konponbideari begira

Foro Sozialak dio ETAren armagabetzearen bidez "azken faseari ekiteko garaia" dela

Ekitaldi publiko bat egin du Donostian, Aieteko Bakearen Etxean. Armagabetzerako eta armategi suntsiketarako arduradun instituzionalen, alderdi politikoen, gizarte zibileko eragileen eta nazioarteko komunitatearen parte hartzea eskatu du. "Prozesua arrazoizko epe eta adostutako egutegi baten barruan egin behar da". Espainiako eta Frantziako gobernuen "jarrera oztopatzailea" salatu du. Eragile politiko, sindikal eta sozial asko elkartu dira. Bideoa albistearen barruan.

jarraia128000.jpg
enekoitz esnaola
2016ko urriaren 22a
08:57
Entzun

[youtube]https://youtu.be/2PzGkkJsNT4[/youtube]

Foro Sozialak izaera iraunkorra hartu du gaur Donostian, Aieteko Bakearen Etxean egindako bilkuran, eta zehatz adierazi du gatazkaren ondorioen arloan "azken faseari ekiteko garaia" dela, "lehenbailehen [ETAren] erabateko armagabetze egoera batera igaro ahal izateko armategien suntsiketa bidez". Armagabetzea "baldintza egokietan" gauzatu behar dutela dio Foro Sozialak. Horretarako, "batetik, prozesuan parte hartzen duten guztientzat segurtasun bermeak ezinbestekoak dira, eta, bestetik, arduradun instituzional, alderdi zein gizarte zibileko eragileen eta nazioarteko komunitatearen parte hartzea ere ezinbestekoa da".

Azken zortzi hilabeteetan askotariko eragileekin bilera ugari egin du Foro Sozialak, eta esan du eragile denek diotela "ETAren armategien suntsiketa bidezko erabateko armagabetze prozesuan aurrera egiteko adostasuna" dagoela. Halaber, "prozesua arrazoizko epe eta adostutako egutegi baten barruan" egin behar dela ere iritzi diote eragileek, Foro Sozialak azaldu duenez. "Prozesuak, nazioarteko egiaztapena ere behar du".

"ETAk jarduera armatua utziz geroztik bost urte igaro diren honetan, ETAk euskal gizartearekiko, eragile instituzional, politiko, sindikal eta sozialekiko armagabetze prozesu bat abiatu behar duela deritzogu, helburu batekin: erabateko eta behin betiko armagabetzea gauzatzea". Agus Hernanek eta Aitzpea Leizaolak eman dituzte bilgunearen ondorioak ekitaldi publikoan. Foroak jakinarazi du "armagabetzerako ETAren ordezkari" David Pla presoarekin bilera egiteko eskaera bideratu diotela Frantziari. Pla Parisen dago preso. Iazko irailean atzeman zuten, Baigorrin (Nafarroa Beherea).

Espainiako eta Frantziako gobernuen "jarrera oztopatzailea" deitoratu dute. "Antzeko kasuetan erabili diren nazioarte mailako estandar guztiak hautsi dituzte bi gobernuek. Armagabetze ordenatu bat ez izateko asmorik ez dutela baiezta dezakegu".

Aurrera egiteko, beste eragileen arteko elkarlana eta akordioetarako borondatea eskatu dituzte. "Instituzioen, gizarte zibilaren, eta Nazioarteko Egiaztatze eta Jarraipen Batzordearen arteko akordioetatik etorriko da konponbidea".

Foro Sozialak Nafarroako eta EAEko legebiltzarkideei eta Iparraldeko hautetsiei eskatu die laguntzeko prozesuan, eta, hauteskunde zikloa aintzat hartuz, ohartarazi die "denbora tarte mugatua" dutela: 2019ko maiatza artekoa –udal eta foru bozak izango dira orduan Hego Euskal Herrian–.

Eragile politiko, sindikal eta sozial asko elkartu dira Bakearen Etxean, Ghandi aretoan. Duela bost urte nazioarteko konferentziaren bilera gela berean egin zuten, eta ondoren jakinarazi zuten Aieteko Adierazpena. Foro Sozialak bilera egin ondotik, eguerdian ekin dio ekitaldi publikoari. EAJtik Andoni Ortuzar eta Joseba Aurrekoetxea izan dira, EH Bildutik Arnaldo Otegi, Maddalen Iriarte, Pello Urizar, Rebeka Ubera, Rufi Etxeberria edota Arkaitz Rodriguez, Elkarrekin Ahal Dugu-tik Pili Zabala, ELAtik Adolfo Muñoz, LABetik Ainhoa Etxaide...

HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeko Brian Currin, Alberto Spektorowski eta Raymond Kendall ere izan dira, baita Berghof fundazioko Veronique Dudouet ere. Currinek adierazi du euskal eragileen artean "akordiorako aukera" ikusten duela, "baldintzak" badaudelakoan. "ETAk armagabetzeko borondatea du, eta Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak armagabetze prozesuan parte hartu nahi dute". Presoen auzian "aurrerapen txikia" izan dela azaldu du, eta biktimen arloan gizartearen lana goretsi du. Foro Soziala ere goraipatu du, bi estatuen jokabidea txarrestearekin batera.

Foro Sozialeko kideak

ELA, LAB, CCOO, Steilas, Bakea eta Duintasuna, Sare, Baketik, Etxerat, Gernika Batzordea, Uharan, Bake Bidean, Egiari Zor, Ahotsak eta Antxeta Irratia dira Foro Sozial iraunkorrean parte hartuko duten eragileak. "Bake prozesuan ikusle izatetik aktore izatera pasatu nahi dugu".

Beste hamalau herritar ere izango dira bilguneko partaide: Nazario de Oleaga, Aitzpea Leizaola, Iñaki Lasagabaster, Iñaki Gonzalez Murua, Iñaki Olalde, Fernando Vaquerizo, Jose Luis Uriz, Andoni Serrano, Fernando Armendariz, Begoña Uharte, Carlos Aitor Yuste, Juanje Soria, Roberto Oiz eta Txemi Perez.

Foroak aitortu du taldean "hainbat aktore eta sentsibilitate falta" direla. "Zerrenda hau zabaltzeko asmoa eta borondatea agertu nahi dugu gaur".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.