Bizkaiko Fiskaltza Getxoko (Bizkaia) haur eskola bateko hiru langile ikertzen ari da, haurrei «tratu txarrak» ematea egotzita. El Correo egunkariak eman du salaketaren berri; horren arabera, haur eskola horretako beste langile batzuek aurkeztu dute salaketa.
Getxoko haur eskola horretan 0 eta 2 urte arteko haurrak zaintzen dituzte, eta salatu dituzten gertaerak iazko ikasturtean jazo ziren. El Correo-k aipatutako dokumentuan adierazten dutenez, akusatuei leporatzen diete haurren aurkako «indarkeriazko ekintzak» egitea, hala nola beste haur batzuei kosk egiten zieten haurrei esku ahurrarekin ahoan jotzea eta «jarrera desegokia» zuten haurrei ipurmasailean edo masailean jotzea.
Horrez gain, hainbat motatako «umiliazioak» egitea ere egozten diete; besteak beste, siestaren orduan haurrak lo zakuaren barren-barrenera sartzea, kanpora irten nahian nekatu zitezen; eta otorduetan indarra erabiltzea haurrak «jatera behartzeko». Fiskaltzaren dokumentuaren arabera, ekintza horiek ez diete haurrei kalte fisikorik edo psikologikorik eragin. Gertaera horiek ikertu ez ezik, zentroko zuzendaritza horien jakitun ote zen ere argitu asmo du Fiskaltzak.