Familia baten etxe kaleratzea atzeratzea lortu dute Burlatan

Ostegunean kaleratzeen inguruko dekretu berria eztabaidagai izango dute Espainiako parlamentuan

Erredakzioa
Iruñea
2012ko azaroaren 27a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Bertan behera utzi dute Burlatako (Nafarroa) familia baten etxe kaleratzea, aldi baterako. Hipotekak kalte egindakoen Nafarroako plataformako ordezkari batekin, Pilar Martinez etxearen jabeak Iruñeko epaitegian hiru idatzi aurkeztu zituen atzo. Etxe kaleratzearen kontrako errekurtsoak aurkeztu ez ezik, epailearekin hitzordua ere eskatu zuen Martinezek, haren familiaren egoeraren berri emateko eta «kontzientzia eragozle» bihurtzeko eskatzeko. Hori gertatu ezean, eta etxe kaleratzeak aurrera egingo balu, noiz gerta daitekeen zehazteko eskatu zuen. Kaleratzea saihesteko asmoz, 200 pertsona inguru bildu ziren etxe aurrera, 09:00 aldera. Hala izanik, poliziek kalea itxi zuten eta autoen zirkulazioa desbideratu.

Jorge Burgos Burlatako Hipotekak Kalte Egindakoen Plataformako kideak jakinarazi duenez, familiaren egoera «bereziki kritikoa» da. Martinez Burlatako udaleko langilea da eta gizarteratze kontratua du, baina abendu amaieran bukatuko zaio lan kontratua. Senarra, berriz, langabezian dago, eta minbizia du. 5 eta 15 urte arteko hiru seme-alabekin bizi dira etxean. Horregatik, Burgosek udalari eskatu dio hutsik dituen etxeetako bat uzteko familiari.

Jakinarazi dutenez, Burlatako epaitegitik dei bat jaso zuen familiak, atzoko egunean etxean egoteko eskatuz. Ez zieten besterik azaldu. Azalpen gehiago ez, baina etxetik kaleratzera etorriko ziren susmoa hartu zuten. Hipotekak Kalte Egindakoen Plataformak salatu bezala, epaitegiek aurretik erabili izan dute sistema hori, mobilizazioak saihesteko asmoz; ez dute ez arrazoirik ez ordurik ematen.

Hala izanik, goizeko lehen orduetatik jendetza bildu zen familiaren etxe aurrera, kaleratzeen kontrako plataformak deituta. Etxeko leihoetako batean pankarta bat eskegi zuten, epaileei dei eginez, «Epaileak, bankuen diru biltzaileak? Beren kontzientzien kontrako sententziak ematen dituzte», irakur zitekeen. Etxe kaleratzea geldiaraztera bildutakoen artean ziren NaBaiko, Bilduko eta Ezkerrako ordezkariak ere.

Lege dekretuaren kontra

Etxe kaleratzeak erregulatzen dituen Espainiako gobernu dekretu berria eztabaidagai izango dute ostegunean Espainiako Parlamentuan. Onartzea espero dute, PPk gehiengo absolutua baitu. Horren kontra agertu dira, ordea, Amaiurreko parlamentariak, eta dekretuari ezezkoa emango diotela berretsi dute. Prentsa ohar batean nabarmendu duenez, Mariano Raxoiren gobernua «presaka eta gaizki» aritu da etxe kaleratzeen inguruan. «PPk ez du, inondik inora, zalantzan jartzen espekulazioan oinarritutako eredua», salatu du Amaiurrek.

Egiturazko arazo bati dagokion arren, erantzuna ez dago bideraturik horrelako arazo bat konpontzera, Amaiurren ustez: «Arazo estruktural bati irtenbiderik ematen ez dion izaera koiunturaleko adabaki baten aurrean gaude. Ez du hipoteka legea ukitzen, dekretuak ez du atzera egiteko eraginkortasunik eta etxebizitza eskubideak bermatu gabe segitzen du».

Jakinarazi dutenez, orain arte, Espainian, Galizian, Herrialde Katalanetan eta Hego Euskal Herrian 400.000 hipoteka gauzatu eta 185.000 kaleratze baino gehiago egin dituzte. Gogor salatu dute legea «banku horien mesederako» egina dagoela.

Hego Euskal Herrian etxebizitza duinerako eskubidea bermatzeko, etxebizitza institutu publikoa sortzeko beharra aldarrikatu eta gaiaren inguruan eztabaidatzera deitu dituzte eragile sozialak, politikoak eta sindikalak.

Gaur, berriz, Bilboko epaileekiragan astean etxe kaleratzeen inguruan adostutako protokoloa Eusko Autonomi Erkidegoko beste epaitegietara zabaltzea eztabaidatuko du Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegiak.

Bestetik, Arabako Stop Kaleratzeak plataformak deituta, manifestazioa egingo dute Gasteizenzapatuan. Hipotekei aurre egin ezin diezaieketenen kaleratzeak amaitzeko eskatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.