EUSKAL HERRIA

Fiskalak 12 urteko kartzela zigorrari eutsi dio Oihana Agirrerentzat

Askatasuneko kide izatea leporatuta hasi da gaur epaiketa, Madrilen. Defentsak absoluzioa eskatu du, Poliziak atzeman zion dokumentazioa harena denik ez dutelako frogatu.

2011ko urtarrilaren 12a
15:29
Entzun
Gaur hasi da, Madrilgo Auzitegi Nazionalean, Oihana Agirreren epaiketa. Askatasunako kide izatea leporatzen diote, eta Carmen Monfort fiskalak hamabi urteko espetxe zigorra eskatu du harentzat. Haren etxean atzeman zuten dokumentazioa aurkeztu du fiskalak Agirre Askatasunako kide zela argudiatzeko, zehazki, pen-drive bat. "Agiri horiek ezin ditu eduki Askatasunarekin harremanik ez duen inork", esan du Monfortek. Hainbat manifestaziotan buruan izan zela ere esan du, eta zenbait agerralditan parte hartu zuela. AVT elkarteak hamahiru urteko espetxe zigorra eskatu du, Askatasunan arduradun zela argudiaturik.

Ainhoa Baglietto Agirreren abokatuak, berriz, absoluzioa eskatu du, dokumentazio hori atzeman zioten arren, harena zenik ezin delako frogatu —hilabete batzuk geroago atxilotu zuten beste pertsona bat etxekide zuen, albiste agentzien arabera—. Agirrerena dela frogatuko balitz ere zigorra murriztu egin beharko litzatekeela esan du defentsak, erantzule izanik ere "horregatik ezin zaiolako ezarri [Juan Mari] Olanori ezarri zitzaion zigorra baino handiagorik". Bagliettok esan duenez, frogatuta dagoen gauza bakarra Agirrek ikastola batean lan egiten zuela da, eta AHTaren gaineko dokumentazioa izateak ez du ETAko kide bihurtzen.

Epaiketan deklaratu duten perituek esan dute Askatasuna ETAren zati bat dela, "Amnistiaren Aldeko Mugimendua, presoen eta preso ohien kolektiboa, ihes egindakoak eta Etxerat kontrolatzeko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.