Politika

Fillonen Lurralde Kontratuak ez dituela Ipar Euskal Herriaren beharrak asetzen salatu dute

Frantziako lehen ministroak astelehenean izenpetuko duen itunak Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan premiazkoak diren proiektu handiak finantziazio gabe uzten dituela uste dute hainbat herritar eta gizarte eragilek. Hori dela eta, Ipar Euskal Herriak bere erakunde propioa behar dutela aldarrikatu dute. Elkarretaratzea egingo dute astelehenean, 12:30ean Baionan, Kontseilu Nagusiaren aitzinean.

2008ko irailaren 6a
15:20
Entzun
Francois Fillon Frantziako lehen ministroa Baionan izango da astelehenean, Ipar Euskal Herrian 2020 Lurralde Kontratua izenpentzen. Lapurdik, Nafarroa Behereak eta Zuberoak etorkizun hurbilean dituzten erronka nagusiei aurre egiteko egitasmo eta diru iturriak finkatzen dira itun horretan.

Autonomia eskaeraren inguruan bat egiten duten hainbat herritar eta gizarte eragileren arabera, ordea, Fillonek proposatutako Lurralde Kontratuak ez du balio Ipar Euskal Herriaren beharrak asetzeko. Murritza eta eskasa dela iritzi diote. "Aurrekontua txikitu dute, eta plangintza horren arabera aritu beharko denez ez da sosa izanen gauza anitzendako. Aldiz, arazo larriak badira, proiektu handi eta beharrekozak, eta horiek ez dira finantzatzen. Lasserreren eta jauntxo batzuen interesak zaintzen dira, eta gu ez goaz hortik. Plangintza zehatzagoa eta Ipar Euskal Herriaren interesen aldekoa behar dugu", adierazi du Euskadi Irratian Ixabel Etxeberria bozeramaileak.

Bereziki, laborantzaren arloan diren beharrak albo batera utzi direla salatu dute.

Hori guztia dela eta, hainbat herritar gizarte eragilek osatutako plataformak horrek azpimarratu du behar-beharrezkoa dela lehenbailehen Ipar Euskal Herriaren ordezkaritza zuzena izango lukeen erakunde bat sortzea. Ildo horretatik elkarretaratzea egingo dute astelehenean, Fillon Baionan izanen den egun berean, 12:30ean, Kontseilu Nagusiaren aitzinean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.