Foro Sozialak «agendan» sartu nahi du iheslarien itzulera ere

Erakundeei galdegin die «erraztu» dezaten prozedura judizialik ez dutenen edo kausak preskribatuak dituztenen itzulera. «Irtenbide juridiko bat» eskatu du deportatuentzat

maddi ane txoperena iribarren
2021eko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Foro Sozial Iraunkorraren ustez, Joseba Sarrionandia eta Agustin Azkarate iheslarien Euskal Herrirako itzulerak eta Josu Lariz Iriondo deportatuak Kaxa hutsak dokumentalean aletzen dituen testigantzek agerian utzi dute 37 euskal herritarrek —foroaren arabera, 29 iheslarik eta zortzi deportatuk— bizi duten egoera, eta, hortaz, presoenaren gisan, «motibazio politikoko iheslarien auzia ere konponbidearen agendan sartzeko» eskatu du. Foroak azaldu duenez, izan ere, «arazo ezezaguna» da iheslari eta deportatuena, «agenda mediatikotik kanpo» dagoena, eta «oso zaila» da afera horretan «konponbide kolektibo baten norabidean aurrera urratsak egitea».

Foro Sozialaren hitzetan, «bi zailtasun nagusi» daude iheslariak jatorrizko herrietara ez itzultzeko arrazoien artean. Alde batetik, foroak salatu du Espainiako Auzitegi Nazionalak herritar horien abokatuei «ukatu» egiten diela euren «espediente judizialetarako sarbidea». Bertzalde, foroak gaitzetsi du auzitegiek preskripzioa era «bihurrian» erabiltzen dutela, epeak «etengabe» luzatuta «pertsona asko itzulerarik gabeko egoeretara kondenatzen» baititu.

Foro Sozialak gogorarazi duenez, iheslarien kolektiboak 1998an erabaki zuen Euskal Herrira itzultzen hastea, eta geroztik 201 euskal herritar itzuli dira beren jaioterrira. Itzulera horiek iheslarien euren «borondatean» oinarritu dira, ordea, eta hala izan da Sarrionandiaren eta Azkarateren kasuan ere, foroaren hitzetan.

Foro Sozial Iraunkorrak iheslarien gaiari eutsi zion 2018ko urtarrilean Irunen (Gipuzkoa) egindako IV. batzarraren bigarren zatian, eta bilera hartan egindako gomendioak egin dizkie berriz ere erakundeei: prozedura judizialik ez duten edo dagoeneko preskribatuta dauden prozedurak dauzkatenen itzulera «erraztea»; «torturaren bidez lortutako testigantzetan oinarritutako akusazioak soilik» dituztenen itzulera «bermatzea»; «deportazio zigorra» dutenen kasuan, justizia trantsizionalaren bidez «irtenbide juridiko bat artikulatzea»; Espainiako Auzitegi Nazionalak abokatuei informazio juridikoa helaraztea, iheslarien «erregularizazio juridikoa» lortzeko, eta preskribatzear dauden prozedura judizialak «errepresio helburuekin» ez erabiltzea.

Covitek itzulera gaitzetsi du

Covite Euskal Herriko Terrorismoaren Biktimen Kolektiboak, berriz, gaitzetsi egin du Sarrionandia eta Azkarate Euskal Herrira itzuli izana. Taldearen hitzetan, hain zuzen, itzuli berri diren bi euskal herritarrek «30 urtez baino gehiagoz egin diote ihes justiziari», eta, haien kasuak preskribatuta egonik, euren «biktimek» ez dute «justiziarik» izanen. Era berean, Covitek arbuiatu egin du bi iheslariei «errefuxiatu politiko» deitzea, «hiltzaileak edo hilketen konplizeak» baitira, elkartearen hitzetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.