POLITIKA

"Fase politiko berri honetan" desegin egingo dela iragarri du Batasunak Baionan

Ziklo politiko baten amaierari erantzuten diola azaldu du alderdiak: "Behartuak gara gaur gainditutzat jotzen dugun fase politiko batean Batasuna sortu zela egiaztatzea. Fase politiko hori bukatua denez, amaitutzat jo behar dugu Batasunaren aroa ere".

2013ko urtarrilaren 3a
16:43
Entzun

"Euskal Herria fase politiko berri batean da. Fase horri heltzeko, Ezker Abertzalearen erakundeetan egokitzapen urratsak egin dira azkeneko hilabeteetan. Horien artean, gogoratuko duzuenez, Segiren eta Askatasunaren desagerpena. Idatzi labur honetan, logika horretan egitekoa dugun azkeneko urratsaren berri eman nahi dizuegu: Batasunaren deuseztatzea". Hala jakinarazi du Batasunak alderdia desegiteko erabakia.

Batasunak bere ibilbide osoan eraikuntza nazionalaren alde egin duela adierazi dute Maite Goienetxe eta Jean Claude Agerre Batasuneko kideek, Baionan eginiko agerraldian. Gaineratu dute alderdia desegiteak ziklo politiko baten amaierari erantzuten diola. Goienetxeren hitzetan, "Batasunaren denbora iragan da, eta tresna politiko berriak behar dira".

Alderdiak eginiko bidearen harro azaldu dira bi eledunak. Loiolako negoziazio prozesuaren ondotik ezker abertzaleak eztabaida egin eta "lan eskema berritua" osatu duela oroitarazi dute, Zutik Euskal Herria txostenean islatzen dena. Eskema berri horren ondorioz etorri ziren 2011ko urriaren 17an eta 20an Aieteko konferentzia eta ETAren ekintza armatuen behin betiko bukaera, Batasunaren arabera.

Iparraldean ere egoera politikoa aldatu dela nabarmendu dute. "Eskema berriaren araberako urratsak egiten hasi gara, eta lehen emaitza garrantzitsuak erdietsi ditugu. Horien artean, mugimendu abertzale eta ezkertiar guzien artean adostu dugun akordio estrategikoa", azaldu du Goienetxek.

"Behartuak gara gaur gainditutzat jotzen dugun fase politiko batean Batasuna sortu zela egiaztatzea. Fase politiko hori bukatua denez, amaitutzat jo behar dugu Batasunaren aroa ere", adierazi du. "Izenen gainetik, garrantzitsuena da gure borrokari eraginkortasuna bermatzea eta hori segurtatzeko beharrezkoak ditugun tresnak aro politiko bakoitzari egokitzea". Helburu horri erantzuteko asmoz erabaki dute alderdia desegitea. "Fase politiko berri bat eraikitzen hasi gara, bide horretan segitzeko borondatea dugu, eta, horretarako, Batasuna ez da gehiago tresna politiko egokia".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.