«Antolakunde gaztea gara, baina ez dugu gazte antolakundea izan nahi». Argi mintzatu da Irene Ruiz Itaia emakumeen antolakunde sozialistako kidea taldearen etorkizunaz. Esplikatu duenez, antolakundearen helburuetako bat da beren «gorputz organizatiboa sendotzea», faxismoaren eta matxismoaren kontra borrokatzeko; eta horretarako potentzialitatea gazteengan kokatu du: «Adin horretan gailentzen delako desatxikimendua ezkerreko alderdiek bultzatzen duten politika egiteko moduekiko».
Aldi berean, baina, kolektibo migranteengana, lan sektore feminizatuetako langileengana, eta prostituzioan daudenengana iristea ezinbertzekoa zaie, baita horretarako programa politiko bat garatzea ere. Hain zuzen, emazteki helduago horien aldarrikapen eta beharrak ere bere egin nahi dituzte: «Aitortu nahi diegu estrategia sozialista hau aurrera eramateko betetzen duten funtzioa. Hain zuzen, sektore horietan zentzu komun sozialistarekin atxikimendu bat sortzen hastea, haien bitartez lortuko baitugu gero eta babes handiagoa izatea geruza helduagoetan».
Emakume langileon borroka eta hegemonia sozialista izenburupean egin duten solasaldiko parte hartzaileetako bat izan da Ruiz, Maitane Urkolarekin batera eta Joyce Errasti zutela gidari. Antolakundearen topaketan bildu dira Donostian, ehunka emakume zituztela lagun. Taldearen hastapenaz, feminismoarekiko duten jarreraz, faxismoaren eta matxismoaren kontra borrokatzeko beharraz, hegemonia sozialistaz eta datozen urteetarako bide orriaz mintzatu dira, bertzeak bertze.
Memoria ariketa batekin hasi du saioa Urkolak: antolakundearen eta, oro har, mugimendu sozialistaren hastapenean egon zirenak «krisiaren seme-alabak» izan ziren. Hain zuzen, 2008ko krisiaren ondoko urteetan, ezker abertzaletik ematen ari zen erantzunaren bueltan «desatxikimendua» sortzen hasi zen, Urkolaren erranetan. Bada, horren inguruko jarrera kritikoa hartu zuten zenbaitek: «Guk asmatu genuen formari ez ezik, estrategia orokorrari ere kritika egiten; planteatzen zen helmuga bera kritikatzen genuen, ikusten genuelako momentu hartan gertatzen ari zen instituzionalizazioa, planteatzen ari ziren aldarrikapenak lausotzen ari zirela. Horrek guztiak aukera eman zigun beste bide bat hartzeko». Bada, erran dute bide horrek erreferente politiko izatera eraman dituela.
Ruizek adierazi du ezinbertzekoa zitzaiela mugimendu horretan emakumeen fronte bat sortzea, eta hautu politiko eta kontzientea izan zela. «Emakume langileen zapalkuntzari sozialismotik erantzuteko, ideia sozialistak emakume langileen artean zabaltzeko eta eraikuntza prozesu honetan emakume horiek izan zitezen agente aktibo eta militante», adierazi du. Ordu hartan zuten gaitasuna mugatua zela onartu du Ruizek, baina bazekitela pentsatzen hasi behar zirela nola eragin milaka emakume mobilizatzen ari ziren espazio horietan: «Tesi sozialistak zabaltzen hasteko, eta problematizatzen hasteko ordura arte jarduteko eta emakumearen auzia aztertzeko zeuden modu horiek guztiak. Horrek, pixkanaka-pixkanaka, feminismoaren inguruko gure posizioa definitzeko lanetan jarri gintuen, eta lan horien parte izan zen kasuan kasu pentsatzea ea nola ahalko genukeen leku bat hartu hor».
Ordu hartan feminismoak hegemonia politikoa zuela adierazi dute, eta Itaiatik hegemonia sozialista helburu dutela. Zertaz? Bada, Urkolak adierazi du sistema kapitalistaren baitan bizitzeak langile klasearen subordinazio etengabea dakarrela, eta, hortaz, beharrezkoa dela bertzelako gizarte eredua, langile klasea ongi bizi dadin. «Gure eginbeharra da guztiontzat bidezkoa izango den gizarte bat gorpuztea, eta hori posible dela azaldu eta emakumeak horretara batzea», gehitu du. Ezker sindikalismoaz kritiko mintzatu da, erranez hobekuntza minimo batzuk lortzen dituela; «erabat ikuspegi ekonomizistatik» eginak, gainera. «Hori ez da guretzat aukera bat».
Oldarraldi erreakzionarioa
Antolakundeaz beraz aritzeaz ez ezik, egungo testuinguru erreakzionarioa ere aletu dute: Ofentsiba ekonomikoa, oldarraldi erreakzionarioa eta ezkerraren papera izenburupean mintzatu dira Nadia Perez eta Naia Izko Itaiako kideak.
Izkok esplikatu du egungo testuinguru erreakzionarioak oinarri kapitalista duela, kapitalarendako «funtzionala» delako. Izan ere, haren irudiko, krisi garaietan kapitalismoak «berregituratze basatia» jartzen du martxan, eta, ondorioz, langileen esplotazioa areagotu egiten du, egiturazko langabezia ezartzen da, eta erdiko klase izan den hori estutuz doa, bertzeak bertze.
Baina nola hartzen du esku ultraeskuinak? Izkok erran duenez, berregituratze horretan, ideien polarizazioa gertatzen da, batez ere erdiko klasean. Handitu egiten dira bazterretan daudenen kontrako diskurtsoak, baita ezkerreko alderdietan ere. Izan ere, erran du EAJko eta EH Bilduko zenbait agintarik egindako adierazpenetan nabarmenak direla klasismoa eta arrazismoa.
Feminismoaz mintzatu da Perez, eta «ekarpen argiak» egin dituela onartu du, baina badituela hutsuneak, hala nola azken urteetan feminismoaren programa politikoa instituzionalizatu izana. Ordea, adierazi du feminismoa bera ezin dela termino homogeneoetan ulertu, eta, hortaz, inportantea zaio bereiztea feminismoaren programa politikoa eta feminismoarekin identifikatu eta horren barruan mugitzen den sektore bat. «Jende asko horren parte bada ere, eztabaidarako irekita dagoelako, eta hori guretzat oso inportantea delako», adierazi du.
Hain zuzen, ezinbertzekotzat jo du «eztabaida arrazional» batzuk izatea emaztekien zapalkuntza amaitzeko proposamen estrategiko egokiena bilatzeko. Bada, nabarmendu du proposamen estrategiko horretan emakume langileek lehen lerroan egon behar dutela: «Oldarraldi erreakzionarioari ezin zaio proposamen erreformista batetik erantzun, beharrezkoa da matxismoaren eta faxismoaren kontrako borroka komunismotik antolatzea».