Atxiloketak

Fiskalak bederatzi atxilotuak espetxeratzeko eskatu dio Grande-Marlaskari

Rosa Iriarte eta Urko Aierbe epailearen aurretik pasatu direla baieztatu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Ugaitz Elizaran, Egoitz Garmendia, Aniaiz Ariznabarreta, Joxe Aldasoro, Eneko Compains, Erika Bilbao eta Sandra Barrenetxea dira gainerako atxilotuak. Ekinen zuzendaritzako kide izatea leporatzen diete. Inkomunikatuta daude guztiak.

2010eko irailaren 17a
17:10
Entzun
Iragan asteartean atxilotutako bederatzi lagunak espetxeratzeko eskatu dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak Fernando Grande-Marlaska epaileari, epaitegietako iturriak aipatuz Efek jakinarazi duenez. AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak baieztatu du Rosa Iriarte eta Urko Aierbe epailearen aitzinetik pasatu direla. Hirugarren bat ere pasatu dela adierazi du AAMk, baina ez daki nor den. Efek dio Ugaitz Elizaran dela. Gainerako seirak gaur eta bihar pasatuko dira, iturri horien arabera. Guztiak inkomunikatuta daude oraindik, eta AAMk salatu du senideek eta abokatuek ez dutela atxilotuen "inolako informaziorik".

Iriarte, Aierbe eta Elizaran joan den asteartean atxilotu zituen Guardia Zibilak, Egoitz Garmendia, Aniaiz Ariznabarreta, Joxe Aldasoro, Eneko Compains, Erika Bilbao eta Sandra Barrenetxearekin batera. Ekineko zuzendaritza osatzea leporatzen die Grande-Marlaskak.

Guardia Zibilak joan den asteartean atzeman zituen bederatzi lagunak Euskal Herrian eta Espainian. Atzemandako lagunekin lotura dutelakoan 30 miaketa inguru egin dituzte guardia zibilek Euskal Herrian; azkena, bart arratsean Eibarren (Gipuzkoa).

Atxiloketen hurrengo egunean egindako agerraldian, atxilotuen senide eta lagunek haien egoerarekiko "kezka eta ezinegona" adierazi zuten. "Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta egoteak benetako tortura arrisku larria esan nahi du".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.