Fernandez: «Akordioek partekatuak izan behar dute; bestela, ez dira izango»

Baketik elkarteko zuzendaria izan da bake eta bizikidetzarako lantaldeak hartu duen lehen ordezkaria

Jonan Fernandez, atzo, Eusko Legebiltzarreko lantaldean. BERRIA.
Erredakzioa
Gasteiz
2012ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarreko bake eta bizikedatzarako lantaldean lortutako akordioek «partekatuak izan behar dute; bestela, ez dira izango». Jonan Fernandez Baketik elkarteko zuzendariaren arabera, horixe da lantaldearen helburuak lortzeko giltza: «Bakea eta bizikidetza ziurtatzeko, oso garrantzitsua da akordio partekatuak lortzea». Legebiltzarreko lantaldeak atzo goizean hartu zuen lehen ordezkaria: Jonan Fernandez. Gatazkak dozenaka urtetan eragindako ondorioei aurre egiteko hartu beharreko neurriez mintzatu zen Fernandez. Akordioak lortzearen balioa nabarmendu zien lantaldeko kideei, haiekin bildu ondoren azaldu zuenez.

Hala ere, Fernandezek ez zuen informazio gehiago eman nahi izan lantaldean egin zuen agerraldiaren inguruan. «Zuhurtziaz» jardun behar dutela uste du, eta goraipatu egin zuen lantaldea orain arte horrela aritu izana: «Barruko lanari eman dio garrantzia, ez izenburu handiei; guk ere bide horretan jarraitu behar dugu». Aurrerantzean ere, «zuhurtziaz» jarraituko du lantaldeak; ez du jakinarazi zein ordezkari hartuko duen hurrena, ezta zein agiriren gainean ari diren lanean ere. «Ez dugu sortu nahi beharrezkoa ez den itxaropenik eta presiorik lantaldearen inguruan», azaldu zuten lehengo astean.

Fernandezen esanetan, bake eta bizikidetzarako lantaldea pauso bat da konponbiderako bidean, «irekita» dagoelako sektore politiko eta sozial guztiei. UPD eta EA ez daude lantaldean, eta ezker abertzaleak ere uko egin dio parte hartzeari, beste alderdien baldintza berberetan ez dagoela iritzita. Fernandezen ustez, «oso zaila» da hasieratik alderdi guztiak mahai berean elkartzea. «Norbaitek ez parte hartzeak zaildu egiten du prozesua, baina uste dut lantalde honek ateak irekita dauzkala, eta hori da garrantzitsua».

Atzokoa bezalako agerraldien bidez ez ezik, idatziz ere bestelako ekarpenak jasotzen ari da lantaldea. Maiatz bukaera arte, ordezkaritza instituzionala duten alderdien iradokizunak jaso nahi ditu, baita Giza Eskubideen Foroko kide diren elkarteenak ere. Bakea eta bizikidetza lortzeko modua emateko eta «biolentzia ez errepikatzeko» hartu beharreko neurriei buruz galdetu die talde horiei; «adiskidetzean eta bizikidetzan» oinarritutako kultura bat lortze aldera, erakundeek zein neurri hartu behar lituzketen proposatzea galdegin die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.