Ekainaren 10ean, Floridako Estatuak idatziz jakinarazi zuen Pablo Ibarrentzako heriotza zigorra eskatzeko asmoa duela. Hain zuzen ere, Floridako Auzitegi Gorenaren aginduari jarraiki, Ibarri egingo zaion epaiketa antolatzeko egingo diren jarraipen konferentzien lehenengoan egin zuen jakinarazpena Floridako Estatuak. Egunotan, horren berri jaso du Pablo Ibar Heriotza Zigorraren Aurkako Elkarteak, eta balorazioa plazaratu du.
"Heriotza zigorrak, krudela, bidegabea eta iraingarria izateaz gain, ez dauka lekurik XXI. mendeko gizarte batean", elkarteak nabarmendu duenez. Ibar errugabea dela babestu du, eta erantsi "modu okerrean" jo zutela erruduntzat; horren ondorioz hamasei urtez heriotza korridorean egon dela gaineratu du.
Elkarteak gogorarazi du Floridako Auzitegi Gorenak onartu duela Ibarren aurkako frogak “urriak” eta “ahulak” direla. Halaber, Ibarren defentsak mozio sorta bat aurkeztu du, froga gisa onar ez daitezen bideoa eta ustezko zuzeneko lekukoen deklarazioak; eta errefusatua izan dadin Floridako Estatuak "legedi berri eta akastun baten babesean" ezarri nahi duen heriotza zigorra.