Ernaiko bozeramailea

Amaiur Egurrola: «Faxismoa ez da masa nahasi bat, baizik eta estrategia, agenda eta gorputza dituen ideologia bat»

Ernairen udako dinamikaz eta irailak 13an Donostian egingo duten manifestazioaz aritu da Egurrola. Haren esanetan, «Euskal Herriaren eraikuntza bera izango da faxismoari aurre egiteko modurik eraginkorrena».

JON URBE / FOKU
JON URBE / FOKU
Hernani
2026ko irailaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ernai gazte antolakundea Euskal Herria irabaztera! Faxismoari ez! dinamikan aritu da udan, eta sasoiari amaiera emateko manifestazio bat egingo du irailaren 13an, Donostian. Amaiur Egurrola Ernaiko bozeramaileak (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 2001) azpimarratu du egungo egoeran «inoiz baino zentzu handiagoa» duela faxismoari buruzko dinamika bat aurrera eramateak.

Mobilizazio baten bitartez emango diozue hasiera ikasturteari. Zer dela eta jarraitu duzue dinamika horrekin?

Azken urteetan, irail hasieran mobilizazioa egin du Ernaik, momentuan dagoen gai hori hartuta, baita gazteak mobilizatzen dituzten kezken arabera ere. Gure kongresuari erreferentzia eginez, Ernaik maiatzean berretsi zituen bere bi konpromisoak: Euskal Herriarekin duena eta gazteriarekin duena. Uste dugu inoiz baino zentzu handiagoa duela faxismoari buruzko dinamika bat aurrera eramateak. Izan ere, azkenaldian batean eta bestean entzuten dira faxismoaren inguruko kezkak, baita oldarraldiaren eta erreakzioaren askotariko aurpegiak agertu ere, eta, beraz, ikusten genuen ezinbestekoa genuela horren inguruko dinamika bat abiaraztea, kontuan hartuta gazteria kezkatzen duen eta gure proiektua bera ere zalantzan jar dezakeen gai bat dela.

Euskal Herria irabaztera! Faxismoari ez! da irailaren 13ko manifestazioaren leloa. Zergatik?

Faxismoa gazteria kezkatzen duen gai bat da, baina, batez ere, ulertzea merezi duen gai bat; merezi du ulertzea zer den faxismoa eta, horren barruan, zer den bizitzen ari garen garaia, bortizkeria handikoa eta erreakzioa azaleratzen ari dena. Horregatik uste dugu izena jarri behar zaiola guztiari. Euskal Herria irabaztera! Faxismoari ez! leloak berak badu edukia, eta gure tesia da: Euskal Herrian faxismoak ez du beste toki batzuetan izan duen sarbiderik. Faxismoa ideologia bat da, antolaketa bat duena, agenda bat, eta estrategia bat; hau da, egitura bat. Hortaz, argi izan behar dugu faxismoaz hitz egiten dugunean ez dugula masa nahasi batez hitz egiten, baizik eta estrategia, agenda eta gorputza dituen ideologia batez.

Zergatik ez du sarbide errazik hemen?

Euskal Herrian sartzeko zailtasun gehiago ditu, baina ez gaude salbu, nahiz eta antigorputz batzuk baditugun. Hain zuzen ere, Euskal Herria irabaztera! dioen lelo zatiaren konnotazioan eta historia guztian daude antigorputz horiek; Euskal Herrian azken hamarkadetan egin diren mila borroka horiengatik du faxismoak sarbide zailagoa beste tokietan baino. Hemen bada beste kontzientzia nazional bat, herritarra: askotariko zapalkuntzei aurre egiteko orduan, beste filosofia batekin jardun da. Udan gauden honetan, adibide batekin ikus dezakegu: jai herrikoiak. Elkarlanean antolatzen diren jai herrikoiak bestelako balioen arabera eraikitzen dira; komunitatea egiteko eta pertenentzia sentimendua eraikitzeko balio dute. Beste adibide askorekin batera, Euskal Herrian ehundu den borrokaren seinale eta ondorio dira jai herrikoiak.

«Mundua hankaz gora dago, baina Euskal Herrian ilusiorako eta itxaropenerako aukera dago, eta itxaropen hori ez da hutsala: indarra da potentzial askatzaile baterako eta antolakuntzarako»

Zeri erreparatzen diozue oldarraldi erreakzionarioaz hitz egiten duzuenean?

Erreakzioaz hitz egiten dugu, zeren eta faxismoa masa nahasi eta homogeneo moduan ulertzen da, eta faxismoa izendatzea eta zer den ulertzea ezinbestekoa da hari aurre egiteko. Garrantzitsua da azpimarratzea azken hamarkadetan faxismoak espainolismoaren eta frantses jakobinismoaren forma hartu duela Euskal Herrian. Bi estatu horiek ukatu dizkiote Euskal Herriari bere nazio izaera eta nazio gisa herriek dituzten eskubideak; hizkuntza eskubideak eta kulturalak, besteak beste.

Faxismoari abizenak jartzen dizkiozue, beraz? 

Frankismoan argi ikusi genuen faxismoa, baina hamarkadaz hamarkada Euskal Herrian bizi izan dugun askotariko errepresioan ere ikusi dugu. Faxismoa izendatzea eta ezaugarritzea garrantzitsua da hari aurre egiteko estrategiak zehazteko. Horregatik, uste dugu faxismoaren aurkako estrategia Euskal Herriaren ikuspuntutik eraiki behar dela. Hala, Euskal Herriaren eraikuntza bera izango da faxismoari aurre egiteko modurik eraginkorrena.

Zer alternatiba eskaintzen diozue euskal gazteriari?

Batetik, Ernaik euskal gazteriari eskaintzen dion alternatiba Ernai bera da, tresna moduan. Ernai gaurkotu dugu, eta tesi eguneratu bat osatu Ernai euskal gazteriaren etxea eta heldulekua izan dadin. Bestetik, askapen prozesura batzeko aukera eskaintzen dugu. Nolabait, eskaintza bikoitza egiten dio Ernaik gazteriari: antolatzeko eta askapen prozesura batzeko proposamena, eta, askapen prozesu horretatik abiatuz, gaurkotasuna duten problematikak lantzeko eskaintza. Faxismoaz eta Euskal Herriaren egoeraz egiten dugun irakurketa baita askapen prozesuari lotzea dela herri hau bizitzeko eta tokiko arazo zein arazo globalei erantzuteko modurik eraginkorrena. 

Lanketa egin duzue hainbat herri eta auzotan. Nolakoa izan da horren lurreratzea?

Oso pozik gaude. Ikusten da gazteak biltzen ari direla eta jendea antolatuta dagoela. Herriko festetan, gazteok mobilizatzeko gaitasuna izan dugu, aldarrikapenak egin dira, eta uda emankorra izan da. Horren adibide da Munduko Kopan zenbat gazte mobilizatu ziren Euskal Herriaren pultsu nazionala kalera ateratzeko eta Euskal Selekzioaren aldarrikapena erdigunean jartzeko. Beraz, iraileko mobilizazioari begira, espektatiba horiei eusten diegu.

IV. Kongresuko prozesua amaitu duzue; emaitzak antzeman dituzue jada?

Bai. Uste dugu Ernaik jakin duela momentuari egokitzen. Kongresuak eta haren osteko funtzionamenduak fruituak eman dituzte, eta egungo aktibazioa horren adierazle da. Gure tesia berresten dela ere ikusi dugu. Mundua hankaz gora dagoen honetan, Euskal Herrian ilusiorako eta itxaropenerako aukera badago, eta itxaropen hori ez da hutsala: indarra da potentzial askatzaile baterako eta antolakuntzarako.

Zein dira datorren ikasturterako erronkak?

Orain arte bezala, eskaintza bat egin behar dugu, eta antolatu. Gure bide orria argia da, eta aurrerantzean ere, kongresuan berretsitako bi printzipioak izango dira gure lehentasuna: Euskal Herriarekin eta gazteriarekin ditugun konpromisoak. Beraz, datorren ikasturtean ere hori izango da gure lerro eta dinamika iraunkorra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA