Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Adierazi EH herri ekimenak larunbat honetarako "eskubide guztien" alde deitua duen manifestazioa debekatzeko eskatu du. Izan ere, haren ustez, Batasuna legez kanpoko alderdi politikoaren "oinordekoa" da Adierazi EH, "eta ETAren aginduak segitzen ditu. Erakunde terroristaren estrategia babesteko eta etakideen ekintzak justifikatzeko deitu du martxa".
Herri ekimenean ETAkoak diren edo erakunde armatukoak izatea auzipetuta dauden lagunak daudela adierazi du Fiskaltzak. Besteak beste, martxak Tasio Erkizia, Niko Moreno eta Marian Beitialarrangoitiaren babesa duela dio. Polizia txostenetan, berriz, Karmelo Landa, Amaia Esnal, Unai Beaskoetxea, Julen Arzuaga, Eli Zubiaga, Oiakue Azpiri edota Olatz Carroren izenak aipatu dituzte "herri plataformaren kudeatzaile", Efe berri agentziaren arabera.
Hain zuzen, Javier Zaragoza fiskal nagusiak egin du idatzia, eta Ismael Moreno epaileari eskatu dio, debekua emateaz gain, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari agintzeko martxa egin ez dadin neurriak hartzeko.
Bilbon izango da manifestazioa, Denontzako eskubide guztiak Euskal Herri osoan lelopean; 17:30ean hasiko da, Aita Donostia plazan. Atxikimendua agertua dute, esaterako, ezker abertzalea, Aralar, EA, Alternatiba, Lokarri, ELA, LAB, EHNE, AAM, Gazte Independentistak eta Gazte Abertzaleak eragileek.
Lehengo larunbatean bertan ekimenak babes handia jaso zuen, eta eskaera batzuk egin zituzten: bizitza eta askatasuna, euskal presoak Euskal Herrira, kondena bete dutenak eta gaixorik daudenak kalera, inkomunikazioa eta torturak gelditzea, adierazpen askatasuna (pertsona guztiak, proiektu guztiak, aukera guztiak), alderdi eta erakundeen legalizazioa, auzi eta sententzia guztiak indargabetzea.
Aurtengo urtarrilaren 30ean aurkeztu zuten Adierazi EH eskubide zibil eta politikoen ekimen herritarra, Bilbon, Euskalduna Jauregian.
politika
Fiskaltzak Adierazi EHren larunbateko manifestazioa debekatzeko eskatu du
Herri ekimena Batasunaren "oinordekoa" dela dio fiskalak, "eta ETAren aginduak segitzen ditu". Bilbon izango da manifestazioa, 'Denontzako eskubide guztiak Euskal Herri osoan' lelopean. Askotariko atxikimenduak jaso ditu martxak; besteak beste, ezker abertzalea, Aralar, EA, Alternatiba, Lokarri, ELA eta LABena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu