Euskal Herri osoko farmazialari euskaldunak batzen dituen elkartea da Feuse. 30 urte bete ditu, eta martxoaren 6an ekitaldi bat egin zuten Donostian urtemugaren harira. Estibaliz Goienetxea Soto diruzainak (Donostia, 1980) eta Ainhoa Oñatibia Astibia kudeatzaileak (Donostia, 1989) elkartean saretuta jarduteak dakarren indarra nabarmendu dute. Osasun profesionalen eta pazienteen arteko harremanak erdaretan eraikiak izaten dira oraindik askotan, eta uste dute beren jardunak ere berebiziko garrantzia duela hizkuntza ohitura berrien bila egin beharreko lanketan.
Euskaltzaletasuna indartu behar dela nabarmentzen da gero eta usuago euskalgintzan. Zuenaren moduko elkarteek berebiziko garrantzia dute. 30 urte bete dituzue. Zer bide egin du?
Goienetxea: Lurralde guztietako kideak dituen elkartea da gurea: Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa, eta baditugu Iparraldeko kideak ere. Oraintxe bertan 216 kide gara, eta, azkenean, helburua da farmazia arloan ere euskararen normalizazioa bultzatzea. Duela urte asko, hasi ginenean, behar handia zegoen; profesioko materialak-eta, informazio gehiena, estatuetatik dator, eta ingelesez ere bai askotan. Beharra zegoen euskaratzeko, eta elkartea helburu horrekin sortu zen; euskarazko dokumentuak eta euskara, oro har, bultzatzeko. Arreta ematean ere, farmazialari gisara, —bai farmazietan eta baita erietxetako farmazietan ere—, pazienteekin egoten gara, eta euskaraz aritu behar dugu. Gauza asko egin dira urteotan. 2002an, adibidez, hiztegi bat egin genuen hitz teknikoekin. Gero, aurrerago, digitalizatu egin genuen.
«Elkartea helburu horrekin sortu zen: euskarazko dokumentuak eta euskara, oro har, bultzatzeko»
ESTIBALIZ GOIENETXEA Feuse elkarteko kidea
Oñatibia: Hasierako lana izan zen farmazietan erabiltzeko moduko testuak euskaratzea. Gero, hiztegiarekin, bultzada bat eman zen. Eta ordutik aurrera saiatu gara euskarazko testuak dibulgatzen; Farmaberria izeneko aldizkaria daukagu, adibidez, digitalki egiten dugu gaur egun, eta ja 80. zenbakia atera dugu aurten. Izaten dira hiru edo lau urtean, eta hor saiatzen gara euskarazko testuak sortzen. Testu laburren saria ere egiten dugu urtero; osasunaren eta farmaziaren inguruan euskarazko testuak bultzatzea izaten da ekinbide horren helburua, elkarteko kideen artean, eta baita kanpoan ere. Testu laburrak izaten dira, hirurehun bat hitzekoak, eta gaia librea izaten da, baina osasunarekin edo farmaziarekin egon behar du lotuta. Gero, elkartearen beste alderdi inportante bat Farmaburua saria izaten da; hiruzpalau urtetik behin, euskararen normalizazioa bultzatu duen pertsonari edo entitateari ematen diogu.
Erabileran du egun euskarak erronketako bat. Berrehun kide baino gehiago zarete zuek. Zuen lan eremuetan euskara sustatzeko zein urrats egiten dituzue?
Goienetxea: Gaur egun, asko aurreratu dugu alde horretatik: euskara oso zabalduta dago. Belaunaldi aldaketa izugarria dugu, eta egun gazte gehienek behintzat badakite, gero aritu edo ez... Orain, helburua da euskara gero eta barneratuagoa egotea arretan.
Oñatibia: Farmazian lehenengo hitza euskaraz entzuteak segurtasuna ematen die askori, konfiantza, eta farmazialariok ere egin dugu eboluzio bat lehen hitz hori euskaraz egiten; hori oso garrantzitsua da, eta gero eta gehiagotan lortzen da, ez da zerbait arrotza.
Egiaztatua dago, hain justu ere, pazienteen hizkuntza hautua errespetatzeak garrantzia duela arta onean...
Goinetxea: Osasun arretan, izugarria. Bai, bai. Eta lehen hitza euskaraz egitearen ohitura hartuko bagenu denok, edozein lekutan... Izan ere, pertsona batekin duzun lehen kontaktuak eragin handia du gero hortik aurrera erabiliko duzun hizkuntzan. Hor egundoko lana dugu egiteko.
Oñatibia: Eta gu Donostian gaude, euskaraz ikasi dugu, gutxiago edo gehiago gure ingurua euskalduna da, baina elkarteko beste kide askoren egoera bestelakoa da: zailtasun gehiago dituzte. Feusek, elkartean egoteak berak, nolabait ere lanean jardutera bultzatzen zaitu. Babes hori daukazu: elkartearena.
«Elkartean egoteak, nolabait ere, lanean jardutera bultzatzen zaitu. Babes hori daukazu, elkartearena»
AINHOA OÑATIBIA Feuse elkarteko kidea
Berrehun kide baino gehiago zarete. Handituz joan al da elkartea urteotan?
Oñatibia: Mantenduz joan da, esan genezake. Gipuzkoan eta Nafarroan dugu hedapena orain, batez ere, eta gure helburua da Bizkaian eta Araban gehiago zabaltzea; hori da elkartearen erronketako bat.
Goienetxea: Bai, pixkanaka gora doa, baina oso motel.
Esan duzue: gero eta profesional gehiagok dakite euskaraz, eta farmaziarekin lotutako ikasketak euskaraz egiten dituztenek ere gora egin dute urteotan. Horien aktibazioa da erronka? Zuenera hurbiltzea?
Goienetxea: Nola iristen dira gurera? Orokorrean, Farmazialarien Elkargotik. Hori hemen asko bultzatzen dugu. Orain helburua da Bizkaian, Araban eta Nafarroan ere elkargoetako kide berriei Feuseren berri ematea.
Ez zarete bakarrik ari arloan. OOE Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak ere, adibidez, urteak daramatza lanean. Norabide berean ari zarete?
Goienetxea: Bai, bai. Beti gonbidatzen gaituzte jardunaldietara, hitzaldiak ematen ditugu, beti kontuan hartzen gaituzte... Azkenean, gu ere, farmazialari moduan, osasun profesionalak gara. Oso harreman ona daukagu.