Bake Bideak, Foro Sozialak eta Harremanetarako Nazioarteko Taldeak atzo jakinarazi zuten topaketa bat egingo dutela maiatzaren 4an Kanbon (Lapurdi), "gatazkaren konponbidea aitzinatzeko". Ekitaldi horretan ez da izango Eusko Jaurlaritza, Josu Erkoreka bozeramaileak gaur jakinarazi duenez. Jaurlaritzak ez dio "garrantzia kendu" nahi ETAren desegiteari, baina, Erkorekaren hitzetan, Jaurlaritzak izan beharreko "lekua" ez dago ekitaldi horretan. Foro Sozialak adierazi du "sentitzen" duela Jaurlaritzak ez parte hartzea.
Hala ere, Jaurlaritzaren jarrera "errespetatu" egiten dutela adierazi du Agus Hernan Foro Sozialeko bozeramaileak. Adierazi duenez, erabakiak ez du "harritu", Eusko Jaurlaritzak Aieteko konferentzian (2011) eta ETAren armagabetzean (2017) izandako jokabidearen jarraipena islatzen duelako.
Hernanek aditzera eman duenez, Foro Sozialak nahiago luke Jaurlaritza Kanboko topaketan izatea, "herrialdearen normalizaziorako eta elkarbizitzarako mugarri" izango delako.
Bartzelonan egin ditu adierazpenok foroko bozeramaileak, ETAren armagabetzeari buruzko azterketa bat aurkezteko ekitaldian.
Goizean, Jaurlaritzako bozermaile Josu Erkorekak adierazi du "errespetatu" egiten duela ekitaldi hori. Espero du topaketa "soila" izatea eta "garrantzitsuenean" oinarritzea: "ETAren desagertzea argia eta behin betikoa izatea, eta biktima guztiak aintzat hartzea". Kanboko topaketa amaitzean, horri buruzko balorazioa egingo du Jaurlaritzak.
Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariak, berriz, jakinarazi du bihar batzartuko dela gobernua, eta bertan erabakiko dutela gobernuaren izenean norbait joango den Kanbora. Hala ere, Baionan iaz ETAren armagabetzearen harira eginiko ekitaldiari erreferentzia eginez, Barkosek gogorarazi du "antzeko eszenaratze batean" Nafarroako Gobernuak ez zuela parte hartu.
EAJ, ordea, izango da Kanbon, alderdi gisa. Europa Press agentziak atzo iluntzean EAJren iturriak aipatuz zabaldu zuenez, jeltzaleek ez dute oraindik gonbidapen ofizialik jaso, eta ez dute erabaki nor joango den alderdiaren ordezkari gisa, baina baieztatu dute joatekoak direla.
ELA sindikatuak ere baieztatu du Adolfo Muñoz Txiki idazkari nagusiak parte hartuko duela topaketan.
ETAren desegiteaz mintzatu da Alfonso Alonso PPko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako presidentea ere. Uste du "bide luzea" egin beharra dagoela oraindik, "ETAk ereindako gorroto hazia desegiteko". Alonsok uste du ETAk aitortu behar duela "bere helburua ere maltzurra" zela, eta erantsi du ETAren desegitea "faltsua" izango dela "beste batzuen esku utzi nahi duelako bere proiektu onartezinaren lekukoa".
Gainera, EAJri eskatu dio "hausnartzeko" Kanbora joateko erabakiaren inguruan: "Ez da zentzuzkoa euskal herritarren ordezkari aske eta demokratek parte hartzea". Erantsi duenez, EAJ Kanbora joango da "ETAri agur bero bat ematera".