Udal eta foru hauteskundeak

«Fase politiko bat ireki den adierazle» dira emaitzak, ezker abertzalearen irudiko

Bilduren hauteskunde emaitzak «azken bi urteetan garatzen ari den apustuaren babes gisa» ulertu ditu

Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2011ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Agertoki berriaren aldeko apustua indartuta atera da igandeko hauteskundeetatik, ezker abertzalearen ustez. «Independentistek eta suberanistek jasoriko emaitzek azken bi urteotan garatzen ari garen apustu politikoari babesa eta zilegitasun are handiagoa ematen diote». Marian Beitialarrangoitiak atzo Donostian azaldu zuenez, «gizarteak ulertu du fase berriaren aldeko apustua, eta horri babesa eman dio».

Herritarrek beren botoekin aldaketa instituzionala behartzeaz gain «aldaketa sakonagoa» ere jarri dute abian, ezker abertzalearen irudiko. «Bilduk metaturiko indarrak eta energiak indar geldiezina sortzen dute».

Babes zabala lortu du Bilduk udal eta foru hauteskundeetan, 315.000 boto inguru eskuratu baititu. «Herritarren garaipena» izan da hori, ezker abertzalearen ustez, eta EAk, Alternatibak eta independenteek osatutako koalizioa zoriondu du. «Europan euskal estatua sortzeko» bidean «beste geltoki bat» izan dira igandeko hauteskundeak, ezker abertzalearen ustez. Eta geltoki gehiago ere etorriko direla dio. Hurrengoak prozesu demokratikoa behar du izan: «Herritar ororen eskubide zibil eta politikoak bermatuko dituen indarkeriarik gabeko eta normalizazio politikoko agertokia eraikitzeko prozesu demokratikoa».

Abiatutzat jo duten fase politiko berrian alderdien arteko elkarrizketak abiatu behar direla azaldu du Beitialarrangoitiak, Miren Legorbururekin, Rufi Etxeberriarekin, Txelui Morenorekin, Marine Pueyorekin eta Niko Morenorekin batera emandako prentsaurrekoan. Elkarrizketa horietan alderdi guzti-guztiek parte hartu behar dute ezker abertzalearen iritzian, «aukera berdintasunean». Horretarako Sortuk legezko izan behar duela ohartarazi du.

Ez da hori aldatu beharreko gauza bakarra, Beitialarrangoitiak azaldu duenez. Izan ere, hauteskunde emaitzek errepresio ororen «finikitoa» ere exijitu dutela ulertu du ezker abertzaleak: «Mugimendu independentistaren aurkako errepresio orok eten egin behar du. Horrela, estatu espainiar eta frantziarrari dei egiten diegu urgentziaz Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren kontra gauzatzen duen espetxe politika kriminala bertan behera utz dezan».

Beste bi eskaera zuzen ere egin ditu ezker abertzaleak: Espainiaren eta Frantziaren oztoporik gabe, egiaztatze batzordea martxan jarri behar dela eskatu dute, batetik; eta ETA eta Espainiako Gobernuaren artean negoziazioak hastea ere galdegin du, «gatazkaren ondorioei ekiteko».

Aro berria «egonkortzeko eta garatzeko» gainerako eragileen parte hartzea ere ezinbestekoa dela uste du ezker abertzaleak, eta horregatik, inplikatzeko eskatu die haiei guztiei. Ezker abertzaleak bide hori egiteko «konpromisoa eta ilusioa» berritu dituela jakinarazi du, eta euskal gizarteari dei egin dio «demokrazia politiko eta sozial berri bat eratzeko egiazko motor eratzailea izan dadin».

Espainian ere izan ziren hauteskundeak igandean, eta PP erraz gailendu zaio PSOEri. Horrek prozesuan zein eragin izango duen galdetuta, Espainiako Gobernuan dagoena egonda ere prozesua ez dela geldituko esan du ezker abertzaleak; azkartu edo makaldu daitekeela, baina gelditu ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.