NAFARROA BAI KOALIZIOA

Filosofiarekin bat datorrela baina lau herrialdeetan beharko lukeela dio Otegik

«Ezker abertzalea baztertzea bide txarra» dela esan du, eta Bergaran egindako proposamenak mahai gainean jarraitzen duela berretsi du

Imanol Murua Uria.
DONOSTIA
2003ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
«Zergatik Nafarroan bai eta lau herrialdeetan ez?». Galdera batekin erantzun zien Arnaldo Otegik Nafarroa Bai ekimenaren partaideei. Koalizioa Nafarroan bakarrik osatuz «partzialki» jokatzea egotzi zien Otegik, eta «apustu globala» egiteko garaia dela gaineratu zuen. «Ezker abertzale osoak» Bergaran egindako proposamenak mahai gainean jarraitzen duela gogoratu zuen, eta «proposamena kudeatzen» jarraitzen dutela. Hain zuzen, Hiru, EHNE, ESK eta Eilas sindikatuekin Bergarako proposamenaz bilera egin zuten Otegik berak eta Pernando Barrenak atzo Donostian.«Ez da momentua partzialki jokatzeko, baizik eta Hego Euskal Herri osoari egokitutako apustu globala egiteko», adierazi zuen Otegik, bileraren aurretik egindako adierazpenetan. Bere iritziz, Nafarroan diputatu bat lortzeak edo ez lortzeak «ez du ezer aldatuko», baina «Madrilekin negoziatzeko Euskal Herriaren ordezkari nazionala hautatzeak erabat aldatuko luke jokaleku politikoa».Aralarrek, EAk eta EAJk Nafarroarako koalizioa aurkezteak ez du esan nahi, Otegiren iritziz, alderdi hauek Batasunak egindako proposamena baztertu dutenik «Ez dugu erantzuntzat hartzen, lehendik martxan zegoen ekimen bat baitzen Nafarroakoa», baina «ezker abertzalerik gabeko» koalizioa osatzea kritikatu egin zuen: «Gaur ezker abertzalerik ez dagoen proposamena egitea ez da abaguneak eskatzen duen mailan egotea. Ezker abertzale baztertuz aritzea bide txarra dela uste dugu». Otegiren hitzetan, «ez dira inor baztertzeko garaiak, bat egiteko garaiak baizik».Dena den, «ikuspegi filosofikotik» begiratuta Nafarroa Bai ekimena eta Bergarako proposamena bat datozela esan zuen Arnaldo Otegik, «autodeterminazioaren aldeko indarrak batzen direlako, Madrilen parean jartzeko».

Bergarako proposamenari buruzko bilerak

Bergaran egindako proposamena aurkezteko bilera guztiak aste honetan egingo dituztelako «oso aste inportantea» dela adierazi zuen Otegik, eta datorren igandean lehen balorazioa egingo dutela iragarri. «Igandean esango dugu aukerarik dagoen haratago joateko , eta ea bigarren fase bat zabaltzen dugun proposamenaren inguruan akordioa lortzeko». Dena den, «ekimen honen porrotaren aukera» kontuan ere ez dutela hartzen esan zuen, «proposamen erreal eta pragmatikoena delako».Atzo Hiru, ESK, EHNE eta Eilas sindikatuekin bilera egin ondoren, gaur ELArekin izango dira. Orain arte izandako harremanen emaitzen berririk ez zuen eman Arnaldo Otegik, baina oraingoz proposamenari inork ezetzik ez diola eman adierazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.