Guardia Zibilaren txanda izan da gaur Egunkaria-ren kontrako epaiketan. Hark itxi zuen euskarazko kazeta, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionalak aginduta; Guardia Zibilak prestatutako txostenean oinarritu zen, ordea, eta gaur horretaz aritu dira hango poliziak. Egunkaria-k ETArekin lotura izan zuela berretsi dute, baina ez dute frogarik aurkeztu.
Epaileari kazetaren itxiera eskatu ziona izan da haietako bat. Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi eta Xabier Oleagari hark hartu zien, gainera, deklarazioa, laurak inkomunikatuta zituztela.
Laburra izan da saioa. Lau guardia zibil zeuden deituta deklaratzeko, lekuko moduan, haietako aurrena ez da azaldu -urtarrilean agertuko dela esan dute-, eta beste hiruren deklarazioa bi ordukoa izan da denera -10:26an hasi da saioa eta 12:20an bukatu-.
Poliziek frogarik ez aurkezteaz gain, atzoko gauza bera gertatu da: Miguel Angel Carballo fiskalak ez du itaunik egin gaur, guardia zibilei batere ez galdetzea erabaki du, eta hala jakinarazi dio epaimahaiari.
Hurrengo saioa, urtarrilaren 12an; kartzelan dauden 'Egunkaria'-ren lekukoek deklaratuko dute.