Carlos Romeo Casabona. Zigor Zuzenbideko katedraduna

«Fetua ezin da egon erabat babesik gabe une bakar batean ere»

Abortuari buruz duen iritzia Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren 1985eko epaian oinarritzen da. Madrilek 2010ean onartutako legearen aurka agertu da, batzuetan fetua babesik gabe uzten duelakoan.

Maite Asensio Lozano.
2014ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Abortu librearen aurka dago Carlos Maria Romeo Casabona EHUko Zigor Zuzenbideko katedradun eta Zuzenbide eta Giza Genoma Katedraren zuzendaria (Zaragoza, Espainia, 1952). Hala adierazi zuen Espainiako Bioetika Batzordean orain lau urte, 2010eko legearen aurka bozkatu zuenean. Ordea, Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak esku artean duen erreforma ere ez zuen babestu maiatzean: lege aurreproiektua txalotu egin zuen batzordeak, baina aurka agertu zen Romeo Casabona. Bi ereduen artean kokatu du iritzi «pertsonala»: haurdunaldia eteteko baldintzak zabaltzearen alde dago. Bioetika batzordearen txostena ez da bete beharrekoa gobernuarentzat, ezta derrigorrean egin beharrekoa ere, baina oihartzun handiena izan dutenetako bat da.

Gallardonen erreforma babestu du bioetika batzordeak. Zein argudio erabili du?

Batzordeak ondorioztatu du gobernuaren lege aurreproiektuak egungo sistemak baino hobeto errespetatzen duela giza bizia. Deigarria da txostenak ez duela agertu desadostasunik aurreproiektuaren gainean, eta testua hobetzeko proposamenik ere ez du egin: bikaintzat jo du. Nire ustez, Auzitegi Konstituzionalak 2010eko legeari buruz ebatzi arte itxaron beharko lukete. Hala ere, bat nator batzordearen abiapuntuarekin: zalantzan jartzen dut egungo legeak saihesten ote duen nasciturus-aren babesgabetasuna haurdunaldi hasieran; hortik aurrera, uste dut badaudela haurdunen beharrak artatzeko erak, baldintzen sistema moldatuz. Nik 1985eko legeak zekartzan kausak zabalduko nituzke, eta ez murriztu, aurreproiektuak bezala.

Bioetika batzordearen argudioek giza bizia dute ardatz. Bizia kontzepziotik bertatik hasten dela al da haien abiapuntua?

Bai. Baina, ikuspegi juridikotik, nire ustez, bereizi egin behar da noiz hasten den giza bizia eta noiz has daitekeen zuzenbidea giza bizi hori babesten. Bi horiek ez dute zertan bat egin denboran. Kontzepzioaren osteko lehen asteetan hori modu eraginkorrean babes daiteke? Nire ustez, ez, fenomeno biologiko eta fisiologiko batzuk gertatzen direlako eta ezin delako bermatu bizi hori aurrera aterako denik. Auzi honetan askotariko iritziak daude. Batzuek diote babes hori fetuaren nerbio sistema sortzen deneraino atzera daitekeela; nire ustez, habiaraketatik aurrera gauza daiteke; haurdunaldiaren hamalaugarren egunean gutxi gorabehera, zigotoa endometrioaren hormetan itsatsi ostean jauzi biologiko esanguratsua gertatzen delako.

Hortaz, ez zatoz bat hamalaugarren astera arte libreki abortatzeko aukera izatearekin.

Hala da. Baina auzi honetan iritzi pertsonalak ez dira hain garrantzitsuak, beti egongo baitira desadostasunak. Bioetika batzordean beti defendatu izan dut gizartean gaiari buruz dauden iritziak bildu behar direla, aztertu zein sostengu duen bakoitzak, legean nolabait islatu ahal izateko. Bestela, jarrera agerikoenak baino ez ditugu ikusiko: batzuek esaten dutela abortua krimena dela, eta besteek, beren gorputzarekin nahi dutena egin dezaketela, eta ez da ez bata ez bestea: abortua ez da hilketa bat, baina gorputz baten barruan dagoen beste gorputza ere kontuan eduki behar da. Zintzoak izan behar dugu, eta onartu gai honetan ez dagoela akordiorik, nahiz eta ez dudan uste aurreproiektua bat datorrenik iritzi sozialen bilakaerarekin. Edonola ere, jende gehiena ez dago prest herritar guztientzako —eta ez soilik norbere ideologia berekoentzako— konponbide bat lortzeko, baina batzuetan jarrera pertsonalei uko egin behar zaie.

Halere, haurdunaldia etetea justifikatzeko kausa bat behar dela uste duzu, ezta?

Bai, baina ez nator bat aurreproiektuaren ildoarekin. Nire ustez, baldintzen sistema zabaldu behar da; horrek oreka dezake nasciturus-aren biziaren babesa eta amaren interesen babesa. Egoera asko sar litezke: baldintza sozioekonomikoa, andrearen lana, familia, adina...

Bioetikaren ikuspegiak kontuan hartzen al ditu emakumeen askatasun, nahi eta eskubideak?

Nik uste dut nire proposamenak kontuan hartzen dituela, oso baldintza gutxi uzten baititu kanpoan: abortua familia planifikazio neurritzat hartzea, fetuaren sexua aukeratzea eta halakoak. Badiotsut, nirea iritzi bat baino ez da, baina konstituzioarekin bat etorri nahi du, hau da, Konstituzionalak 1985ean adierazitakoarekin, egungoak esango duenaren zain: fetua ezin da egon erabat babesik gabe une bakar batean ere. Prozedura horrek kontuan hartzen du beste aldean badagoela fetuaren bizia, baina hura babestea ez da balio absolutua: gatazka hori konpontzeko jarraibideak eman behar ditu legeak.

Zer gertatzen da hor emakumearen borondatearekin? Hau da, ama izan nahi ez dutelako abortatu nahi duten emakumeekin?

Andre batek ez badu ama izan nahi, zerbaitegatik da, salbu kasu jakin batzuetan: adibidez, abortua ia kapritxo gisa erabiltzen denean, umearen sexua hautatzeko, edo haurdunaldia saihesteko neurririk hartzen ez denean. Baina ama izan nahi ez dutenek arrazoiren bat izaten dute: gazteegiak direla, seme-alaba gehiago dituztela eta besterik ez dutela nahi, diru arazoak dituztela... Nik aitortzen dut baldintzen sistemak baduela ahulgune bat: kanpoko balorazio bat behar da, emakumearen borondate soila ez den gatazka bat badagoela egiaztatzeko. Horrek ponderazio bat eskatzen du, objektibatu beharra.

Orduan, batzuetan gerta liteke andreren bat behartzea eduki nahi ez duen ume bat ekartzera.

Baliteke, sexua hautatzeko kasuetan edo familia plangintzan okerrak egitean. Kasu gutxi lirateke, ez dudalako uste andreak superfizialak direnik erabakiak hartzean. Gerora kasuen %90 amaren alde konpontzen direla? Hori izango da ondorioa, baina aurretik nasciturus-aren biziaren babesa baloratuz.

Malformazioaren baldintza ez eranstea ontzat jo du batzordeak, baina zu ez zara ados agertu. Zergatik?

Haurduntzearen, amatasunaren eta emakumearen artean gerta daitezkeen gatazka larrienetako bat delako. Andreari eta familiari ezin zaie inposatu zaintza asko beharko dituen eta bizi-kalitate mugatua izango duen haur bat edukitzea; emakume guztiek ez dute zertan izan adore psikiko eta emozional bera arazooi aurre egiteko. Hortaz, haurdunaldiarekin jarraitu ala ez andrearen iritziari utzi behar zaio: zuzenbideak ezin du debekatu haurdunaldia etetea halako egoera batean.

Zergatik lotu da auzi hau elbarrien eskubideekin?

Manipulazio handia da hori praktika eugenesikoekin lotzea eta halakoak egoztea 1985eko legegileei eta Auzitegi Konstituzionalari. Andreari ezin zaio exijitu jasan ezin izango duen jokaerarik, eta, nire ustez, horrek pisu handia izan zuen enbriopatiak kausa gisa txertatzeko orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.