Auzitegiak

Fiskalak urtebetera jaitsi du zigor eskaera 'Leioako bosten' kontrako epaiketan

Orotara, ia berrogei urteko espetxe zigorra eta 45.000 euroren isunak eskatzen zituen lehen. Bost gazteek akusazioak onartu dituzte. Seigarrenaren kontrako akusazioa erretiratu du fiskaltzak.

Epaitegiaren aurrean egindako elkarretaratzea. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
2023ko irailaren 27a
13:46
Entzun

2016an EHUren Leioako campusean izandako istiluen inguruko epaiketa egin dute Bilbon. Sei gazte zeuden auzipeturik, eta fiskalak desordena publikoa, autoritatearen aurkako atentatua eta lesioak egozten zizkien: orotara, ia berrogei urteko espetxe zigorra eta 45.000 euroko isunak. Epaiketan, bost auzipetuk, Leioako bostak izendatu dituztenek, onartu egin dituzte akusazioak; ondorioz, zigor eskaerak jaitsi ditu fiskalak, eta laurentzat urtebeteko kartzela zigorra eskatu du «desordena publikoengatik», eta beste batentzat urte erdikoa «atentatuagatik». Lesio eta kalteengatik eskatutako zigor ekonomikoa ere jaitsi du: orotara, 5.200 euro inguru eskatu du.

Seigarren akusatua, berriz, gertaerak grabatzeagatik identifikatutako neska bat zen; hari ere istiluetan parte hartu izana leporatzen zioten, baina akusazioak ukatu ditu, eta fiskalak erretiratu egin ditu.

Akusatuen defentsa ados agertu da fiskalak egindako eskaerekin, gazteek espetxera sartu behar ez izatea ekarriko lukeelako horrek, eta zigor kode berria edo zaharra aplikatzearen ingurukoa izan da eztabaida juridiko bakarra. Izan ere, akusatu batzuentzat onuragarriagoa litzateke orduan indarrean zegoen zigor kodea aplikatzea, eta beste zenbait kasutan, berriz, zigor kode berrian zigor txikiagoak aurreikusten dira delitu horietarako. Defentsako abokatuak nabarmendu du akusatuek gertaerak onartu dituztela eta ahalegina egin dutela gauzak errazteko «nahiz eta akusazio batzuk oso eztabaidagarriak izan», eta, beraz, uste du epaiak banan-banan aztertu beharko lituzkeela kasuak eta akusatu bakoitzari araurik onuragarriena aplikatu.

2016ko apirilaren 26an ikasle greba egin zuten EHUn, IA Ikasle Abertzaleak mugimenduak antolatuta. Manifestazioa campusa zeharkatzen ari zirenean, ikasle batzuk errektoretzaren egoitzan sartu ziren, kristalezko atea apurtuta, eta tirabirak izan zituzten barruan zeuden segurtasun zaindariekin. Zazpi zaindarik lekuko gisa deklaratu dute, eta denen kontakizuna oso antzekoa izan da. Denek aitortu dute kalte ordainak jaso dituztela orduan deklaratu zituzten lesioengatik, eta uko egin diote ordain gehiago jasotzeari.

Bederatzi ertzainek ere deklaratu dute lekuko gisa. Esan dutenez, errektoretzaren egoitzara iritsi ziren istiluen berri izan zutenean, eta heldu zirenean, barruan zeuden gazteak eraikinetik ateratzen ari ziren. Zaindarien ohartarazpenei jarraikiz egin zituzten atxiloketak, inguruan zeuden gazteen artean.

Seigarren auzipetuaren kasuaz, berriz, ertzain batek ere ez du argibiderik eman. Inork ez du aitortu neskari datuak hartu izana, baten batek argi esan du atxilotuak bost mutil izan zirela, eta akusatuen zerrendan neska zergatik sartu zuten galdetuta, batzuek esan dute ez dituztela ondo gogoratzen orduko xehetasunak. Neskaren defentsak aurkeztutako lekuko batek, berriz, adierazi du eskola batetik bestera zihoazela istiluak gertatu zirenean, eta akusatuak telefonoa atera besterik ez zuela egin, irudiak grabatzen saiatzeko. Ondorioz, akusazioa kentzea erabaki du fiskalak.

Elkarretaratzea

Epaiketa hasi aurretik, IAk deituta elkarretaratzea egin dute Bilboko Justizia jauregiaren aurrean, akusatuei babesa adierazteko. Leioako bostak aske nahi ditugu, Errepresioa gelditu, Erasoen aurrean gogor eta tinko, Borroka da bide bakarra, Jazarpen polizialari aurre egin eta antzeko leloak oihukatu dituzte elkarretaratzeak iraun duen bitartean. Akusatuak eta abokatuak epaitegira iritsi direnean, txaloka hartu dituzte.

Epaiketa amaitutakoan ere, gazteak epaitegiaren kanpoko aldean egon dira akusatuen zain, eta txaloka eta oihu eginez hartu dituzte atera direnean. Ertzainek identifikatu egin dituzte harreran parte hartzen ari ziren zenbait gazte.

Epaiketara iritsi arteko zazpi urteak «luzeak eta gorabeheratsuak» izan direla esan du akusatuetako batek, Ander Mazkiaranek: «EHUk garai hartan errepresioa erabiltzen zuen ikasle mugimenduaren aurka, eta gu hori salatzeko atera ginen. Gaurkoa errepresio sistematiko horren beste kapitulu bat izan da, lazgarriagoa, baina guk unibertsitatean egiten den eskubide politikoen urraketaren barruan sartzen dugu, eta hori salatzea dagokigu orain».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.