Zigorrak Ezartzeko Parisko Dei Auzitegiak joan den ostiralean Zigor Garro euskal presoa (Errenteria, Gipuzkoa, 1975) baldintzapean aske uzteko eskaera onartu ondoren —termino juridikoa zigor egokitzapena da—, fiskalak 24 orduko epea zeukan erabakiaren aurkako helegite bat aurkezteko, eta, aurkeztuz gero, Garro askatzea trabatuko luke, baina ez du aurkeztu, eta presoa datorren ostegunean aterako da kartzelatik, Mont-de-Marsanekotik (Okzitania). Eskumuturreko elektronikoa erabiliz bukatuko du espetxe zigorra, 2020ko udaberrian. Iazko otsailetik dago Mont-de-Marsanen; harena izan zen Frantziako Gobernuak euskal ordezkaritzarekin osatutako mahaiko elkarrizketen ondorioz egindako lehen gerturatzea.
Urriaren 23an egin zuten Garro baldintzapean aske uzteari buruzko auzi saioa, eta, ohi ez bezala, prokuradorea ez zen agertu presoa askatzearen kontra. Fiskalak oraindik ia astebeteko epea du helegite bat aurkezteko, baina, kasu horretan, euskal presoa kalera ateratzen ahalko da. Azken hilabeteetan behin baino gehiagotan eman diote presondegitik ateratzeko baimena: iazko otsailean, amaren ehorzketan izan zen, Zokoan (Lapurdi), eta, geroztik, lanari lotutako zenbait hitzordu izan ditu aurtengo udan eta ikasturte hasieran.
2006an atzeman zuten, Quezac herrian (Lozere, Frantzia), ETArekin lotuta; 2014an, hamazazpi urteko kartzela zigorrera kondenatu zuten.
Garro da Frantziak baldintzapekoa eman dion Hego Euskal Herriko lehen presoa. Frantziako Kontseilu Konstituzionalaren ebazpen baten ondorioz —duela bi hilabete eta erdi jakin zen—, Hegoaldeko euskal presoak ere hasi dira baldintzapean askatzeko eskatzen. Garrok ez ezik, Alaitz Areitiok ere eskatu zuen, orain aste batzuk. Zigor Merodiok ere galdegin zuen, baina aske geratu zen gero, zigorra beteta. Garroz eta Areitioz gain, Hegoaldeko beste hamar preso bide bera jorratzeko moduan dira, bakoitza bere garaian, eta batzuk hasi dira horretan.