Politika

Fiskalak ez ditu biharko auzi saioak ere beharrezko ikusten

Jesus Santos Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalburuak ez ditu beharrezkotzat ikusten biharko auzi saioak. Izan ere, fiskalak ez du Batasuneko kideentzako behin behineko neurririk eskatzeko asmorik. Herria akusazioak, berriz, espetxe zigorra eskatuko du bihar Batasunekoentzat, AVT eta Dignidad y Justizia elkarteek aurreratu dutenez. Gaurko deklarazioak amaitu dira dagoeneko eta Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen erabakia ez dugu bihar arte ezagutuko. Izan ere, Joseba Permachek, Juan Kruz Aldasorok, Joseba Alvarezek eta Pernado Barrenak deklaratu behar dute bihar, arratsaldeko bostetatik aurrera. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak bihar egingo ditu auzi-saioak alde guztien eskariak entzuteko. Ondoren, arratsaldeko zortzietatik aurrera kaleratuko du autoa.

2006ko maiatzaren 31
20:29
Entzun
Arnaldo Otegik, Jon Gorrotxategik, Karmelo Landak eta Rufi Etxeberriak deklaratu behar zuten gaur. Jon Gorrotxategi izan da lehena deklaratzen. Auzitegiaren kanpoan zeuden falangeko jarraitzaileen oihuek eraginda epaileak deklarazio hartzea eteten du ordu erdiz.

Falangeak deituta ehundik gora lagun elkartu dira Espainiako Auzitegi Nazionalaren atarian. Espainiako bandera mordoa eskuan hartuta eta, besteak beste "Otegi asesino" oihuka aritu dira. Jon Gorrotxategi izan da lehena deklaratzen. Uko egin dio erantzuteari eta galderak egiten ari zela deklarazio hartzea etetea erabaki du Fernando Grande Marlaska epaileak. Antza, eskuin muturrekoen garrasiekin ezinezko zen entzutea. Ordu erdiz galdeketa eten ostean, beste gela batean hasi dira berriro deklaratzen. Hala ere, Grande Marlaskak bihar emango du erabakia, guztiek deklaratu eta gero.

Deklarazio hartzearekin jarraitzeko baldintza egokiak egon arte eten du Grande Marlaskak galdeketa. Izan ere, Falangeak deituta bildu direnak oihuka eta kantuan aritu dira:Cara al Sol kantatuz batetik, "Viva España" deiadar eginez bestetik eta baita Arnaldo Otegi Batasuneko kideari hiltzaile esanez ere. Espainiako Auzitegi Nazionalaren atarian zeudenek Grande Marlaskaren galdeketa oztopatu dute.

Deklarazio hartzea, baldintza egokietan egin ahal izateko eten du Grande Marlaskak.Ordu erdiz etenda egon ondoren beste gela batera joan dira eta bertan berriro hasi dira deklaratzen. Jon Gorrotxategiren ondoren, Karmelo Landak, Rufi Etxeberriak eta Arnaldo Otegik deklaratuko dute hurrenez-hurren.

Bostetan hasi dira deklaratzen

Bostetan zuten Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearekin hitzordua, baina gaur deklaratu behar duten Batasuneko lau mahaikideak ordubete lehenago, lauetan, iritsi dira auzitegira. Arnaldo Otegi, Jon Gorrotxategi, Karmelo Landa eta Rufi Etxeberria Grande Marlaskak gaurko deitu dituen Batasuneko kideak. Lau horiek, eta Joseba Permach, Juan Kruz Aldasoro, Joseba Alvarez eta Pernado Barrena deitu ditu deklaratzera epaileak, martxoaren 24an Batasuneko Mahai Nazionalak Iruñean eman zuen prentsaurrekoagatik.

Zortzi kide horiek Batasunaren aurkako 35/02 sumarioan auzipetuta daude, eta "delitua errepikatu" zutela iritzita Juan Moral fiskalak eskatu zuen inputatu gisa deklaratzera dei zitzatela.Fiskalaren iduriko, aipatutako sumarioan auzipetuta daudenez, zortzi lagun horiek bazekiten indar politiko horren izenean agerraldi politikoak egitea lege hautestea dela. Gainera, egozten zaizkien delituak zabaldu eta "mehatxu terrorista" ere egotzi zien Marlaskak joan den astean, besteak beste, Batasunak mintzaide taldea aurkeztu duelako.

Otegiri, Gorrotxategiri, Landari eta Etxeberriari gaur bostetarako jarri zien hitzordua Marlaskak. Beste lauei biharko. Arestian aipatu bezala, 16:00etan dagoeneko Auzitegi Nazionalean zeuden Batasuneko lau kide horiek. Hala, gero epaitegi atarian bildu diren eskuin muturreko manifestariekin topo egitea saihestu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.