Kataluniako Centre Delas elkarteko ikertzailea

Max Carbonell: «Finantza erakundeak genozidioaren katebegiak dira»

Carbonellek dioenez, banku askok finantzatzen dute armagintza sektorea, eta Israel Gazan egiten ari den genozidioaren «konplize» dira. Herritarrak finantza «etikoetara» jotzea eta kontzientzia piztea funtsezkotzat jo du.

RAUL BOGAJO / FOKU
RAUL BOGAJO / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2026ko martxoaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Max Carbonell (Bartzelona, 1988) Kataluniako Centre Delas elkarteko ikertzailea da, eta urteak daramatza banka armatuaren fenomenoa aztertzen. Preseski, zentroak ziklo ekonomiko militarra ikertzen du, eta txosten bat argitaratu du berriki: Palestinan erabilitako armak ekoizten dituzten enpresetan Espainiako finantza erakundeek egindako inbertsioak dokumentatu ditu. Ia 4.000 finantza transakzio aztertu dituzte, eta ondorio nagusia argia da: bankuak ezinbesteko pieza dira gerraren makinerian. «Munduan ekoizten diren lau armetatik hiru ez lirateke ekoitziko bankuen finantzaketarik ez balute», ziurtatu du ikerlariak. 

Setem Hego Haizea elkarteak gonbidatuta, Gasteizen izan da Carbonell, Nestor Prieto kazetari eta Askatasunaren Flotillako kidearekin batera; biak ala biak genozidioaren eta bankuen arteko harremanez solastatu dira. Hitzaldiaren aurretik elkarrizketatu du BERRIAk Carbonell.

Zertaz ari gara banka armatuaz ari garenean?

Armagintza enpresak finantzatzen dituzten finantza erakundeen multzoa da: bankuak, inbertsio funtsak, pentsio funtsak, aseguratzaileak... Kredituak ematen dituzte, akzioak erosten dituzte, bonuak jaulkitzen laguntzen dute edo finantza lerro iraunkorrak irekitzen dituzte. Eta, noski, etekina ere ateratzen dute.

Nola funtzionatzen du?

Zentroan ziklo ekonomiko militarra delakoa aztertzen dugu. Ziklo horrek hainbat fase eta eragile ditu: estatuen gastu militarra, armagintza industria, armen nazioarteko merkataritza eta, azkenik, finantzaketa. Armagintza enpresek normalean ez dute kobratzen armak entregatu arte. Bitartean, ekoizpena, ikerketa eta garapena, eta hornidura kate osoa aurreratu behar dute. Horretarako, bankuen eta finantza erakundeen dirua behar dute. Gure kalkuluen arabera, armagintza enpresen zorpetze maila %70-75 ingurukoa da; hau da, munduan ekoizten diren lau armetatik hiru ez lirateke ekoitziko bankuen finantzaketarik ez balute.

Gazan erabiltzen diren armen finantzaketa aztertu duzue. Zer ondorio atera dituzue?

Funtzionamendua bera da. Gure txostenean zehaztu dugu zer arma esportatu diren Israelera azken urteetan, zer enpresak fabrikatu dituzten, dokumentatu dugu zein erasotan erabili diren, eta zehaztu dugu zer finantza erakundek finantzatu dituzten enpresa horiek. Erantzun komun bat egon da, eta ikuspegi politiko edo etiko batetik, konplizitatea ere bai. Finantza erakundeak genozidioaren katebegiak dira.

«Israelek jasotzen duen finantzaketa nagusia AEBetako eta Alemaniako enpresetatik dator, baina horrek ez du Espainiako bankuen erantzukizuna desagerrarazten; kate bereko parte dira»

BBVA edota Santander bankuen finantzaketa aztertu duzue. Zeintzuk dira datu nagusiak?

Ia 4.000 finantza transakzio aztertu ditugu; horien %90 2022tik 2024ra bitartean egindakoak dira, eta asko 2023ko urritik aurrerakoak. Espainiako Estatuko hamabi erakundek 4.000 eta 4.500 milioi dolar artean inbertitu dituzte Palestinako genozidioarekin lotutako arma enpresetan. Kopuru handienak hauek dira: Banco Santanderrek 2.000 milioi dolar inguru inbertitu ditu, BBVAk 1.500 milioi inguru, eta Caixa Bankek 110 milioi inguru. Beste erakunde batzuk ere badaude, kopuru txikiagoak jarri dituztenak. Israelek jasotzen duen finantzaketa nagusia AEBetako eta Alemaniako enpresetatik dator, baina horrek ez du Espainiako bankuen erantzukizuna desagerrarazten; kate beraren parte dira.

Banca Armada kanpainaren barruan, hainbat bankuren akziodunen batzarretan egon zarete, kontu eske. Bankuek nola justifikatzen dute beren burua?

Haiek diote badituztela defentsa arloko inbertsio arduratsurako politikak, baina gure datuek erakusten dute ezetz: ez dago gardentasunik, ez kanpo ikuskaritzarik, ez justifikazio argirik. Eta publikoki ere adierazi izan dute ez direla «segurtasunaren» negoziotik kanpo geratuko.

Kontrol mekanismorik ez dago, beraz.

Badira enpresen eta giza eskubideen inguruko printzipio gidari batzuk, baina ez dira lotesleak. Arma merkataritzari dagokionez ere, klausulak daude giza eskubideen urraketa larriak dauden herrialdeetara esportazioak debekatzeko, baina Israelekin ez dira betetzen. Borondate politikorik ez dago, eta interes ekonomiko eta geopolitikoak giza eskubideen gainetik jartzen dira.

«Israelek Palestinan probatu dituen teknologia batzuk, zaintza sistemak eta kontrol digitala, beste herrialde batzuetan erabiltzen ari dira jada —AEBetan migrazio kontrolerako, adibidez—, eta Europan ere erabil daitezke disidentzia politikoa kontrolatzeko» 

Espainiako Auzitegi Nazionala Sidenor ikertzen ari da Gazako sarraskia hasita zegoela altzairua bidaltzeagatik Israelgo IMI Systems konpainiari. Zer iritzi duzu?

Ikerketa irekitzea bera albiste garrantzitsua da. Beste kontu bat da zer ibilbide izango duen eta ea benetako ondoriorik ekarriko duen ala ez. Baina aurrekari gisa, argi uzten du hornidura katean dauden enpresek —eta, hedaduraz, finantza eragileek— ez luketela erabateko inpunitaterik izan behar.

Gizarte zibilak zer egin dezake bere diruarekin armen finantzaketa amaitzeko?

Erantzun indibidualek —adibidez, banku batetik dirua ateratzeak— eragin mugatua dute, baina kolektiboki antolatuz gero, eragin handia du. Finantza etikoetara jotzea sustatzen dugu. Ez dugu inor errudun sentiarazi nahi, baina kontzientzia kolektiboa piztu behar dela uste dugu.

Europa gastu militarra areagotzen ari da. Bankuen irabaziak ez ezik, zer ondorio ekarriko ditu horrek?

Militarizazioak askatasunaren galera, kontrol eta zaintza handiagoa ekarriko ditu. Israelek Palestinan probatu dituen teknologia batzuk, zaintza sistemak eta kontrol digitala, beste herrialde batzuetan erabiltzen ari dira jada —AEBetan migrazio kontrolerako, adibidez—, eta Europan ere erabil daitezke disidentzia politikoa kontrolatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA