Filipe Bidart IK Iparretarrak erakundeko preso historikoa kalean da goizeko zazpiak geroztik. Zehazki, zazpietarako bost minutu falta zirela gurutzatu du Clairvauxko espetxeko atea, eta harrera bero eta hunkigarria egin diote Euskal Herritik heldutako 30 bat senide eta lagunek. Besteak beste, han zituen zain Elorri eta Leire alabak, senideak,Gabi Moueska IK-ko kide izana eta egun Espetxeen Nazioarteko Behatokiko Frantziako atalaren burua. Halaber, kazetari asko bildu da Clairvauxko kartzela atarian Bidarten irteeraren berri emateko.
Irten eta jendaurrean egindako lehen hitzetan, euskal preso politikoak izan ditu gogoan, eta bere "zoriona" ez dela osoa adierazi du 600 bat lagun geratzen direlako Frantziako zein Espainiako kartzeletan. Halaber, Euskal Herria ez delako aintzat hartua: "Nire zoriona ez da osoa Frantziak beti ukatzen baitu Euskal Herria; Euskal Herria ezabatu nahi baitu, zeren Euskal Herria desagertzen ari batia. Nire zoriona ez da osoa lan ainitz geratzen baitzaigiu oraingo egiteko. Bake prozesua Iparraldean ere eraiki behar dugu", esan du. Gaur gose greban 100. eguna betetzen duen Iñaki de Juana ere izan du gogoan.
Senide eta lagunekin gosari oparoa egin du Bidartek: Euskal Herritik eramandako arrautzak eta xingarra jan dituzte. Ondoren, Bezierserako bidea hartu dute.
Izan ere, Bidart baldintzapean geratu da aske, eta, ondorioz, Beziersen bizi beharko du eta lanpostu zehatza bete. 2014 arte izango da egoera horretan. Hilaren 17an Beziersen omenaldia egingo diote, eta hainbat autobus bidaia antolatu dituzte Euskal Herritik joateko.
Presoak
Filipe Bidart espetxetik kanpo da, baldintzapeko askatasunean
06:55etan atera da Clairvauxko (Frantzia) kartzelatik 19 urte preso egin ostean, eta senide eta lagun ugari zituen zain. Euskal herritar askok preso jarraitzen dutenez eta "Euskal Herria onartua ez delako" bere "zoriona" ez dela osoa nabarmendu du irten ostean jendaurrean egin dituen lehen hitzetan. De Juana ere izan du gogoan. Arrautzak eta xingarra gosaldu ostean, Bezierserako bidea hartu du. Izan ere, Frantzia hegoaldeko hiri horretan bizitzeko baldintza ezarri diote kartzelatik ateratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu