertzaintzak izan zuen erabaki ahalmena. Osasun profesionalen ardura izaten da, normalean, halako pazienteen arta, eta haiek laguntza eskatuta parte hartzen dute poliziek: guztien segurtasuna bermatze aldera. Hortik familiaren kexa. «Ezerk ez du justifikatzen gertatu zena. Ez zuen armarik, ez zuen deus». Jazo zena ikusi zuen bizilaguna erizaina da ogibidez, eta, gaixoak behar zuen osasun artara begira, uste du gabezia handiak izan zirela. «Zer behar zegoen ertzain gero eta gehiago hurbiltzeko harengana? Osasun profesionalek egon behar zuten han: lasaitze aldera». Familiakoen arabera, hamabost ertzain ere zenbatu zituzten, unitate ezberdinetakoak, tartean kaleko jantzitakoak ere bai. Esan dute prebentziorako eta berehalako erantzunerako Bizkor unitateetako kideak ere bazirela; muturreko larrialdi egoerak kudeatzea izaten dute eginkizunetako bat.

Gizonak egun hartan jaso zuen artaren gaineko zalantza bazuten aurrez ere senitartekoek, baina gorpua jaso zutenean larritu ziren bereziki, bortxa zantzuak ikusita. «Bihotza geratuta hil zela esan digute. Ados. Eta saihets hautsiak? Aurpegian dituen markak? Sudur erdibitua? Horiek zer esan nahi dute?», galdetu dute.

Autopsiaren aurretiazko txostenean bertan lesio mota asko daude zerrendatuta: hematomak, zauriak, eritemak, urradurak… Bi saihets hautsita ere bazeuzkala jartzen du, besteak beste. Txostenaren arabera, ertzainak heldu arte lasai zegoen gizona; haiek heldu zirenean asaldatu zen, eta mendean hartu behar izan zuten, eta eskuburdinak ere jarri behar izan zizkioten. Orduan ondoeza izan zuela jartzen du: botaka-eta hasi zen. Autopsiaren txostenaren arabera, ondoez horren ostean heldu ziren osasun profesionalak, eta anbulantziara eraman zuten.

Oso «izututa»

«Tirokatu egin nahi naute! Tirokatu egin nahi naute!». Auzoen bidez familiakoek jaso dutenez, halakoak oihukatzen atera zen gizona bere etxeko leihora. Hortik familiaren ondorioa: «Agerraldi psikotiko betean zegoen». Arta eman zion lehen bizilagunaren lekukotasunak ere horixe bera berresten duela azaldu dute. Behin eta berriz nabarmendu die «oso izututa» zegoela: aurrez inor ikusi ez zuen moduan. Familiaren esperientziarekin bat dator. Buruko nahasmenduen arazoak-eta bazituen gizonak, bizitza osoa izatea ez zioten eragozten gehienetan, baina pairamendu aldietan, beste guztiaren gainetik, «izua» gailentzen zen: «Ez zen bortitz jartzen. Ume txiki baten antzekoa zen».

Udaltzainek egoera hori zeinen ondo eraman zuten goraipatu nahi du familiak. «Zera esan zioten: ‘Lasai, tirokatu nahi zaituen horren eta zure artean jarrita gaude gu. Anbulantziari hots egin diogu, orain etorriko da». Haien ustez, jokabideak bere horretan jarraitu bazuen, ez zen arazorik izango. Gainera, senitartekoek esan dute haiek utzi zutenean gizonak ez zuela ia lesiorik: lekukoen bidez jakin dutenarengatik, aldaka batean zauri bat besterik ez zuen.

Ertzainak agertu ziren orduan, ordea. Familiaren arabera, lehenengo pisuko eskailburuan zegoen gizona, eta hantxe inguratu zuten. Lekukotasunak aintzat hartuta, osasun artaren gainetik, gizonak tirokatzearen inguruan esan zituenak argitzean jarri zuten orduan arreta haiek. Lekuko izan zen bizilagunak kontatu du, adibidez, gizonak eldarniotan aipatzen zuen tiroketari buruz solastatzen aditu zituela poliziak, eta argibidea eman nahi izan ziela: «Hemen ez da inor ari tiroka. Ez da gertatzen zaion lehen aldia; agerraldi psikotiko betean dago, eta osasun profesional bat behar du». Laguntza ere eskaini zuen. Baina handik alde egiteko agindu zioten.

ASTIGARRAGAN HILDAKO GIZONAREN AUZIA
Otsailaren 2an Astigarragara joan ziren ertzainen irudia. FAMILIAK UTZIA

«Kostatu zaigu mendean hartzea!»

Gizonaren etxera ere sartu nahi izan zuten ertzainek, justu hark aipatzen zuen tiroketa argitu behar zutela argudiatuta. Bikotekideak adierazi duenez, hantxe, etxean, polizietako batek aitortu zion gizona kontrolatzea lan aski zaila izan zela: «Zera esan zidan: ‘Hori indarra duena! Izugarri kostatu zaigu mendean hartzea!’».

Eskailburu hartan zer gertatu zen argitzea nahi du familiak. Izan ere, ohatila batean atera zuten gizona etxeko portaletik: propio osasun arta emateko hara heldua zen anbulantzia batera eraman zuten, etzanda. Lekuko izan zen bizilagunaren arabera, bihotza geratu zitzaiola esana zuten ordurako, eta eskuburdinak kendu egin behar zitzaizkiola. Familiak ez zuen, ordea, egoeraren larritasunaren berri. Anbulantzia ondoan zegoen zain bikotekidea, gizona bere onera noiz etorriko, eta handik etorri zitzaizkion abisua ematera: «Sentitzen dugu. Ahal dugun guztia egin dugu, baina joan egin zaigu». Orain, zer gertatu zen ikusita, ez dute ulertzen zergatik ez zuten osasun profesionalek eskailburuan bertan artatu, eta susmo ilunak besterik ez dute gertatu zenaren inguruan.

BERRIAk galdera egin die psikiatriako eta auzitegi medikuntzako adituei. Lesio horietako batzuk gizonak eldarnioan egindakoak izan daitezkeela azaldu dute, eta ertzainek mendean hartzeko egindako ahaleginaren ondorio ere izan daitezkeela beste batzuk. Onartu dute zail izaten dela usu halako pazienteak kontrolatzea, eta egoera asko mingarriak izaten direla oso familientzat. Alde horretatik, egoera horretan dauden pazienteen arta hobetze aldera, bada zer findua, operazio horietan parte hartzen duten profesionalen trebakuntza hobetzeko ere bai.

Arartekoaren ikerketa

Heriotzaren berri izanda, EAEko Arartekoak bere kabuz egin zuen Eneko Valdesekin zer jazo zen argitzen hasteko lehenengo urratsa, ofizioz. Otsailean bertan izan zen. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari eta Astigarragako Udalari biei eskatu zien informazioa, eta noiz jasoko zain dago orain.

Ondoren, Valdesen familiak ere jo du erakundera, bere lekukotasuna ematera eta gertatutakoaren inguruan dituen susmoak adieraztera. Haiei ere gertatutakoaren gainean duten informazio guztia helarazteko esan die arartekoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.