'D3M eta Askatasuna auzia'. Epaiketaren amaiera

Fiskalak zigor eskaerak jaitsi ditu, eta defentsak absoluzioa eskatu du

Antiaren eta Liguerzanaren aurkako zigor eskaera kendu egin du fiskalak, baina besteentzat sei eta bost urte eskatu dituDefentsak dio akusazioak susmoetan oinarritu direla eta ez dutela froga izaerarik

jokin sagarzazu
Madril
2012ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalean eginiko bost auzi saioetan ez da frogatu hamahiru auzipetuen etaETAren arteko loturarik zegoenik. Hala uste du, behintzat, hamahiru auzipetuen defentsak. Frogatuta geratu den egitate bakarra izan da auzipetuen lan politikoari «jazarri» dietela. Hala salatu du Jone Goirizelaia abokatuak. «Akusazioak erabili duen arrazoibideari jarraituz, ehunka euskal herritar egon beharko lirateke hemen eserita», nabarmendu du.

Atzo amaitu zen D3M eta Askatasuna auziko epaiketa. Hamahiru auzipetuen defentsak eta fiskalak ondorioen txostenak aurkeztu zituzten. Defentsak auzipetu guztien absoluzioa eskatu zuen; Vicente Gonzalez Mota fiskalak, berriz, hamaikarentzako zigor eskaerak jaitsi zituen, eta beste biri eginikoak kendu. Hori hala, «ETAren fronte politiko-instituzionaleko kide» izatea leporatuta, bederatzi urtetik sei urte eta erdira jaitsi die zigor eskaera Arantza Urkaregi, Eli Zubiaga, Iker Rodrigo, Imanol Nieto, Amparo Lasheras, Agurtzane Solabarrieta, Hodei Egaña, Unai Berrostegieta eta Zuriñe Zorrozuari; eta «kolaborazio» delitua leporatuta, zazpi urtetik bostera Jose Antonio Munduateri eta Xabier Isasari. Delitu bera leporatuta auzipetu zituzten Fernando Antia eta Aitor Liguerzana, baina orain auzitik kanpo utzi ditu, eta, beraz, aske geratu dira —Liguerzana preso dago, beste auzi batengatik—.

Fiskalak zigor eskaerak txikitu baditu ere, akusazio idatzian azaldutako tesia berretsi du azken ondorioetan ere. Azaldu duenez, auzipetuei ETAren «fronte politiko-instituzionaleko» kide izatea leporatzen zaie. Lotura hori frogatuko lukete, haren iritzian, auzipetuek «urteetan» egin dituzten jarduerak eta izan dituzten ardurak —legezko jarduna, auzipetuek aurreneko auzi saioan adierazi zutenez, eta gainontzeko saioetan perituek ukatu ezin izandutena—.

Alabaina, fiskalak frogatutzat eman du auzipetuek ETAk zehaztutako estrategiari jarraitu ziotela eta 2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira D3M plataforma eta Askatasuna alderdia sustatu zituztela. Kasu zehatz honetan, lege iruzurra egitea leporatu die. Hala, fiskalak azaldu duenez, auzipetuek bazekiten Alderdien Legeak ez zuela baimentzen alderdi bat sortzea «erakunde terrorista bati euskarri politikoa emateko». Baina, hala ere, hori egin zutela. Lehen auzi saioan auzipetuek adierazi zuten euren nahia «aukera politiko baten hutsunea» betetzea zela. Fiskalaren arabera, aukera politiko hori «ETArena» zela bazekiten auzipetuek.

Horren harira, gogora ekarri du Auzitegi Gorenak joan den astean kaleratutako Bateragune auziko epaia; bereziki, bost auzipetuen absoluzioa eskatzen zuen boto partikularra. Fiskalak nabarmendu duenez, hor jasotzen da ETAren eta auzi horretan auzipetutako bost lagunek estrategia ezberdinak zituztela. Kasu honetan, baina, ezin dela hori bera esan adierazi du. Hori hala, fiskalak epaimahaiari eskatu dio baztertzeko egungo testuinguru politikotik eratorritako edozein aukera eta ekitate printzipio, etalegaltasuna eta segurtasun juridikoa soilik kontuan hartzeko.

Defentsak errotik ukatu ditu fiskalaren akusazioak. Goirizelaiak gogoratu du fiskalak ez diela ETAko kide izatea leporatu auzipetuei; «ETAren aginduetara sortutako beste egitura batzuetan» parte hartzea baizik. Abokatuak nabarmendu duenez, baina, auzi saioetan ez da frogatu auzipetuek zein egituretan eta nola parte hartu zuten. «Egitura horien existentzia bera ere ez da frogatu». «Eta fiskalak, hori ezin duenez frogatu, plataforma horiek martxan jartzea leporatzen die», esan du Goirizelaiak.

Alderdien Legea dela eta, fiskalak emandako azalpena legearen xedearen aurkakoa dela esan du abokatuak. «Legeak ez du esaten parte hartzea debekatzeko helburua duenik. Aldiz, lege hori eginda dago parte hartzea bermatzeko. Eta, gainera, alderdiak legez kanporatzeko, epaiketa bat egin behar da». Hori hala, abokatuak gogora ekarri du Auzitegi Gorenak legez kanporatu arte D3M eta Askatasuna legezkoak zirela eta, beraz, baita auzipetuen jarduna ere. «Legez kanporatu zituztenean auzipetuetako asko espetxean zeuden. Gainera, plataforma horiek ez zuten euren jardunarekin jarraitu», gogoratu du.

'Egunkaria' eta Udalbiltza

«Aurretiaz eraikitako ideia batean oinarritzen da auzi hau: parte hartzea galarazi nahi zen nola edo hala», nabarmendu du Goirizelaiak. Haren iritzian, auzi honen helburua zein den ezagutzeko, beharrezkoa da haren jatorria aztertzea. Gorizelaiak nabarmendu duenez, legez kanporatzea eskatzeko Goreneko fiskalak ad hoc aurkeztutakotxostenak erabili ditu Auzitegi Nazionaleko fiskalak, bestelako prozedura baterako; zigor prozedurarako, alegia. «Hemen ez dira ideiak epaitzen, auzipetuek egin dituzten ustezko delituzko egitateak baizik», esan du Goirizelaiak. Horren harira,akusazioaren ahuldadearen adibide gisa jarri du, besteak beste, txosten horietan 200 izen baino gehiago azaltzen direla, eta hamahiru lagun auzipetu dituztela, haien auzipetzea arbitrarioa izan dela agerian utziz. Esaterako akusazio txostenen oinarri diren agiriak auzipetuak izan ez diren hainbat pertsonaren etxebizitzetan atzeman zituztela gogoratu du, 2007. urtetik hainbat pertsonari jarraitu dietela, entzuketak egin dizkietela... Horrek erakutsiko luke auzi honen helburua ezker abertzalearen lan politikoari «jazartzea» dela, Goirizelaiaren aburuz.

Jone Goirizelaiaren azalpenen osagarri gisa, Kepa Landa abokatuak Udalbiltza eta Egunkariaauzietako absoluzio epaiak ekarri ditu gogora. Kasu honetan ere, talde terroristako kide izatearen akusazioaren oinarrian polizien hipotesia baino ez dagoela azaldu du Landak. Akusazioaren tesia auzipetu batzuen eta ETAren «bat egite ideologikoan» oinarritzen dela gogoratu du; «eta hori ez da inongo delitua», nabarmendu du, Udalbiltza auziko epaia gogora ekarriz. Abokatuaren arabera, gainera, frogatutzat eman daitezkeen gertaerak ez dira zigortzeko modukoak, betiere legezkoak izan baitziren.

Hori hala, Landak kritikatu egin du froga perizial guztia, esanez zantzuak egoteak ez duela zertan hautsi errugabetasun presuntzioa. Hala, poliziek aurrena ondorioa atera zutela eta gero ondorio horri eusteko froga bila saiatu zirela salatu du. Landaren arabera, ez da zilegi «zantzua zantzuaren gainean jarrita ateratzen den ondorioa frogatzat jotzea». «Zantzuetatik ondorio arrazionalak atera behar dira. Ezin dute izan arbitrarioak, absurdoak eta funtsik gabeak», esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.