Gaztetxeak eta gune autogestionatuak (eta VI)

Festak ere okupatu daitezke

Ugariak izan dira gaztetxe eta gazte asanbladak elkartzeko ahaleginak. Bilboko Aste Nagusiko Kranba konpartsak lortu du okupazioaren «ekosistemaren» elkargune bilakatzea, jai giroan eta festarako gogoa oinarri hartuta.

Okupazioaren aldeko mugimenduaren txosna, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Okupazioaren aldeko mugimenduaren txosna, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Gotzon Hermosilla - Leire Casamajou Elkegarai
2025eko abuztuaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

Bilboko Aste Nagusiko Kranba konpartsaren jatorria ulertzeko, iraganera jo behar da, eta, zehazki, okupazio mugimendua koordinatzeko saialdietara; KGB Bizkaiko Gaztetxeen Koordinakundea 90eko hamarraldian sortu zen, eta BOM Bilboko Okupazio Mugimendua, hurrengo hamarkadan: «BOM sortu zenean, Bilboko auzo ia guztietan zeuden gaztetxeak eta gazte asanbladak, eta Aste Nagusian egoteko beharra ikusi genuen, okupazioak bere lekua izan zezan», azaldu du Ane Suarez Litago (Bilbo, 1978) Kranba konpartsako kideak. «Bazeuden kontzeptu horrekin bat zetozen konpartsak, baina ez bere identitatea okupazioan oinarritzen zuen konpartsarik. Beharrezkotzat jotzen genuen okupazio hitza Aste Nagusian egotea».

2005eko apirilean egin zuten Euskal Herriko Okupazio Kongresua Bilboko Kukutza gaztetxean, eta hango eztabaidetan jorratu zen, beste gai askorekin batera, okupazioa jai eremuan eta aisialdian txertatzeko egokitasuna. Azkenean, 2008an sortu zen okupazio mugimenduaren konpartsa, Komantxe izenpean. «Hasieran, gazte asanbladek osatzen zuten konpartsa, baina, apurka-apurka, batu egin ziren okupazioaren ideiarekin bat egin eta inongo gaztetxe edo gazte asanbladatan ez zeuden norbanakoak eta lagun taldeak ere», esan du Suarezek.

Bilboko Konpartsen Federazioaren arautegiaren arabera, konpartsa sortu berriek bi urte eman behar zituzten federazioaren jardueretan parte hartzen, txosna jartzeko eskubidea lortu aurretik. Hala egin zuten Komantxeko kideek, baina 2010ean, estreinako aldiz txosna jarri behar zuten urtean, gauzak okertu egin ziren: Espainiako Auzitegi Nazionalak auzibideak abiarazi zituen Kaskagorri eta Txori Barrote konpartsen kontra, euskal presoen argazkiak erakusteagatik, eta, horren ondorioz, Bilboko Udalak txosna jartzea debekatu zien bi urtez, eta geroago, Komantxeri ere ezarri zioten debekua, beste bi konpartsen «estalkia» izan zitekeelakoan.

(ID_15230782) (Marisol Ramirez/@FOKU) 2025-08-17, Bilbo. Kranba konpartsa txosna
 
Kranba konpartsaren txosna, aurtengo Aste Nagusian, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Azkenik, Auzitegi Nazionalak ebatzi zuen presoen argazkiak erakustea ez zela delitua, debekuak kendu zituzten, eta Komantxek 2011ko abuztuan jarri zuen txosna lehenengo aldiz. Oso berezia izan zen Aste Nagusi hura: ordurako, giroan bazegoen Kukutza hustu eta eraisteko mehatxua —hilabete geroago hustu zen, irailaren 21ean—, eta Errekalde auzoko gaztetxearen aldeko aldarriek leku handia hartu zuten konpartsaren jardueran eta orobat Aste Nagusi osoan.

Konpartsakideek diotenez, lehenengo urte haiek, eta bereziki txosna jarri gabe eman zituzten urteak, oso garrantzitsuak izan ziren konpartsaren garapenerako. Alde batetik, gainerako konpartsetan zeuden mesfidantzak uxatzeko balio izan zuten. Gisele Felli Gorritxo (Barakaldo, Bizkaia, 1986) konpartsako kidea da: «Nik uste dut ez zirela askorik fidatzen punki eta gaztetxeroek osatutako konpartsa batez, baina erakutsi genuen bagenekiela gauzak ganoraz egiten». Beste aldetik, konpartsaren jarduerari esker Bizkaiko okupazio mugimenduaren eragileek elkar ezagutu zuten, eta haien arteko harremanak sendotu zituzten.

«Gure artean oso desberdinak gara, eta autogestioan sinestea eta okupazioa balioestea dira gure ezaugarri komun bakarrak»

ANE SUAREZ LITAGO Kranba konpartsako kidea

2019an, eztabaida prozesu bati ekin zioten konpartsako kideek, eta konpartsari izena aldatu behar ziotela izan zen hausnarketa horretatik ateratako ondorioetako bat; 2022an egin zuten hori. «Ikuspegi dekolonial handirik ez zen egon Komantxe izena aukeratu genuenean», esan du Fellik. «Orduan ez genuen hausnarketa handirik egin horren inguruan, baina geroago asko landu dugu gaia: nola askotan, eta jakinaren gainean egon gabe, gauza batzuk fribolizatu egiten ditugun, eta gurea ez den iruditeria batez jabetzen garen hura desitxuratu arte. Oso prozesu aberasgarria izan da».

Mugimenduaren erreferentzia

Konpartsa ez zen asmo horrekin sortu, baina, urte hauetan guztietan egindako lanari esker, azkenean lortu du okupazio mugimenduaren elkargune eta erreferentzia bilakatzea. «BOM desagertutakoan, konpartsak lan politiko horren ardura hartu zuen nolabait», azaldu du Fellik. «Noski, konpartsa bat den heinean, jaiei begira egoten da, eta lanik esanguratsuena horretarako egiten du, baina, horretaz aparte, bada barne eztabaidarako tokia eta okupazio mugimenduaren inguruan dabilen jendearentzako elkargunea».

«Kranbak duen gauzarik onena da ez garela batere sektarioak, eta askotariko jendeak jo du gugana», erantsi du Suarezek. «Gure artean oso desberdinak gara, eta autogestioan sinestea eta okupazioa balioestea dira gure ezaugarri komun bakarrak. Ni oso harro sentitu naiz horretaz beti».

Okupazio eguna
Okupazioaren aldeko kalejira, 2022ko Aste Nagusian, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Gaur egun, Kranbak badu harremana Bizkaiko okupazio mugimendu osoarekin, txosnan egin beharreko txanden bidez eta txosna muntatzeko eta desmuntatzeko lanetan besterik ez bada ere. Bizkaiko gaztetxe eta gazte asanblada ia guztiek egiten dute txanda Kranbaren txosnan. Bizkaitik kanpoko eragile ugarik ere bai; esaterako, Laudioko Orbeko Etxeko kideek, Errekaleor auzo okupatukoek (Gasteiz) eta Donostiako Okupazio Bulegoko kideek.

Adinagatik gazte asanblada bateko kide izateari utzi eta lanaren autogestioan, bizitokiaren okupazioan, herri lurrak lantzen eta antzeko proiektuetan dagoen jendearentzat ere erreferentzia da konpartsa. DDT, Pantx Records eta antzeko proiektu autogestionatuetan dabilen jendeak ere txanda egin ohi du txosnan. Eta, azkenik, badaude inongo proiektutan aritu ez baina okupazio mugimendua begiko duten lagunak, eta horiek ere konpartsari lagunduz eta txandak eginez erakusten dute euren atxikimendua. Fellik dioen moduan, «okupazioan eta autogestioan aritzen den ekosistema oso bat» dago Kranbaren inguruan, eta ezinbesteko elkargunea da mugimendu plural horrentzat.

«Ez nuke esango gaztetxeek gainbehera egin dutenik; urtero agertu dira proposamen eta proiektu berriak»

GISELLE FELLI GORRITXO Kranba konpartsako kidea

Hortaz, Kranba konpartsa talaia egokia izan daiteke okupazioaren eta autogestioaren inguruan sorturiko ekosistema horri tenperatura hartzeko. Nola ikusten dute konpartsako kideek okupazio mugimenduaren osasuna? Felli: «Nik dudan ikuspegia gehiago dago Bilboko Okupazio Bulegoari lotuta [bulegoko kide ere bada Felli], Aste Nagusian batzuetan perspektiba galtzen duzulako. Ez nuke esango gaztetxeek gainbehera egin dutenik; egia da bolada batzuetan basamortu antzeko bat egon dela, baina urtero agertu dira proposamen eta proiektu berriak, eta uste dut badatorrela gazteen belaunaldi bat konfrontaziorako gogoz. Etxebizitzen okupazioak ere gorakada handia izan zuen 2008-2010 urteetan, eta geroztik ez da apaldu. Grina badago».

«Agian eredua aldatuz joan da, eta etxebizitzaren arazoa hain larria denez, gazte askok bizitokiaren alorrera bideratu du okupazioa», azaldu du Suarezek. «Hala ere, gaztetxeak eta gazte asanbladak hor daude oraindik».

Fellik dioenez, okupazioa XVII. mendetik datorren jarduera bat da, «nekazariek jabe handien lurrak okupatzen zituztenetik, eta historikoki moldatzen joan da beharren arabera. Jabetza pribatua eta desjabetutako jendea existitzen den bitartean, okupazioak aurrera jarraituko du».

Ipar Euskal Herriko topaketak

Ipar Euskal Herrian ere bada gaztetxeen arteko loturak trinkotzeko ahaleginik. Irailean eginen dute balorazio ofiziala, baina, halere, «balorazio positiboa» egitera ausartu da Elaia Borda Uhalde, Ipar Euskal Herriko gaztetxeen topaketetako antolaketa taldeko kidea. Ekainean egin zituzten lehen topaketak, eta uste du aukera eman ziela «orokorrean nehoiz aipatzen ez diren gaiak aipatzeko».

Gaztetxeek historia luzea dute, gorabehera anitzez josia, baina garai bat bestea ordezkatzen ibiltzen denez etengabean, beharrezkoa da argitzea gaztetxeek bilakaera horretan dituzten funtzioak eraldatu edo egonkortzekoak ote diren. «Egun osoa antolatu genuen lehen bilkura batetik, hortik atera ziren behar nagusiei erantzuteko gogoz».

Adibidez, komentatu zuten gaztetxeak «gune seguruak» izan behar direla: «Baina ohartu ginen gero, praktikan, bestak eta kontsumoak hartzen dutela gaina berez gaztetxeek defendatu behar lituzketen baloreei begira». Tailerra egin zuten orduan. Batzuek eta besteek kontatu zuten zer kasuri buru egin behar izaten dieten gaztetxeen egunerokoan, eta eztabaidatu zuten, hain zuzen, zer bideri jarraiki behar dioten horiei aurre egiteko.

Baloreak: elkarte munduan anitz erabilitako hitza da, eta nork bereak ditu; beraz, gaztetxeenak zein izan behar liratekeen trenkatu nahi izan zuten topaketetan. «Gaztetxeak birdefinitzeko beharra sentitu zen, transmisioan hutsune bat izan baita eta, azkenean, gure belaunaldiek gaztetxeen gidaritzak hartu dituztelako jakin gabe xuxen sakonki zer den gaztetxe bat», azaldu du Borda Uhaldek.

Topaketen egunaren arratsaldea horretan eman zuten, erraterako. Mahai inguruan aipatu zuten «gaztetxeak politikoak direla eta politikoak izan behar direla; batzuetan etekinak bilakatu dira helburu, edo bestaren egitea, bestelako proposamenik egin gabe. Baina gaztetxeek gure herrietan eragin behar dute».

Borda Uhaldek azpimarratu du gaztetxeetako kideek usu zailtasunak dituztela aktibo izateko eta elkarrekin biltzeko, eta, azkenean, «bakoitzak bere aldetik kudeatzen dituela bere kakak»; hots, gaztetxeek nahiko indibidualki funtzionatzen dutela. Amikuze eskualdeko Aldaka gaztetxearen kasua aipatu du: «Gaztetxea galdu dute, eta ohartu gara horren inguruan ez dela gauza handirik egin; gainera, hor ere besta baizik ez da izan».

Finean, «elkartasun sare baten antolatzeko» behar gorriaz ohartu ziren. Eta behar hori ez da Ipar Euskal Herrira mugatzen; izan ere, Euskal Herriko Gaztetxeen eta Gazte Asanbladen Topaketen xedea ere behar horretatik abiatu da. Iparraldeko gaztetxeak proiektu horren barnean ere badira, baina mugaren errealitateak erronka desberdinak dakartza; orokorkiago ere, tokian tokiko trabak izaten dira. «Izan Hego zein Ipar Euskal Herrian, denak jendarte dinamika beretan sartuak gara, eta errealitate aldaketak eragiten du manera batez edo beste batez erantzutea. Poliziaren errepresioa bietan areagotzen da, baina Iparraldean, agian, sotilagoa da, orduan desberdinki jokatu beharko dute gaztetxeek».

Heldu den urtera begira, oraino zehaztekoa dute zer forma hartuko duten topaketek eta gaztetxeen arteko saretzeak. Gonbita egin die Borda Uhaldek gaztetxe guztietako kide guztiei hausnarketa horiek lantzen segitzeko, «nahiz eta aurten ez parte hartu izan antolakuntzan edo egunean berean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.