Espainiako Fiskaltzaren iturriek gaur jakinarazi dutenez, "nahikoa oinarri" badute EHAK eta EAE-ANV alderdien legez kanporatzeak eskatzeko. Datuok joan den maiatzeko udal eta foru hauteskundeez geroztik bildu dituztela esan dute, eta haietako azkena Marian Beitialarrangoitia Hernaniko (Gipuzkoa) alkateak larunbatean Iruñean EAE-ANVren ekitaldian egindako adierazpenak direla -euskal preso politikoak "maitatu" egiten dituztela esan zuen Beitialarrangoitiak-. Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari eskatu dizkiote bi alderdiei buruzko txostenak.
EHAKren kontrako ilegalizazio eskaera "dagoeneko oso aurreratua" duela dio Fiskaltzak, eta aste honen bukaeran eska dezakeela. EAE-ANVri buruzkoa, hurrengo astean.
Horretaz gain, Fiskaltzak Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileari alderdi haien jarduerak eteteko eska diezaioke, eta Auzitegi Goreneko 61. Salari, berriz, bien behin-behineko suspentsioa. "Helburua, haiek Espainiako hauteskundeetara hautagaitzarik ez aurkeztea", diote Fiskaltzaren iturriek, Efe berri agentziak jaso duenez.
Politika
Fiskaltzak dio "nahikoa oinarri" baduela EHAKren eta EAE-ANVren legez kanporatzeak eskatzeko
Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak maiatzeko hauteskundeez geroztik egindako txostenetan oinarritu da. EHAKren aurkako ilegalizazio eskaera "oso aurreratua" du, eta aste honen bukaeran eska dezake. EAE-ANVri buruzkoa, datorren astean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu