Filipe Bidart Iparretarrak erakundeko presoaren aldeko manifestazioa izanen da gaur Baionan. 15:00etan abiatuko dira presondegi aitzinetik, auzitegi aitzineraino joateko. Hiru egun berantago, heldu den astearte arratsaldean, aztertuko du Troiesko auzitegiak Filipe Bidarten baldintzapeko askatasun eskaera. Gaurko manifestazioaren helburua astearteko epaiketari begira «presio» egitea dela azaldu du Filipe Aska komiteak.
Baldintzapeko askatasuna eskatzen duen bigarren aldia da. Iaz ez zioten onartu, nahiz eta lan proposamen bat bazuen. Epaileek lan eskaintza hura ez zela nahiko serioa erran zuten, eta askatasuna ukatu zioten. Oraingoan, lan eskaintza sendoagoa bermatu diotela dio Filipe Aska komiteak. Erabakia ez dute, hain segur, asteartean bertan hartuko. Zenbait asteren buruan ezagutaraziko dute.
Erabaki «politikoa»
Erakunde eta alderdi anitzek bat egin dute manifestazioarekin. LCR alderdi troskistaren iritziz, «baldintzapeko askatasuna berriz ukatzea diskriminazio politikoaren seinale» litzateke.
«Presoei legez doazkien eskubideen ukatzea Euskal Herria beste behin ere zigortzea eta umiliatzea» litzatekeela dio Batasunak: «Horrek erakusten du Euskal Herrian konpondu gabeko arazo politikoa badela». «Herriko semea delako, Filipe Bidartek etxean eta karrikan libre izan behar du», dio Abertzaleen Batasunak. «Orain dela hamazazpi urte kartzelara eraman zuten helburu politikoekin bat egiten dugulako eta helburu politiko horiek bizirik eta konpondu ezinik segitzen dutelako, gure oinarrizko eginkizuna da, ahal dugun neurrian eta eguneroko lan politikoaren bitartez, helburu horiek jendartean sustraitzea», dio ABk.
«Baldintzapeko askatasuna eskubide bat da, frantses eta espainiar legedietan onartua dena», dio Askatasunak. «Betidanik, bi estatu horiek, gainerako eskubideak bezala, euskal preso politikoei gutxitan aplikatu izan diete», salatu du, manifestaziorako deia luzatzearekin batera. Etxerat-ek eta Demoek ere manifestazioan parte hartzera dei egin dute.
EUSKAL PRESOAK
Filipe Bidarten aldeko manifestazioa gaur
Asteartean aztertuko dute baldintzapeko askatasun eskaera Clairvauxko presondegian bertan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu