Biktimak

Foro Sozialak hitzaldia antolatu du Ipar Irlandako biktimekin egin den lana ezagutarazteko

Nafarroako Parlamentuan izango da saioa. IRAren biktima eta Wave Trauma Centre elkarteko kide Alan McBridek eskainiko du, hilaren 22an.

Foro Sozialaren agerraldia, joan den ostegunean, Gasteizen. JUANAN RUIZ, ARGAZKI PRESS
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko otsailaren 17a
17:19
Entzun 00:00:0000:00:00

Biktimen ekarpena bizikidetza eta elkarbizitzari izenburupean, hitzaldia antolatu du Foro Sozialak, hilaren 22rako, Nafarroako Parlamentuan. Elkarteak udazkenean egingo duen V. Foro Sozialari begirako ekitaldia da, hura ere biktimei buruzkoa izango baita, Egia ezagutzeko eskubidea, biktimen aitortzarako eta erreparaziorako tresnak lelopean.

Hurrengo osteguneko saioan, Alan McBride IRAren biktimak hartuko du hitza. Bere emaztea eta aitaginarreba galdu zituen, IRAk 1993an Belfasten egindako ekintza armatu baten ondorioz, Shankill Roaden. McBride Wave Trauma Centre elkarteko kidea da. Ipar irlandan, indarkeria politikoaren biktimei babesa eta arreta emateko erakundea da aipatutakoa, eta haren berri emango du McBridek, Iruñean. Nafarroako Parlamentuko erabilera anitzeko aretoan, izango da hitzaldia, 18:30ean hasita.

Wave Trauma Centre 1991tik ari da indarkeria politikoen biktimei babesa eta laguntza ematen. Eta orain dela urte batzuetatik, Ipar Irlandako gatazken garaietan zauritutako eta traumatizatutako umeekin eta nerabeekin lan egiten hasi ziren.

Foro Sozialak nabarmendu du saioaren helburua "gizarte osoari ekarpena egitea" dela, "gatazkan gertatutako guztia jorra dezan ahalik eta ikuspegirik integralena izanik". Elkartearen esanetan, "hori baita bermerik onena inoiz gehiago errepika ez dadin". Hala, "sufrimendu guztien erreparazioa" galdegin du. "Biktima guztiek egia, justizia eta erreparazio eskubidea dute, baina adiskidetze soziala eraiki nahi duen errail zentrala aurrera egin ahal izateko, gai hau lubakien posizioen eztabaidatik atera behar dugu".

Udazkeneko V. Foro Soziala prestatze aldera, hilaren 24an beste saio bat antolatu du elkarteak. Jatorri desbesdineko indarkeriaren biktimak elkartuko ditu Gasteizen.

Bestalde, hurrengo ostegunekoa ez da izango Nafarroako Parlamentuak Foro Sozialaren saio bat hartzen duen lehen aldia. 2016ko azaroaren 4an biktima ugari bildu zituen parlamentuan, eta 2017ko apirilaren 5ean toturatutako bost emakumeren testigantzak entzuteko aukera izan zen bertan.

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.