biktimak

Foro Sozialak ondorioztatu du 482 direla gatazkan argitu gabeko heriotza kasuak

Jaurlaritzaren, Coviteren edota Euskal Memoriaren azkerketak hartu ditu aintzat. Biktima denentzako egia eta aitortza eskatu du, eta bizikidetzraako akordioa eskatu du.

Teresa Toda, Nekane Alzelai, Fernando Armendariz eta Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko kideak, Donostian. BERRIA
enekoitz esnaola
2018ko martxoaren 17a
08:11
Entzun

Foro Sozial Iraunkorraren lan baten arabera, 482 dira euskal gatazkan argitu edo ebatzi gabeko heriotzak kasuak. Hala esan du gaur Donostian Miramar jaurregian egindako prentsaurreko batean. Eusko Jaurlaritzaren, Coviteren, Euskal Memoriaren, Amnisty Internationalen edota ETAren biktimen beste elkarte batzuen azkerketak aztertu eta datuak gurutzatu ditu, eta horrela ondorioztatu du 482ko zifra. Jaurlaritzak dio 220 heriotza daudela argitu gabe, Covitek 359 eta Euskal Memoriak 123. Azterketa horietako kasu batzuk berdinak dira.

Foro Sozialak emandako datuek diote ETAk eragindako heriotzen %23,2 daudela argitzeke, BVErenak %24,29 eta GALenak %37.

"Konplexutasun handiko gai bat da", aitortu du Teresa Toda foroko kideak. "Beharrezkoa da biktima guztiei bermatzea egia, justizia eta erreparazioa". Fernando Armendariz, Agus Hernan eta Nekane Alzelai ere mintzatu dira agerraldian. "Sufrimendua izugarria da". Tortura kasuak ere aipatu dituzte, bide batez, eta gogoratu dute Jaurlaritzak 4.113 tortura salaketen berri eman zuela iaz.

Biktima askorekin egon direla esan dute, eta nabarmendu dute euren ustez haietako "gehien-gehienak mendeku eta errebantxa planteamenduetatik oso urruti" daudela. "Bizikidetza sozialaren alde daude, eta haien eskaera nagusia egia jakitea da, eta egiaren bidez erreparazio instituzionala eta soziala nahi dute”.

482 heriotz horien argipenak hiru arlori erantzun beharko lioke, Foro Sozialaren arabera: egia jakitea, biktima guztien berdintasuna eta denei aitortza bera; eta presorik gabeko bizikidetza eraikitzea. Horretarako, funtsezkotzat jo dute akordio bat lortzea instituzioen, gizarte zibilaren eta biktimen artean.

“Eztabaida lasai bati ekitea nahi dugu. Premiazkoa da hitzak ere desarmatzea”, esan du Hernanek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.