«Militantzian oinarritutako antifaxismoa hedatu behar dugu», mintzatu zaizkie IAS Ikasle Antolakunde Sozialistako bozeramaileak Donostiako Trinitate plaza beten duten dozenaka gazteei. «Premiazko» bi zeregin jarri dizkiete: alde batetik, faxismoaren eta inperialismoaren kontrako «ikasle mugimendu handia» osatzea, militantzian oinarritua; bestetik, «alderdi erreformisten ezintasuna» ikusita, berriro alderdi komunista indartsuak sortzen laguntzea.
Faxismoaren eta inperialismoaren kontrako mobilizazioak antolatu ditu IASek gaur Baionan, Bilbon, Donostian eta Iruñean. Kezkatuta daude, ideia horien zabalkunde orokorraren barruan, «kultura erreakzionarioa» eta faxismoa gazteen artean indartzen eta normalizatzen ari direlako.
«EAJk eta PSE-EEk faxismoari alfonbra gorria jartzen diote, eta antifaxistak kriminalizatzen dituzte: talde biolentotzat hartzen dituzte, saldu egiten dituzte boto ziztrin batzuen truke»
IKASLE ANTOLAKUNDE SOZIALISTA
«Antolatuta gaude, borrokatzeko prest gaude; ez zarete hemendik pasatuko», esan dute, txalo artean. Onartu dute, hala ere, pixkanaka Euskal Herrira iristen ari direla. Haien ustez, horren adibidea da Vox alderdi ultraeskuindarrak Gasteizen, EHUren campusean, egin zuen ekitaldia. «Zein da erakundeen erantzuna?», galdetu dute. Erantzuna: «EAJk eta PSE-EEk faxismoari alfonbra gorria jartzen diote, eta antifaxistak kriminalizatzen dituzte: talde biolentotzat hartzen dituzte, saldu egiten dituzte boto ziztrin batzuen truke».
Dozenaka gazte elkartu dira eguerdian Donostiako Bulebarrean. Berez, manifestazioak 12:00etan hasi behar zuen, baina eguerdiko sirenak jo du, Koruko Andre Maria basilikako kanpaiek ere bai, eta manifestazioa ez da hasi. Ordu laurden geroago hasi da, petardo baten danbadarekin batera. Petardoa lehertu orduko, bozgorailuek ozendutako oihuak: Faxismoa borrokatu izan da oihu nagusia. Faxismoaren eta inperialismoaren aurka, ikasle langileok borrokara izan da pankarta nagusiko mezua.
Petardoak eta ke poteak
Bulebarretik Parte Zaharrera sartu dira. Bidean, pankartak, faxismoaren gorakadari aurre egiteko ikasle langileak antolatzera gonbidatzeko. Pankartetan, Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentea eta Santiago Abascal Voxeko burua.
Petardoen danbadak eta ke poteak etengabeak izan dira ibilbidean. Ez polizienak, antolatzaileenak baizik. Parte Zaharreko kale estuetan barrena ibili dira, eta geldialdiren bat ere egin dute mobilizazioaren argazki txukunak atera ahal izateko. Turistak, harrituta. Batzuk galdezka, ea aurrera zetorren jende eta banderola gorri saldoak zer eskatzen zuen. Beste batzuek ez dute azalpenik eta itzultzailerik behar izan pankarta nagusiko faxismoaren eta inperialismoaren hitzak ulertzeko.
«Ikasleen garaia da, ikasle langileok borrokara batzeko garaia, lehen lerroa hartzeko garaia»
IKASLE ANTOLAKUNDE SOZIALISTA
Plaza Berrian, Trumpen eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren irudiak pankarta batean, eta mezua: Inperialismo genozida. Ez gara zuen gerretan hilko. Koruko Andre Maria basilikaren parean, unibertsitateari buruzko erreferentzia pankarta batean: Unibertsitatean faxismoaren normalizaziorik ez.
Ikasleak Trinitate enparantzara iritsi direnean zain izan dituzte IASeko bozeramaileak eta hainbat mezu: gerra industriari ez laguntzeko eta frankismoaren oinordekoen kontra kaleak hartzeko eskatzeko, besteak beste. «Faxismoaren eta inperialismoaren aurrean izango gaituzte», esan diete ikasle mugimenduko bozeramaileek. Inperialismoa «inoiz baino indartsuago» dagoela eta «faxismo berri bat» osatzen ari dela ohartarazi diete. Faxismo berri horren adierazle dira, haien arabera, alderdi politiko faxisten gorakada, kaleko talde bortitzak ugaritzea eta gazteei bideratutako propaganda erreakzionarioa.
Trump, zerura
Kuba izan dute gogoan. Trumpen eta AEBen neurriak Kubaren kontra. «Onartezina da», esan du bozeramaileetako batek, eta gazte batzuek su eman diote Trumpen irudi handi bat zuen pankarta bati. Erraustu eta zeruratu egin da AEBetako presidentea, ikusleen txalo zaparradak lagunduta. Israel Palestinan egiten ari den genozidioa salatu dute gero. Israel suntsitzeko eskatu, eta palestinarren erresistentzia goratu.
Eskerrak eman dizkiete bertan bildutakoei eta ikastetxeetan batzordeak sortzeko eta mobilizazioetan parte hartzeko lanean aritu direnei. «Ikasleen garaia» dela uste dute, «ikasle langileok borrokara batzeko garaia», eta borroka horren «lehen lerroa hartzeko garaia».