Autogobernua

Foru Hobekuntza berritzeko lantaldea sortzea onartu dute

PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak alde bozkatu dute, eta UPNk, PPk eta Vox-ek kontra. Azaroaren 17an jarriko da abian.

Foru Erregimeneko batzordea, gaur. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2023ko urriaren 24a
18:35
Entzun

Hemezortzi urte geroago, Foru Hobekuntza aztertzeko eta berritzeko lantaldea osatuko da berriz Nafarroako Parlamentuan. Arratsaldean, Foru Erregimeneko batzordean PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak aurrera atera dute lantaldea osatzeko eurek egindako eskaera; aldiz, UPNk, PPk eta Vox-ek kontra bozkatu dute.

Urrats hori eginda, azaroaren 7an talde bakoitzak lantalderako ordezkaria eta haren ordezkoa izendatu beharko dituzte, eta azaroaren 17an, 12:15ean, abian jarriko da lantaldea. Sei hilabete izango dituzte ondorioen txosten bat lantzeko, baina epemuga luzatzeko aukera izango dute.

Gaurko eztabaidan, Geroa Baiko Pablo Azkonari egokitu zaio lantaldearen sorrera defenditzeko ardura. Azkonak gogora ekarri du 2021eko azaroan onartutako ebazpen batean lantaldea osatzea galdegin zitzaiola parlamentuari eta udan hitzartutako akordio programatikoan ere eskari hori jaso zutela. Eztabaida «irekia, parte hartzailea eta gardena» izatea nahi du, aldez aurretik «inolako mugarik ezarri gabe». Bere hitzetan, Geroa Baik bilatuko du, oraingoarekin alderatuta, etorkizuneko Foru Hobekuntza «sentsibilitate politikoen topagune hobeagoa» izatea.

Ikusi gehiago:Denak berdin segi dezan

Azkonak gogora ekarri du 1982an Foru Hobekuntzaren negoziazio prozesuan ez zutela orduko legebiltzarreko talde guztiek parte hartu eta amaieran ez zela herri galdeketarik egin. Edukiari dagokionez, hitzartutako eskumenen esparruan, «gabeziak» izan zituela uste du. Lau hamarkadotan, oraindik ere eskumen ugariren transferentzia «egiteke» dagoela aipatu du, eta estatuak Nafarroaren erabaki esparrua urratu egin duela, parlamentuan onartutako lege ugariKonstituzionalera eramanez eta oinarrizko araudiekin autogobernua mugatuz.

«Hobe berandu inoiz ez baino», adierazi du Laura Aznalek. Bere ustez, lantaldea eratuta, «EH Bilduren aldarrikapen historikoa» aintzat hartu da, azkenik. Herritarren borondatea eta erabakitzeko ahalmenaren errespetua oinarri hartuta, «beharrezko eztabaida» da EH Bildurentzat eta haren helburuetako bat da herritarren eskubideetan sakontzea.

«Demokratizazioaren prozesu hau sendotzea ez da soilik agenda subiranistaren eta independentistaren gaia, Uste dugu beste indarrekin eta sektoreekin zerumuga hori partekatu dezakegula, ongizate orokorraren aldeko indarrak batuta». Aznalek azpimarratu du erabaki oro herritarren eskuetan egon behar duela: «Etorkizuna behetik gora eraiki nahi dugu». Mugarik gabeko eztabaidaren alde egin du eta Nafarroako estatus politikoa aldatzeko aukera ere hizpide izan du.

PSNren marra gorriak

PSNk, aldiz, eztabaida horren esparrua markatu nahi izan du. Eskuinetik etorriko zitzaizkion kritiken jakitun, PSNko Ramon Alzorrizek argi utzi du Foru Hobekuntzaren lehen artikulua ez dutela ukituko. «Esparru konstituzionalarekiko leial mantentzen gara». Aurreko egunetan adierazi bezala, zehaztu dueuskararen arloan egungo legedia babestuko dutela: «Euskara zainduko eta sustatuko dugu baina gure lurraldearen errealitate soziolinguistikoa eta herritarren borondatea aintzat hartuta».

Uste du beharrezkoa dela duela 41 urteko legedia «eguneratzea» eta horregatik ez du ulertzen zerk eragiten duen hainbeste asaldura: «Zergatik da txarra legediaz hitz egitea?».

UPNko Javier Esparza poztu egin da PSN ez dagoelako prest Nafarroako estatus politikoa aldatzeko. Alta, bere ustez, PSNk «garaipen bat oparitu die EH Bilduri eta Geroa Bairi». «Eztabaida hau ireki nahi zuten, independentziaz, erabakitzeko ahalmenaz eta estatusaz hitz egiteko aukera ematen dielako». Bere ustez, PSNk eztabaida honi baiezkoa adierazi dio Txibiteren inbestidura ahalbidetzeko trukeetako bat izan delako. «Interes alderdikoi bati erantzuten dio».

Esparzak ez dio uko egin eztabaidari eta zerbait aldatu behar bada aldatzeko prest direla gaineratu du. «Nafarroari zer eskumen falta zaizkion aztertuko dugu».

PPk gehiengoa du Senatuan

PPko Javier Garciak uste du lantaldea alderdi sozialista «ahul» baten ondorio dela. «Zergatik ireki duzue eztabaida hau? Nazionalistei men egin diezuelako». Garciak gogora ekarri du Foru Hobekuntzan egindako edozein aldaketa Espainiako Gorteetan onartu behar dela eta PPk gehiengoa duela Senatuan. «Sozialistek amore eman dute, eta guk geraraziko ditugu nazionalisten asmoak».

Kritika horien aurrean, Zurekin Nafarroako Carlos Guzman Foru Hobekuntzaz «lasaitasunez eta patxadaz» eztabaidatzearen alde mintzatu da. Ezkerreko koalizioaren helburua izango da gizarte eskubideetan sakontzea eta Nafarroako sistema demokratikoa erradikalizatzea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.